Hiru ekitaldi, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/03/04 | Berdintasuna
  • Tolosako Asanblada Feministak manifestazioa deitu du martxoaren 8rako, 19:00etan Trianguloan, eta Numen Dantza Eskolak dantza-saioa eskainiko du.
  • Saharar erresilientziari buruzko ‘Insumisas’ dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, eta Iñurri elkarteak sustatutako bertso saio musikatua izango dira. 

 

Ostirala, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, feminismoa ardatz izango duten aldarrikapen eta kultur ekitaldiak izango dira datozen egunotan, Tolosako Udalak eta Asanblada Feministak elkarlanean antolatuta.

Aldarrikapen eguna izango da ostiralekoa. Tolosako Asanblada Feministak deituta, manifestazioa izango da, ‘Feminismoa ardatz, gure bizitzekin negoziorik ez!’ lelopean, eta 19:00etan Triangulo plazatik abiatuta. Ondoren, Numen Dantza Eskolak dantza-ikuskizuna eskainiko du Trianguloan bertan.

Saharako emakumeen borrokaz eta erresilientziaz

Martxoaren 13an, asteazkena, izango da hurrengo ekitaldia: ‘Insumisas’ ikus-entzunezkoa proiektatuko da, 19:00etan ANDRAGORAn, Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Dokumental honek emakume sahararren borroka eta erresilientzia jorratzen ditu, eta biktima, ikertzaile eta ekintzaile gisa duten paper hirukoitza nabarmentzen du.

Saioaren ostean, ‘Lucha y resistencia de las mujeres saharauis y alianzas feministas’ izeneko solasaldia izango da, PIMSOk, Mendebaldeko Sahararen aldeko Emakumeen Nazioarteko Plataformak antolatuta. Fati Jatri eta Ana Sanz arituko dira hizlari lanetan.

Plataforma honek, hain zuzen, saharar herriarekin eta honek pairatzen duen gatazkarekin erabateko konpromisoa duten elkarteak, GKEak eta kolektiboak biltzen ditu. Bere helburu nagusia emakume sahararren erresistentzia baketsua ikusaraztea da, bai Tindoufeko zein diasporako errefuxiatuen kanpamentuetan, baita Mendebaldeko Sahararen oinarrizko eskubideen eta autodeterminazioaren alde egiten duten borrokan ere. 

Bertsoak eta feminismoa lotuta, elkartasun ekitaldi batean

Elkartasuna, kontzientziazio soziala eta umorea sustatzen dituen ekitaldi batek itxiko du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatu den egitaraua. Martxoaren 16an, larunbata, ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ ikuskizun solidarioa izango da, Topic-en. 

Bertso musikatuen saioa da, hitzak, ahotsa eta umorea biltzen dituena. Minbiziaren aurkako Iñurri elkarteak sustatuta, egitasmo hau minbiziari aurre egiten dioten emakumeei laguntza emateko izango da. 

Amaia Agirre bertsolaria arituko da gai jartzaile lanetan, eta Uxue Alberdi, Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariek parte hartuko dute, Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikarien laguntzarekin. 

Saioa arratsaldeko 19:00tan hasiko da Topic aretoan eta sarrerak doakoak izan arren, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu behar dira, Topic-eko leihatilan.

Ikuspegi feministaren beharra, esparru askotan

Aldarrikapena eta ikuspegi feministaren beharra norabide ugarikoa dela adierazi du Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak: «Norbere gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea izan zen Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lehen urratsen oinarria. Ordutik esparru gehiagotara zabaldu dira aldarriak: amatasuna, jardun publikoa, soldata arrakala... eta nola ez, zaintza. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren beharra azpimarratu dugu, eta bistakoa da bizitzari baldintza duinetan eusteko, begirada feminista txertatu behar dugula erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan».

Horri lotuta, lanketa hori martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunetik harago joan behar duela ere azpimarratu du Ezeizak: «Ezin dugu egun bakarrera mugatu. Horregatik, helburu hori duten ekintzak urtean zehar sakabanatuko ditugu, emakumeen ahalduntzea sustatzeko bideak ezartzen jaraitzeko».

 

Fitxategiak: 
PDF icon M8 TOLOSA (3).pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA