Martxa onean doaz ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeko obrak

Tolosako Udala
2023/02/10 | Berdintasuna
  • Azken erremateen faltan, dagoeneko amaitzear daude lehen faseko lanak eta bide onetik doaz baita ere atzealdeko lokala egokitzeko lanak.
  • ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakumeentzako egoitza da, eraldaketarako gune eta tresna, emakumeen ahalduntzerako, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko.

 

Aurrera  eta martxa onean doaz ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak. Izan ere, azken erremateen faltan, dagoeneko amaitzear daude lehen faseko lanak, aurrealdeko lokaleko obrak, alegia, eta martxa onean doaz, baita ere, atzealdeko lokala egokitzeko lanak.

Emakumeen Etxea Mugimendu Feministaren aldarrikapen historikoa izan da eta Tolosako emakumeek aspalditik eskatutako baliabidea da. Tolosan, 2016an ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeko lehen urratsak eman ziren arren, parte-hartze prozesua 2018an hasi zen. Orduz geroztik eta pandemia tarteko izanik, bi partaidetza prozesu eraman dira aurrera, emakumeekin elkarlanean, Emakumeen Etxearen ezaugarri oro adostu eta zehazteko. printzipioak, helburuak, filosofia, erabilerak eta jarduerak, zerbitzuak, giza baliabideak, etxearen erregelamendua, funtzionamendua, kudeaketa eredua, programazioa … Guztira 105 emakumek baino gehiagok hartu dute parte parte-hartze prozesuetan.

Elkarlanean egindako aurre-lanketa prozesua amaituta, iaz hasi ziren eraikitze lanak. Urbycolan S.L. enpresa arduratzen ari da lanez eta obrak 597.709,22 euroko aurrekontua dute. Horrez gain, hiri altzariak ere jarriko dira eremuan eta horiek 105.000€ko aurrekontua dute.

600 metro karratuko espazioa, zerbitzu eta jarduera andana jasotzeko

ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan kokatzen da eta guztira 600 metro karratu izango ditu etxeak.

Aurrealdeko lokalak, 252 metro karratu ditu eta hainbat espazio jasoko ditu: emakumeen topalekurako egongela, berdintasun saila, zerbitzu gela, bilera gela, areto nagusia… Atzealdeko lokalak, halaber, 350 metro karratu ditu eta bi solairutan banatuta dago: behe oinean balio anitzeko bost gela eta harrera egongo dira eta lehen oinean, bilera gela eta bulegoa jarriko dira. Horrez gain, noski, oinarrizko instalazioak ere egongo dira bi lokaletan: komunak, biltegia, takilak edo armairuak taldeentzat…

Emakumeen Etxea 16 urtetik gorako emakume orori zuzenduta dago eta eskainiko dituen zerbitzuen artean, lehentasuna izango dute aholkularitza psikologikoak, banakakoak zein taldekoak, ahalduntzeko gune zein dinamikak eta aholkularitza juridikoak.

Etxearen jarduerei dagokienean, etxea ezagutarazteko, harremanak eraikitzeko eta berdintasuna zein kontzientzia feminista sustatzera bideratuta dauden jarduerak dira antolatuko direnak eta Etxean bertan nahiz Etxetik kanpora, Tolosan zein Tolosaldeko beste udalerrietan antolatuko dira: Emakumeen Etxeen arteko topaketak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, mahai-inguruak, jardunaldiak, monografikoak, batzarrak, jarduera ludiko eta gastronomikoak, erakusketak, kontzertuak, mendi martxak, kaleko ekintzak, ekimen solidarioak, maskulinitateen inguruko tailerrak…

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA