-
Ekainaren 28aren bueltan ekintza ugari izango dira Tolosan, baina egun honetatik haratago, urte osoko lanketa gauzatzen du Udalak hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean.
-
Olatz Peon Ormazabal alkateak LGTBIQ kolektiboak jasaten duen “diskriminazioa gaitzesteko” eta hori gainditzeko Udalak duen “konpromisoa” berretsi du, “eskubide berdintasuna” aldarrikatzeaz gainera.
Ekainaren 28a Nazioarteko Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da, alegia, lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queer-en eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna. Udalak egun honen bueltan, urte osoan burutzen duen jardueratik haratago, hainbat ekimen eta keinu prestatu ditu, eta horiexek aurkeztu dituzte Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Berdintasun teknikari Agurtza Zuberok.
“Ikusarazteko eguna da biharkoa” adierazi du alkateak: “LGTBIQ komunitatearen eskubideak aldarrikatzekoa. Gure gizartean dibertsitatearen ordezkari dira; errealitate ezberdinen aniztasunaren isla. Eta jakin badakigu ez dagoela eskubide berdintasunik errespeturik ez badago, eta are gutxiago aniztasunari babesik ematen ez bazaio”.
Bide horretan, Olatz Peon Ormazabalek LGTBIQ kolektiboak jasaten duen “diskriminazioa gaitzesteko” eta hori gainditzeko Udalak duen “konpromisoa” berretsi du: “egoerak hobera egin badu ere, bisibilizatzeko, lasaitasunez eta berdintasunean bizitzeko, hain zuzen ere, diren bezala agertzeko eta sentitzen dutena adierazteko, oraindik gay, lesbiana edo transexualek arazoak pairatzen dituzte”. Aldarrikatu du eskubide berdintasuna: “izateko era ez dadila izan inolako muga ez sexu eta maitasun askatasunerako, beren identitatea definitzeko, ezta nahi den erako harremanak aukeratzeko ere”.
Ekainaren 28aren bueltan ekintza ugari izango dira Tolosan, baina egun honetatik haratago, urte osoko lanketa gauzatzen du Udalak hainbat elkarte eta erakunderekin elkarlanean. Horren adibide dira ikastetxeekin batera gauzatzen diren Hezkidetza proiektua, ebaluatu berri dena etorkizuneko erronkei eraginkortasunez erahntzuteko, edota Beldur Barik lehiaketa. “Helburu dute hezkuntza-komunitate osoari edozein desberdintasun edota diskriminazioen aurrean lagundu eta heztea” dio alkateak.
Horrez gain, iaz Tolosako Udalaren datu baseetan, eskaera orrietan eta formularioetan edota herritarren datuak eskatzen diren eskaera orri guztietan, sexua adierazteko aukera zabaldu zen: orain emakumea, gizona edota bestelako generoa/identitatea aukera daiteke. Hirugarren aukera honek beren burua emakume edo gizontzat definitzen ez duten pertsonak hartzen ditu bere gain. “Bestelako genero eta identitateak ere badaudela ikusaraztea eta herritarrak sentsibilizatzea lortzen ari gara”.
Azken helburu horrekin bat dator ere kolektibo honen gainean egiten diren indarkeria matxistaren era guztiak, Erakundeen arteko Jarduerarako eta Koordinaziorako Udal Protokoloaren Mahaiaren bitartez, agerian jarri eta zabaltzeko Udalak duen konpromisoa.
Kolektiboa ikusarazi eta berdintasuna aldarrikatzeko ekimen-bilduma osatu da egunotarako alkateak adierazi eran: “aurreratu dugu eskubideen berdintasunean; baina oraindik bide luzea dugu aurretik”. Elkarte guztiei eskua luzatu die Olatz Peon Ormazabalek, kolektiboaren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko. “Aniztasunean sinisten dugulako, aberasten gaituela sinisten dugulako” borobildu du:
-
Osteguneko, ekainak 28, Tolosako Udaleko Osoko Bilkurara 'Ekainaren 28a, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en Eskubideen Nazioarteko Eguna' izeneko adierazpena eramango da.
-
Iaz, egun honetatik haratago iraungo zuen ikur bat sortu zen: Antonio Lekuona kaleko eskailerak pintatu ziren kolektiboaren sinbolo den ortzadar kolorez osatutako bandera irudikatuz. Aurten horiek ber-pintatzeaz gainera, kolore gama bereko bizikleteroa ezarri da Emeterio Arresen.
Horrez gain, ekainak 27an, arratsaldeko 19:00etan, Topic-en, EnFemme dokumentala ikusgai izango da. Trabestismoa du gaitzat. Dokumentalaren koproduktore den Facundo Quevedo izango da bertan eta amaieran solasaldi batekin borobilduko da emankizuna.
Sinopsia: “Crossdressing-a (edo trabestismoa) nahiko ezezaguna da. Alba Barbé antropologoa bere tesirako ikerketek eraman zuten EnFemme kluba ezagutzera, armairu erraldoi baten moduko bat, non pertsonak nahi duten bezala izan eta jantzi daitezkeen. Toki pribatu horretan sortu zen Mar C. Llop eta lagun-talde gero eta handiago batekin batera Barcelonako crossdessingaren errealitatea kontatzeko egiten ari den dokumentalaren jatorria. Dokumental honek badauka pertsona gehienentzat eskuragaitza den material grafiko bat. Horrek berezitasun eta sakontasun paregabeak ematen dizkio film luze honi”.