Tolosak ezetz! esan du, beste behin, salatutako azken bortxaketaren aurrean

Tolosako Udala
2018/04/27 | Berdintasuna

Tolosak ezetz! Esan du beste behin. Tolosako Udalak, Emakumeen Taldeek, Mugimendu Feministak eta kolektibo sozialek Plaza Zaharrean arratsaldeko 19:00etarako deitutako elkarretaratzean ehundaka lagun batu dira azken eraso sexista gaitzesteko.

Bertan izan dira aipatutako erakunde eta eragileak eta baita Foru Aldundiko Imanol Lasa foru bozeramailea eta Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria ere.

Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, erasoa jasan duen emakumeari udalak eskura dituen baliabide eta tresna guztiak eskaini zaizkio eta une honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko larrialdi sozialeko zerbitzuaren arreta psikologikoa eta aholkularitza judiziala jaso ditu. Gertatutakoa gaitzetsi eta honelakoak berriz gerta ez daitezen lanean jarraitzeko unean gaudela gaineratu du: “Tolosan ez inon ez dugu honelako gertakaririk nahi. Honelako eraso sexisten aurrean ezetz diogu”.

Azken gertaera hau "biziki larria eta jasanezina" dela esan du Imanol Lasak eta halako ekintzen aurrean "zero tolerantzia" eskatu du. Azaldu duenez, "sexu erasoa ondorio krudelenetakoa bada ere, matxismoa gure jarrera portaera eta keinuetan sakon dago sustraituta" eta, honela, matxismoari aurre egiteko konpromisoa sendotzeko deia egin du.

15 minutuko isilunearen ostean Udalak eta Mugimendu Feministak adostutako manifestu bat irakurri dute:

“Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu Tolosako Udalak, Emakumeen Taldeek, Mugimendu Feministak eta kolektibo sozialek elkarretaratze honetan parte hartzeagatik.

Era berean, gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi diogu erasotutako emakumeari zein bere inguruneari, jasandako erasoa biziki salatuz eta arbuiatuz.

Emakumeen aurkako eraso hauen sustraiak daude emakumeek bizitzako esparru askotan nozitzen duten egiturazko desberdintasun-egoeran, beren egoera soziala, heziketa edo nazionalitatea edozein dela ere.

Emakumeek ez dute inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian, edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin duten harremana; indarkeria beti da egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna.

Hala ere, azken egun hauetan ikusten ari gara indarkeria hori bera elikatzen duela sistemak, eta honen barruan justiziak argi eta garbi. Zer esan bestela “La Manadaren” epaiaz? Epai honek emakumeok babes gabe utzi gaitu, gure artean antolatu eta babestea besterik ez zaigu geratzen. Autodefentsa Feminista deitzen diogu horri. Bai Iruñean erasotutako emakumeari zein Tolosan bortxatutakoari sinesten diegu. Guk SINISTEN DIZUEGU!!! Eta beti ondoan izango gaituzue. Feminismoak indartu eta elkartuko gaitu.

Gaur eraso zehatz bat salatzeko elkartu gara, baina gogoratu nahiko genuke emakumeen aurkako erasoak asko eta mota askotakoak izan ohi direla. Horiek guztiak amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako.

Bukatzeko, berriz ere, mila esker guztioi hona etortzeagatik”.