Tolosako Gizon Taldeak hitzaldi informatiboa egingo du urriaren 5ean

Tolosako Udala
2020/09/30 | Berdintasuna
  • Gizontasun toxiko eta genero rolen inguruan gogoeta kritikoa egin eta hainbat ekimen sortzea da Gizon Taldearen helburua.

  • Eraikitzen ari diren proiektuaren inguruko aurkezpen-hitzaldia izango da urriaren 5ekoa, 19:00etan, Tolosako kultur etxean.


 

Gizon Taldeak* hitzaldi informatiboa egingo du urriaren 5ean, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Taldearen ibilbideaz, helburuez eta lan egiteko moduaz arituko dira. Gizon Taldearen* helburua da gizontasun toxiko eta genero rolen inguruan gogoeta kritikoa egin eta hainbat ekimen sortzea. Kideek adierazi dutenez, “gizonezko* modura, berdintasun handiagoa duen jendarte bat lortzeko borroka sozial honetan erantzukizuna dugula uste dugu, mugimendu feministarekin elkarlanean. Zentzu honetan, jendarte matxista eta patriarkal honek inposatzen dizkigun rolen inguruan hitz egiteko topaketa eta talde dinamikak oso beharrezkotzat jotzen ditugu.”

Hitzaldira joateko, beharrezkoa da aurrez izena ematea 670 229 812 zenbakira deituta edo Whatsapp mezua bidaliz. Bestela, berdintasuna@tolosa.eus helbidera ere idatzi daiteke.

Berdintasunean oinarritutako ereduak eraikitzeko

2019ko irailean sortu zen Gizon Taldea* Tolosan, kazetari baten eta gizarte hezitzaile baten eskutik. Biek ikusi zuten Gizon Talde* bat sortzeko beharra, maskulinitate toxikoaren eta genero rolen inguruan hausnartu eta berdintasunean oinarritutako ereduak eraikitzeko. Zazpi gizon* daude taldean oraingoz, eta urtebetez helburuak eta lan dinamikak finkatu dituzte. Orain, taldea egonkortu ondoren, taldera batzeko pertsona gehiagoren bila ari dira. Gizon Taldetik* azpimarratu dute, “gizonezko hitzaren erabilerarekin ez garela gizon cis-heteroei bakarrik zuzentzen. Ez binarioak, trans, gayak eta hetero-normara lotu gabekoak ere barnean sartzen zaituztegu.”

Hasieratik daude Tolosako Asanblada Feministarekin harremanetan eta udalaren Berdintasun Departamentuaren babesa eta laguntza ere izan dute prozesuan zehar.