Tolosako eta Zizurkilgo udalek irmoki salatu eta arbuiatu dute tolosar emakume batek jasandako erasoa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/04/24 | Berdintasuna
  • Triangulo plazan egindako elkarretaratzean adierazpen instituzionala irakurri da erasoa jasan duen emakumeari laguntza eta elkartasuna adierazteko eta argi uzteko Tolosak eta Zizurkilek ez dutela emakumeen kontrako erasorik onartzen ez eta onartuko ere.

 

Tolosako eta Zizurkilgo Udalek, Emakumeen Taldeek, Tolosako Asanblada Feministak eta herritarrek Triangulo plazan elkarretaratzea egin dute gaur, eguerdiko 13:00etan tolosar emakume batek jasandako erasoa irmoki arbuiatzeko eta gaitzesteko.

Bertan izan dira, aipatutako udaletako ordezkariak eta baita ere, Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria ere.

Tolosako eta Zizurkilgo alkateek, Olatz Peon Ormazabal eta Iker Urruzolak, bi udaletako ordezkari politiko guztien izenean, irakurri dute adierazpen instituzionala.

Erasoa jasan duen emakumeari laguntza eta elkartasuna adierazi nahi izan diote eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berretsi dute.

Tolosako Udalak erasoa jasan duen emakumearen esku jarri ditu baliabide eta laguntza tresna guztiak, pertsona erasotua babestu eta arretarik egokiena emateko, bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz. 

Tolosak eta Zizurkilek ez dute emakumeen kontrako erasorik onartzen, ez eta onartuko ere

“Tolosako eta Zizurkilgo udal ordezkari guztiok, apirilaren 18an, Zizurkilen, tolosar emakume batek jasandako erasoa irmoki salatu eta arbuiatu nahi dugu eta aldi berean erasoa jasan duen emakumeari gure laguntza eta elkartasuna adierazi.

Gizartean errotuta dauden jarrera matxisten adierazlerik lazgarrienak dira horrelako erasoak. Onartezinak direnak eta gure gizartean lekurik izan behar ez dutenak. Horregatik ozen esan  nahi dugu Tolosak eta Zizurkilek ez dutela emakumeen kontrako erasorik onartzen, ez eta onartuko ere,  eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin behin betikoz amaitu behar dugula.

Bide horretan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berresten dugu.

Herri bezala egin ditugu urrats garrantzitsuak eta bide berari eutsi behar diogu, indarrak batuz: kontzientziazio lana egiten, jai berdinzaleagoak sustatzen, indarkeria kasuak salatzen, horien prebentzioa sustatzen… berdintasun errealaren defentsan, emakume taldeak, talde feministak, herritarrak eta erakundeak bat eginda, elkarlanean. Guztion ardura delako indarkeria matxistarekin amaitzea.

Gaur eraso zehatz bat salatzeko elkartu gara, baina gogoratu nahiko genuke emakumeen aurkako erasoak asko eta mota askotakoak izan ohi direla.

Horiekin guztiekin amaitzea da gure helburua, eta indarkeria jasan duten emakumeen erreparazioa bermatzea, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako.

Amaitzeko, mila esker guztioi hona etortzeagatik”.

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA