- 1936tik aurrera frankismoaren garaiko testuinguru historikoan, emakumeek izan zuten zeregin aktiboa jasotzen da. Gerra eta frankismo garaiko kontakizunak 63 emakumeen aurpegiekin, tartean 5 tolosar.
- Asteartetik larunbatera bisita daiteke, 17:30etatik 20:30etara.
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “emakumeon kontakizuna zabaltzen ari gara historia berreskuratuz, isilik egon diren errelatoei ahotsa emanaz, eta bizi etzuenari, argazki argiago bat, gardenagoa eskaintzen, ondoren ondorioak egiazkoa eta osoa den oinarritik atereak izan daitezen; finean, memoria egiten”.
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren babesa jaso du Intxor 1937 Kultur Erkarteak garatutako proiektuak.
'Emakumeek Emana' erakusketa ibiltaria Tolosara iritsi da. Azaroaren 20a bitarte egongo da Aranburu Jauregian. Aurkezpenean erakusketaren protagonista diren 4 emakume tolosarrak izan dira, eta Olatz Peon Ormazabal alkateak, Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubideen Foru zuzendariak eta Intxor 1937 Kultur Erkarteko arduradunek hartu dute parte.
Emakumeak dira erakusketa honen protagonistak, 63 guztira; beraien argazkiak eta testigantzak. 1936tik aurrera frankismoaren garaiko testuinguru historikoan, emakumeek izan zuten zeregin aktiboa jasotzen da. Gerra eta frankismo garaiko kontakizunak emakumeen aurpegiekin, emakumeen ikuspegitik. Ikuspuntu eta ideologia ezberdinetatik.
Mauro Saravia argazkilariak egindako argazkiek osatzen dute erakusketa. 2015 eta 2016 ateratakoak dira, Intxor 1937 Kultur elkarteak emakumeon biografiak osatzeko egindako elkarrizketen uneetan.
Bertan azaltzen dira, besteak beste, gudu eremuaren, erbestearen, torturaren, espetxearen, errepresioaren eta bizirik irauteko estrategien inguruko narrazio eta bizipenak eta, baita ere, emakumezkoaren ikuspegitik betiere, antolatutako egitura sozialerako planteamendu eta aktibismoa. Erakusketa honekin ahalik eta gehien zabaldu nahi izan du Intxor 1937 Kultur Erkarteak asaldaketa, aldaketa eta injustizia handiko garai hartan emakumeek gizartean izan zuten “garrantzia erabakigarria”.
Emakume anitzek, joera politiko desberdinek, hainbat eremutan ibilitakoek eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaio eta bizitakoek osatzen dute erakusketa hau. “Ikuspegi ezberdina eskaini nahi da, errealitatea lubakietako borrokatik haratago baitoa. Euskal emakumeen memoriaz, historiaz eta haien sormen eta berritze gaitasunaz dihardu, sekula kontatu ez den eta berreskuratu beharra dagoen historian barrena ibilbidea eginez” dio Julia Mongek, Intxor 1937 Kultur Erkarteko kideak.
“Bakerako, berdintasunerako eta giza eskubideetarako hezkuntza demokratikoak memoriaren aldeko lana egitea exijitzen du. Lan honek emakumeen bizipenak aitortu nahi ditu, memoria kolektiboan kokatuz. Herriek erreskatatu behar den memoria dutela esan ohi da, tamalez askotan gure historiako kontakizunak gizonen ikuspuntua jaso dute soilik. Beraz memoria partziala jaso da, gizartearen erdia kanpo utzi baita”.
Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du oroimen historikoan ere emakumeen papera eta emakumeen bisioa “azalerazi, errebindikatu eta ezagutarazteko bidea” ematen duela: “Historia berreskuratuz, isilik egon diren errelatoei ahotsa emanaz, eta finean, memoria eginaz. Erakusketa honekin ari gara emakumeon kontakizuna zabaltzen, herritar orori ezagutarazten, eta bizi etzuenari, argazki argiago bat, gardenagoa eskaintzen, ondoren ondorioak egiazkoa eta osoa den oinarritik atereak izan daitezen”
Erakusketaren parte dira Tolosako 5 emakume: Cecilia G. de Guilarte, Mary Zagala, Pilar Garciandia, Miren Clemente eta Elixabete Nosellas.
CECILIA G. de GUILARTE (Tolosa, 1915 – Tolosa, 1989)
Idazle eta kazetaria. Iparraldeko Frontean kazetari lanetan aritu zen emakume bakarra. Frantziara eta ondoren Mexikora erbesteratua. Literatura-lan zabala egin zuen. Sonorako Unibertsitatean irakaslea izan zen. Itzuli zenean, La Voz de Españako literatura kritikoa izan zen.
MARY ZAGALA DE CARRANZA 1913an jaio zen Tolosan
Manuel de Irujoren bulegoan aritu zen lanean Eusko Jaurlaritzak Katalunian zuen egoitzan. Erbestean egon zen, Frantzian lehenengo eta Venezuelan ondoren. Emakume Abertzale Batzako kidea izan zen. Caracasen Euskal Zentroa bultzatu zuen eta senarrarekin, Carranzarekin batera aritu zen han. Senarra Eusko Jaurlaritzako Ordezkaria zen erbestean.
PILAR GARCIANDIA ANCIN 1919an jaio zen Tolosan
Gazte Sozialistetan afiliatuta, atxilotua eta faltsuki salatua izan zen. 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten.
17 urte besterik ez zituela, Tolosa eta Ondarretako kartzelak eta San José babes-etxea ezagutu zituen. 1940an, bere kausaren berrikuspenaren ondoren, behin-behineko askatasuna eman zioten.
ELIXABETE NOSELLAS ZABALEGI 1959an jaio zen Tolosan
Atxilotu eta Tolosako kuartelean torturatu zuten 16 urte besterik ez zituenean. Martuteneko kartzelan preso adin txikikoa izan arren. Bere testigantzari eta beste batzuenei esker, posible izan da kuarteleko agintaria zen Jesús Muñecas kapitain ohiaren kontrako kereila jartzea. Tolosan bizi da eta Alurr dantza taldeko koordinatzailea da.
MIREN CLEMENTE LOZARES 1943an jaio zen Tolosan
JOCeko (Juventudes Obreras Católicas) militantea eta Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga S.A enpresako epaimahaikidea izan zen. 1967an aktiboki hartu zuen parte Hernanin lan aldarrikapenen alde burutu zen lehenengo greban. Zirikatzaile izateaz akusatua eta kaleratua izan zen. Ez bera ez bere lankideak ez zituzten berriz lanean hartu.
Emakume guztien testigantzak hemen irakurgai: https://issuu.com/maurosaravia/docs/emeek_emana_catalogo/12
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren babesa jaso du proiektuak. Asteartetik larunbatera bisita daiteke, 17:30etatik 20:30etara.