Jabetze eskolako udaberriko eskaintzan izena emateko aukera, martxoaren 13tik aurrera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/09 | Berdintasuna
  • Guztira 23 jarduera antolatu dira: horietako zortzi aurrekoen jarraipena izango dira, eta gainerako 15ak, proposamen berriak dira.

  • Izen-emateko prozedurari dagokionez bi aldaketa izango dira: izena emateko epe zehatz bat izango da kasu guztietarako, baita ordainketa egiteko ere.
     

Ostiralean irekiko da Tolosako Jabetze Eskolako udaberriko eskaintzako jardueretan izena emateko epea. Ekainera bitarteko eskaintzak 23 jarduera jasotzen ditu. Horietako zortzik jarraipena izango dute, eta gainerako hamabost berriak izango dira:

 

  • Errepublika, gerra eta erresistentzia frankistako gure emakumeak. Ibilbide baten bidez, Tolosan azken urteetan egindako ikerketen emaitzak eta bizipenak espazioan kokatuko dira. Bigarren Errepublikan protagonismoa izan, eta haren osteko 1936ko gerran eta diktadura frankistan frankisten errepresioa jasan zuten emakumeen eta disidentzia sexu-generikoen berri emango da.

  • Emakumeak mugimenduan: Udaleko Kirol Saila elkarlanean, korrika egiteko, eta mugikortasun zein luzaketak lantzeko (yoga eta pilatesen nahasketa) saioak egingo dira, baita lesioak prebenitzeko saioak ere.

  • Gailurrak elkarrekin: Talde-giroan egiteko hiru mendi txango antolatu dira: Kutxidazu Bidea ixabel bidea, Hernio mendia eta Zumaia-Deba ibilbidea egingo dira.

  • DJ ikastaroa 2.0.: DJ set bat sortzeko oinarrizko urratsak eman ez ezik, musika-gustuekiko konfiantza eta partekatzeko gogoa sustatzeko eta horiek plazaratzeko tresnak eta trebetasunak landuko dira ikastaroan.

  • (Des)generando, Más allá de los roles de género: Generoaren, bere arauen eta egunerokotasunean duten adierazpenaren inguruan hausnartzeko tailerra da, jolasa, sormena eta arteterapia uztartuz.

  • Ziklikoak gara, ugalkortasun-aldia: Heldutasun-garaiari helduko zaio ikastaroan. Ziklikotasunera hurbildu, eta izan ditzakeen ondorio fisikoak, emozionalak eta sozialak ezagutzea, presio soziala ikuspegi anitzetik ezagutzea, norbere biografia osatzea eta gorputzarekin bat egitea dira, besteak beste, jorratuko diren gaiak.

  • Vínculos afectivos y de buen trato: Maitasunari, maitatzen irakasten diguten moduari eta horrek guztiak gure bizitzan dituen ondorioei buruz hausnartuko da. Sinesmenak, mitoak eta aginduak aztertuko dira, berdintasunik gabe eta modu osasungarrian maitatzen irakasten digutenak.

  • Hil arte bizi II: Heriotzaren aurrean ahalduntzea dute helburu. Bigarren zati honetan Aurretiazko Borondateen Dokumentuari erreparatuko zaio, baina horretara mugatu gabe. Osasun sistemaren barruan ditugun eskubideei buruz informatuko da, eta bakoitzak dituen lehentasunak eta har daitezkeen erabakiak argituko dira, bakarkako eta taldekako ariketen bidez.

  • Andragoran dantzan: Pasodoble, bals, fox, fandango eta arin-arinak… Ikastaro honetan, oinarrizko urratsetatik abiatuz, modu errazean eta naturalean dantza eginez, erritmo desberdinak praktikan jarriko dira.

  • Taller de fontanería básica y herramientas de jardín: Oinarrizko iturgintzako nozio erabilgarriak irakatsiko dira, etxeko ur instalazioetako arazo txikiak konpontzeko, adibidez: pilaketak, txorrota edo sifoi bat aldatzea, etab. Lorategiko makineria modu seguruan nola erabili irakatsiko da, hala nola, motozerra eta sasi-garbitzeko makinak.

  • Afrosesion ikastaroa: oinarria Afrikan duten dantza estilo-eredu urbanoak ezagutzeko aukera izango da; besteak beste, ndomboloa eta afrobeata.

  • Curso de costura 2.0.: Tailer honetan josten, konponketak egiten eta josteko makina erabiltzen ikasiko da. Joskintzaren munduan hobetu nahi duten eta joskintzaren oinarrizko ezagutza duten emakumeei zuzenduta dago.

  • Twerk (booty dance): Utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz disfrutatzeko gaitasuna berreskuratzeko ikastaroa da, mugimendua osasun eta plazer iturri gisa bizitzeko.

  • Sesión informativa sobre extranjería/nacionalidad: Oinarrizko informazio praktikoa emango da hainbat gairen inguruan: jatorri atzerritarra duten pertsonen eskubideak, bizileku-egoera eta baimenak, lan-baimenak, atzerritarren erregularizazioa...

  • Formación para romper los estereotipos en torno a la mutilación genital femenina: Prestakuntza honek gaiari buruzko ideia faltsuak desmuntatzen lagunduko du, Euskal Herrian ere hainbat jatorritako neskei eta emakumeei eragiten dien mutilazio genitalaren identifikazio, prebentzio eta arreta egokia ematen dutenak, mutilazio hori desagerrarazten laguntzeko gai izango den herritartasuna sortzeko.

 

Jarraipena izango duten ikastaroak, hauek izango dira: Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea, munduko emakumeen literatura taldea, batukada feminista, Txarangora, xilografia tailerra, ahalduntze-margoak, sormenezko argazkigintza feminista, eta maskulinitateen inguruko hausnarketa espazioa.

 

Informazio gehiagorako, deskargatu hemen jardueren eskaintza osoa

 

Izen-emateko prozeduran bi aldaketa

Izen-emate prozedurari dagokionez bi aldaketa izango dira aurreko edizioekin alderatuta: izena emateko epe zehatz bat izango da, kasu guztietarako berdina, baita ordainketa egiteko ere. 

Hori horrela, izena emateko formularioa 2026eko martxoaren 13tik 27ra egongo da erabilgarri. Data horietan soilik eman ahal izango da izena, beraz. Zailtasunik izanez gero, Andragorara joan edo deitu ahal izango da, baita Udaleko Berdintasun Sailera deitu (688869023) edo idatzi berdintasuna@tolosa.eus ere. 

Matrikula formalizatzeko, jardueraren prezioa ordaindu beharko da. Ordainketak egiteko epea ere zehatza izango da, guztientzat bera: apirilaren 13tik apirilaren 24ra. Ordurako ez bada orainketa egin, baja eman, eta itxaron zerrendako lehenari emango zaio toki hori.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA