Sei ekitaldi, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko egitarauaren barruan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/08 | Berdintasuna
  • Bi hitzaldi, hiru zine emanaldi, bakarrizketa bat eta manifestazioa izango dira hurrengo hilabetean.

 

Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat jarduera antolatu dituzte, elkarlanean, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak: bi hitzaldi, hiru zine emanaldi, bakarrizketa bat eta manifestazioa. Ekitaldi guztiek genero-indarkeriaren aurkako hausnarketa eta ekintza kolektiboa sustatzea dute helburu. Hauxe da egitaraua:

Azaroak 13, 18:00. Pleno aretoa
Hitzaldia: Zer da intersekzionalitatea? (Gazteleraz)
Florencia Brizuela Gonzalez

Egitarauaren barruko lehen jarduera azaroaren 13an izango da. Florencia Brizuela Gonzalez ikertzaileak ‘Zer da intersekzionalitatea?’ izeneko hitzaldia eskainiko du, udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Generoa, etnia, klase edota orientazio sexuala, elkar lotuta daudela eta eraikiak direla azpimarratzen duen ikuspegia da intersekzionalitatea.

Zinea, Leidor Aretoa. (Guztiak jatorrizko bertsioan)
Azaroak 21, 20:30: Shayda
Azaroak 23, 19:30: Soy Nevenka
Azaroak 25, 19:00: Soy Nevenka

Shayda filmak Australian bizi den eta indarkeria jasan duen emakume iraniar baten istorioa kontatzen du. Senarrarengandik banandu eta gero, indarkeria jasan duten emakumeentzako harrera zentro bat izango dute babesleku, berak eta sei urteko alabak. Soy Nevenka filmak, berriz, Nevenka Fernandez, Espainian politikaren arloan jazarpen sexuala publikoki salatu zuen lehen emakumearen istorioa kontatzen du.

Azaroak 25, 19:00. Trianguloa plazatik abiatuta
Manifestazioa: ‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’ 

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean bertan, manifestazioa egingo da, mugimendu feministak deituta, genero-indarkeria mota guztiak gaitzesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko. Azaroaren 25ean, 19:00etan abiatuko da Trianguloa plazatik, ‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’ lelopean.

Azaroak 26, 18:00. Andragora
Hitzaldia: La ley del sólo sí es sí. Ley Orgánica 10/2022, de 6 de septiembre, de garantía integral de la libertad sexual (Gaztelera)
Irule abokatuak. Macarena Mugica Urbistondo 

Macarena Mugica Urbistondo Iruleko abokatuak ‘Soilik Bai da Bai’ Legeari buruzko hitzaldia eskainiko du, askatasun sexuala babesten duen 10/2022 Lege Organikoa xehetasunez aztertzeko.

Abenduak 18, 19:00. Topic (Gazteleraz)
Umorezko bakarrizketa: Manólogo
Irantzu Varela

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 18an Irantzu Varela komunikatzaileak ‘Manólogo’ bakarrizketa eskainiko du Topic aretoan, 19:00etan. Munduak indarkeria, misoginia eta maskulinitatea gurtzen dituen bitartean, bakearekiko eta maitasunarekiko asperdura izango ditu hizpide, umoretik. Sarrerak 10 euroko salneurria izango du, eta Topic-eko webgunean eta leihatilan bertan daude eskuragarri.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA