Euskal Herriko Emakume Sortzaileen Gabonetako azoka berezia egingo da abenduaren 10ean eta 11n Zerkausian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/12/05 | Berdintasuna
  • Nomadak gaitun izeneko azoka ibiltari honek, eskulangintza oinarri, Euskal Herriko emakumeek ekindako proiektu pertsonalak jasotzen ditu, txikiak, jasangarriak eta bertakoak: moda, bitxigintza, zeramika, irudigintza, kosmetika…
  • Azoka hori emakumeek eginiko sormen produktuen erakusleihoa da, lan hori balioan jarri eta ikusarazteko eta, aldi berean, sormenaz gozatu eta ahalduntzeko espazioa eskaintzea du helburu.  

 

Datorren abenduaren 10ean eta 11n, Zerkausian, Euskal Herriko Emakume Sortzaileen Gabonetako azoka berezia izango da ikusgai. “Nomadak gaitun” izenpean, azoka ibiltaria da hau eta Euskal Herriko beste hainbat herri bisitatu ostean, Tolosan izango da asteburuan, euskal emakume ekintzaileek sortutako produktuak eskainiz.

Azokak jasotzen dituen produktuak eskulangintza dute oinarri eta guztiak proiektu pertsonalak dira, txikiak, jasangarriak eta, bereziki, bertakoak. Hori horrela, moda, bitxigintza, zeramika, irudigintza edota kosmetika postuak egongo dira azokan, besteak beste. Horrez gain, landako emakumeek eta TAFek ere tabernatxo bat jarriko dute, azokari giro berezia emateko.

Azoka honen helburua da, hain zuzen, emakumeek eginiko sormen produktuen erakusleihoa  izatea, lan hori balioan jarri eta ikusarazteko, eta, aldi berean, sormenaz gozatu eta ahalduntzeko espazioa eskaintzeko.

Izan ere, gero eta emakume sortzaile gehiago daude Euskal Herrian, eta horietako askok, eskulangintza oinarritzat hartuz, artisau produktu fisikoak sortzen dituzte. Ekintzailetza horren atzean, baina, beste lanpostu batzuetan bezala, askotan, genero bazterkeria edota zailtasunak dira nagusi eta hain zuzen, horiek baztertu eta emakume ekintzaileen lana balioan jarri eta indartzea du helburu “Nomadak gaitun” azoka bereziak.

Eguberrien atarian, beraz, Euskal Herriko emakume sortzaileen azokak opari berezi eta paregabeak egiteko aukera eskainiko die tolosarrei, kontsumo jasangarri eta arduratsu baten alde eginez, bertako produktuen kontsumoa bultzatuz eta, gainera, emakume sortzaileen lana indartuz.

“Nomadak gaitun” azoka berezia Dinagu kolektiboaren gidaritzapean egingo da. Aipatu taldea, lau urteko ibilbidea duen Euskal Herriko emakume sortzaileen topalekua da eta emakume sortzaileen lanaren bisibilizazioan jarduten du, elkarlanari bide eginez elkarrekin ahalduntzeko, egoeraz hausnartzeko eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimen berriak sortzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA