- Tolosako Jai Behatokiak 2022ko Tolosako jaien balorazioa egin du eta emaitzei erreparatuz, jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, emakumeen presentzia esparru guztietan handitu dela ondorioztatu du.
- Etorkizunera begira, halaber, Tolosako Udalak Jai Berdinzaleetarako Planean jasotako ekintzak aurrera eramatea aurreikusi du, herriko eragile eta udal teknikariekin elkarlanean eta helburu bakar batekin: Tolosako jaiak berdintasunean oinarrituta eraikitzea eta ospatzea eta berdintasuna jaien esparru eta lor guztietara zabaldu eta bermatzea.
Tolosako Udalak 2010 urtetik darama jaietan berdintasun ikuspegia era aktibo batean txertatzen. Horri lotuta, 2017an Jaien Berdintasun Behatokia jarri zuen lehen aldiz martxan, herriko jaien inguruko azterketa sakona egin eta emaitzak oinarri hartuta, etorkizunera begira, jai berdinzaleagoen alde hobekuntzak egiten edota urratsak zein neurriak hartzen jarraitzeko.
Behatokiak San Joan jaien azterketa izan zuen oinarri lehen urteetan, geroago Larramendi auzoko jaiak gehitu ziren, eta 2019an inauterien azterketa ere bai. Horren ostean eta egindako lanketaren emaitza gisa, Behatokiak jai berdinzaleetarako Plana osatu zuen, 2021-2024 arteko ekintzak jasotzen dituena. Horrekin batera eta aldi berean, sentsibilizazio lanketa egin du urtez urte udaleko zinegotzi eta teknikariekin.
Planari helduz, dokumentu malgua da eta jaien eta gizartearen aldaketetara egokitzeko gaitasuna du. Plan hori oinarri eta jai berdinzaleak jomuga zein helburu hartuta, beraz, Behatokiak herriko jaien azterketak eginez jarraitzen du urtero. Besteak beste, jai bilerak, egitaraua, komunikazioa, musika, partaidetza eta indarkeria matxista aztertzen ditu eta arlo bakoitzean berdintasuna eta parekidetasuna bermatzeko proposamenak jasotzen ditu.
Urtetik urtera jai berdinzaleagoen alde urratsak eginez
Berriki 2022ko Tolosako jaien berdintasun balorazioa aurkeztu du Behatokiak eta horri jarraiki, 2022an aurrera pauso garrantzitsuak eman dira Tolosako jaian berdinzaleagoak izan daitezen.
Oraindik hobetzeko gaiak badaude ere, 2022ko jaietan berdintasuna hainbat arlotan bermatu da, hala nola, jaien inguruko komunikazioetan edota indarkeria sexistaren inguruko sentsibilizazio eta esku-hartze protokoloan. Bi gai horiek, beraz, udal funtzionamenduan barneratuta eta sistematizatuta daudela ondorioztatu du Behatokiak.
Izan ere, indarkeria matxistaren gaia jaietan oso presente egon izan da azken urteetan eta zentzu horretan Tolosa aitzindaria da jaietan berdintasuna sustatzeko jardueretan. 2022an, esaterako, aurrera eraman ditu #LIBRENonahi, Joka Sano! edo Tolosak, ezetz! kanpainak, eta, horrekin batera, indarkeriaren aurkako udal protokoloa indarrean dago, herriko tabernariekin berariazko lanketak egin dira, autodefentsa feminista ikastaroak egonkortu dira eta urtero Jabetze Eskolako eskaintza egiten da.
Horrez gain, beste hainbat alorretan, hala nola, musika edota kirol ekintza zein ekitaldietan, emakumeen partaidetzak gora egin du eta oraindik gizonezkoena nagusi bada ere, urtetik urtera datu horiek hobetu eta berdintzeko urratsak ematen jarraitzen du eta jarraituko du Tolosako Udalak. 2019an, adibidez, musikarien %72a gizonezkoak ziren eta %28a emakumezkoak. 2022an, %36ra igo da emakume musikarien partaidetza. Gauza bera kirol arloan ere. 2018an emakumeen parte hartzea %23 izan zen, 2022an, aldiz, %27.
Jai Behatokiaren lanketa osoa eta argitaratutako txosten guztiak ikusgai daude esteka honetan.
Etorkizuneko urratsak
Aurrez aipatu bezala, Tolosak jai berdinzaleetarako 2021-2024 Plana du eta etorkizunera begira, bertan jasotako ekintzak aurrera eramaten jarraituko du Udalak, helburu bakar batekin: Tolosako jaiak berdintasunean oinarrituta eraikitzea eta ospatzea eta berdintasuna jaien esparru eta alor guztietara zabaldu eta bermatzea.
Lanketa honek, noski, elkarlana du eta izango du oinarri, eta etorkizunera begira ere, herriko elkarte, talde zein eragileekin zubiak eraikitzen eta sinergiak bilatzen jarraituko du Udalak, baita, barne lanketa gisa, udal sail guztiekin modu koordinatuan lan egiten ere.