Indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektibo eta indibiduala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/20 | Berdintasuna
  • Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunari begira, konpromiso kolektiboa eta indibiduala sustatzeko ekintzak egingo dira Tolosan azaroaren 21etik urtarrilaren 9ra bitartean: antzerkia, erakusketak eta hitzaldiak.

  • Indarkeria matxistaren aurrean “modu aktiboan” erantzuteko deia egin du Olatz Peon Tolosako alkateak: “Kontzientzia hartzea eta sustatzea, herritarrak sentsibilizatzea, ezinbesteko erremintak dira indarkeria sexistari aurre egiteko. Ez gaitezen ikusle hutsak izan”.

 

 

Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa izango dute oinarri aurten Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren bueltarako antolatu diren ekintzek. Indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektiboa eta indibiduala sustatu nahi dira, eta helburu horretara begira antzerki saioa, erakusketak eta hitzaldiak antolatu dira, bihar, azaroak 21, hasi eta urtarrilaren 9ra bitartean.

Olatz Peon Tolosako alkateak gogorarazi duen bezala, “bizi dugun larrialdi egoerak modu zuzenean eragin du indarkeria matxista kasuetan, eta are eta ageriagoan utzi du indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeko beharra”. Indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzera bideratutako zerbitzuak indartu egin ditu Tolosako Udalak, erakunde ezberdinekin elkarlanean, larrialdi egoera ezarri zenetik.

Izan ere, emakume askoren egoerak okerrera egin du, eta hala udalak beharrezkotzat ikusten du “kontzientzia hartzea eta sustatzea, eta herritarrak sentsibilizatzea, horiek ezinbesteko erreminta baitira indarkeria sexistari aurre egiteko”, zehaztu du Peonek. Indarkeria matxistari “modu aktiboan” erantzuteko deia egin du: “Egoera horien aurrean ez gaitezen ikusle hutsak izan”.

 

Kontzientzia hartzeko deia

Egunerokoan ematen diren hainbat egoera normaltzat hartzeko joera dagoela aipatu du Peonek, eta gaineratu du erailketak direla “errealitate eta eguneroko horren eredurik muturreko eta mingarriena”. Horregatik, Tolosako Udalak ezinbestekotzat du herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa indartzea, “egoera horiek guztiek inpunitate sozialik izan ez dezaten, eta eguneroko errealitate hori desaktibatzeko”.

Indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektiboa eta indibiduala hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du alkateak, “guztion artean indarkeria mota hau gure gizartetik desagerrarazteko”. Hala, azaroaren 25aren bueltan hainbat ekintza antolatu dira Tolosan:

 

  • Azaroaren 20tik 29ra bitartean Zerkausia morez argiztatuko da.

  • Azaroak 21: “Birritan bortxatua” antzezlana, 18:30ean, kultur etxean. Nagore da antzezlaneko protagonista, 44 urteko emakumea, herriko jaietan ezaguna zuen mutil batek bortxatua. Beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du Nagorek. Orduan hasten da bere bigarren amets gaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatuko ditu antzezlan honek, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere. Fikziozko antzezlan honek, errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan du oinarria. Interneten denon eskura eta ikusgai dauden epaiketa ezberdinetako testigantzetatik atera dugu informazioa.

  • Azaroak 23 - urtarrilak 09: “Sorginak - Brujas” erakusketa, Aranburu jauregian. XV. eta XVIII. mendeen artean "sorgin ehiza" deiturikoan izandako sarraskiez hausnartzen duen erakusketa da. 51 emakume artisten lanak batzen ditu, horietatik 8 Tolosaldekoak. EmPoderArte AIMA irabazi-asmorik gabeko elkartearen erakusketa da. 2014tik erakusketak egiten ditu, emakumeak artearen munduan ikusgai jarriz, gizonen eta emakumeen arteko ekitatea aldarrikatuz eta indarkeria matxista salatuz.

    • Azaroak 23, 19:00etan, erakusketaren irekiera eta bisita gidatua erakusketan parte hartu duten artistekin eta komisariarekin.

    • Abenduak 18, 19:00etan, bisita gidatua elebitan.
  • Azaroak 23, azaroak 30 eta abenduak 14: “Emozioak sormenaren bidez kudeatzen” saioak Leire Markinezekin. Jabetza Eskolak antolatutako egitarauaren barruko tailerra da, non ezagutza eta kontzientzia pertsonala lantzen diren, emakume izatearen autoestimua eta duintasuna berriz aurkitzeko. Pintura, mugimendua, meditazioa… erabiliz, norberak bere sormenarekin konektatzea bilatuko da tailer honetan, norberak bere burua hobeto ezagutu eta zauri emozionalak sendatzeko.

  • Azaroak 24: “¿Quién no cree en las brujas?” hitzaldia Pilar Careagarekin, 19:00etan, Zoom bidez. Emakumeen aurkako indarkeriaz eta horren trataeraz arituko da, patriarkatuaren “estrategiak eta armak, eta haien tirania misoginoa onartzen ez duten emakumeek pairatzen duten mendekotasunaz”, Careagaren hitzetan “horiei deitzen baitzaie sorginak”.

  • Azaroak 25: Elkarretaratzea, 12:00etan, udaletxe aurrean, “Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde” lelopean.

  • Abenduak 1: “Experiencias colectivas frente a las violencias machistas” hitzaldia, 18:00etan, Zoom bidez. Pepa Bojó. Aitziber Bargas, Nerea del Campo, Ana López, Yolanda Torres eta Beatriz Zalakain izango dira hizlariak.

 

Izen emateak Berdintasun sailean

Zoom plataformaren bidez egingo diren hitzaldietan zein “Sorginak” erakusketako bisita gidatuetan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako Tolosako Udaleko Berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan, berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita edo 943 67 03 83 telefonora deituta. Zehaztutako egunez gain, “Sorginak” erakusketara bisita gidatuak antolatu ahal izango dira, eta horretarako ere Berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan.

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA