Gipuzkoaren etorkizuna indartzeko gako berrien bila, berdintasun kongresua Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/02/05 | Berdintasuna

Feminismoa 4.0 nazioarteko kongresuan berdintasunaren aldeko eskaera sozialei jarriko diete arreta, otsailaren 14an eta 15ean, bostehundik gora parte-hartzailerekin

Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna kongresua otsailaren 14an eta 15ean egingo da Tolosako Leidor aretoan. Helburu batekin antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak: azken urteetan gizarte mailan indar berrituz azaleratu diren emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko eskaera sozialen inguruko analisia egitea. Aldundiak hala, bere ekarpena egin nahi du kongresuarekin, hausnarketarako eta topaketarako elkargune bat eskainiz eta, etorkizun ikuspegi batekin, berdintasunean sakontzeko agenda publikoan aurrera-pausuak ematen jarraitzeko.

Kongresuak gaian adituak diren lehen lerroko pertsonak ekarriko ditu Tolosara eta, hitzaldi eta panel ezberdinen bitartez, berdintasunaren aldeko mugimenduen egungo egoera eta erronkak ulertzeko analisi-elementuak jarriko dituzte mahaiaren gainean, aldi berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko politika publikoek kontuan hartu beharreko ikuspuntu eta proposamen berriak eskainiz. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoak kongresu honekin, hala erakunde nola lurralde mailan, Gipuzkoak berdintasunaren alde egindako apustua eta posizionamendua sendotu nahi du. Kongresuak gainera, legealdiaren amaierako hausnarketa jardunaldi gisa ere balioko du, berdintasunaren aldeko lana politika publikoen lehen lerroan kokatzeko egindako ahaleginaren balorazioa eginez eta erronka berrietara begira jarriz.
 

Erreferentziazko hizlariak eta 500 partaidetik gora

Bostehun pertsonatik gora elkartuko dira datorren astean Leidorren bi egunez egingo den nazioarteko topaketa honetan. Ekonomia, politika publikoak, zaintza lanak, indarkeria matxista ala agenda feminista globala aintzat hartuz, mugimendu honen irakurketa sozial ezberdinak eskainiko dituzte adituek. Kongresuak gainera modu berezian jarriko du fokua Berdintasun Organoak urte hauetan landu dituen ildo estrategikoen gainean: emakumeen kontrako indarkeria, kontziliazio erantzunkidea eta tokiko administrazioko lana.

Ponentzia nagusietan parte hartuko duten adituak dira: Rosa Cobo (A Coruñako Unibertsitateko irakaslea, Espainia), Antonella Picchio (Modena e Reggio Emilia Unibertsitatea, Italia), Angela O’Hagan, Glasgow Caledonian University, Eskozia) eta Teresa Torns (Universidad Autónoma de Barcelona, Katalunia). Ponentzien osagarri, Euskadiko eta Estatu mailako mugimendu feministako, eragile sozialetako, enpresa munduko, politikako eta administrazio publikoko pertsona nabarmenek hainbat paneletan hartuko dute parte.

Informazio gehiago jaso eta izen-emateak bideratzeko, Berdintasunerako Organoak webgunea jarri du eskuragarri: bit.ly/2UFPnmD .

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA