Iazko Inauteriak berdintasun ikuspegitik aztergai, Inauteri berdinzaleagoen alde

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/05 | Berdintasuna
  • Jai Behatokiak oso positibotzat jo ditu jasotako emaitzak. 
  • Txalotzeko alorrak eta hobetu beharrekoak antzeman dira, eta aurrera begira, Behatokiaren eginkizuna sistematizatzeko, Inauteri zein San Joan jaien inguruan egindako azterketetatik abiatuta datozen urteetarako plana garatu eta gizarteratuko da herritarrek bat egin dezaten planarekin eta bertan zehaztutako erronkekin.

Jai berdinzaleagoen alde lanean darama Udalak hainbat urte Jai Behatokiaren eskutik, gizarte orekatuagoa, parekideagoa, integratzaileagoa eta berdinzaleagoa sustatzeko helburuarekin. 

Tolosako Udalak 2010. urtetik txertatu du era aktiboan berdintasun ikuspegia jaietan. Urteetako prozesuari jarraipena eta egonkortasuna emateko eta Tolosak berdintasunaren esparruan izan duen garapena neurtzeko, Jai Behatokia sortu zen 2017.urtean. 3 urtez jarraian San Joan jaien inguruko azterketa sakona egin da hainbat esparrutan eman diren aurrerapausoak aztertu, jakinarazi eta erronkak identifikatu eta horiek lortzeko neurriak zehazteko.

Berdintasun politikak modu estrategiko, sistematizatu eta eraginkorrean aplikatzeko tresna da Jai Behatokia, epe luzerako ikuspegia duena, hobekuntza iraunkorrean eta progresibotasunean oinarrituta. 

Koronabirusaren ondorioz, iaz San Joan jaiak ohiko eran ospatu ezin izan zirenez, Jai Behatokiak lehen aldiz Inauteriak izan zituen aztergai. 

2018tik inauterien azterketa xumea egin da, San Joan jaien azterketaren osagarri modura, baina 2020an inauterien azterketa sakona egin zen, besteak beste, musika, karrozak eta konpartsak, omenaldiak, txupinazoa, komunikazioa eta indarkeria alorrak aztertuta. 

Berdintasunaren aldeko pausuak ematen, Inauterietan ere

Orokorrean, Inauterietan aztertu diren alorrak kontuan izanda berdintasunaren alde pausuak ematen direla esan daiteke. Azpimarratzekoa da pregoian egin zen esfortzua parekidetasuna bermatzeko, baita berdintasun mezuak helarazteko eta berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa izateko.

Indarkeria matxistari dagokionez, inauterietan berdintasun arlotik sentsibilizazio kanpainak bultzatzen dira eta udal-departamenduen arteko barruko indarkeriaren protokoloa ere egokitzen da urtero. Txosnaguneak badu ere protokolo propioa espazio horretan aplikatzeko.

Aldiz, txosna guneko gaueko musika eskaintza oraindik ere maskulinizatuta dago. Eta bide berdinetik, baita Inauteri Kuttuna ere. 

 

Konpartsa berdinzaleena, 2015. urtetik

2015ean, Berdintasun Sailak karroza edo konpartsa berdinzaleenaren saria sortu zuen, eta berdintasun-irizpideak ezarri ziren sari hori emateko eta gainerako kategorietako konpartsa eta karroza irabazleak baloratzeko eta aukeratzeko orduan ere kontuan har zitezen. 

Berdintasun Sari honen helburu nagusiak dira: 

Berdintasunezko, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko, harremanak indartzea Tolosako jai eremuan.

Emakumezkoen parte hartzea eta protagonismoa nabarmentzea, kultur eta jai dinamiketan, eta, oro har, eremu publikoan.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoen eta kulturalen sorrera sustatzea jaietako jardueretan. 

Berdintasun irizpideak gero eta barneratuagoak daude tolosarren artean eta, orokorrean, karroza eta konpartsen parte hartzaileen artean erdia edo gehiago dira emakumezkoak. Aldiz, talde guztiak ez dira parekideak, iaz parte hartu zuten 63 taldeetatik 29 soilik baitziren parekideak. Konpartsa eta karroza sarituen artean aldiz emakumezkoen parte hartzea gizonezkoena baino askoz altuagoa izan zen.

Aurrera begira ezarritako erronkak eta aukerak

Inauterien inguruan egindako azterketak zenbait erronka jarri ditu mahai gainean, baina baita aukera berriak ere.

Erronkak:

Dagoeneko barneratuak dauden jarrerak eta berdintasun irizpideak modu sistematizatu batean errepikatzea: komunikazioa, agerraldiak, parte hartzea, berdintasun saria..

Programatzen diren musika taldeak parekideagoak izatea eta mutil eta emakume estereotipoak gainditzen edo apurtzen dituzten taldeak programatzea.

Berdintasun saria hobetzea eta errotzea eta berdintasun irizpideak gainerako sarietara ere hedatzea. 

Sentsibilizaziorako tresna gehiago aztertzea eta Sare Sozialak, informazio euskarri gisa erabiltzetik harago, sentsibilizatzeko tresna gisa ere erabiltzea. 

Aukerak: 

Abiarazitako lanketak sinergia berriak sortu ditu eta lanerako aukera berriak zabaldu: Musika Eskolarekin, musika enpresaren programatzailearekin, Inauterietako txosna batzordearekin, Kabi Alai elkartearekin, Jabetze Eskolarekin…

Proiektu honen indarguneetako bat da genero zeharkakotasunerako duen potentziala, horregatik, Behatokia abiatu zenetik, hainbat sinergia sortu eta eraiki dira, bai udaletxearen barruan, bai kanpoan, eta horiek indartzen joan dira.

Orain, Behatokiaren eginkizuna sistematizatzeko, Inauteri zein San Joan jaien inguruan egindako azterketetatik abiatuta eta horietan antzemandako erronkak eta aukerak oinarri hartuta, datozen urteetarako plana garatuko du Behatokiak eta plan horren berri emango da maiatzean, herritarrek bat egin dezaten erronkekin, guztiok goza dezagun indarkeria matxistarik gabeko jai berdinzaleagoez.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA