Tolosako Jabetze Eskolak 15 jarduera antolatu ditu martxotik ekainera bitartean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/02/28 | Berdintasuna
  • Martxoaren 23an hasi eta ekainaren 10era bitartean gauzatuko dira 2020 urteko lehen zatiko ekintzak. Tailerrak, ikastaroak, emanaldiak, eta hitzaldiak antolatu dituzte.

  • Martxoaren 2an irekiko da izena emateko epea. Matrikulak Kultur Etxean, 943 67 03 83 telefonora deituta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita egin behar dira.

  • “Guretzako” gunean antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko 646 057 080 telefonora deitu behar da edo migrazioa@tolosaldea.eus helbidera mezu bat bidali.

 

Tolosako Jabetze Eskolak prest du 2020 urteko lehenengo ziklorako ekintza sorta. Martxoaren 23an hasi eta ekainaren 10era arte egingo dituzte antolatuta dituzten ikastaroak, tailerrak, emanaldiak eta hitzaldiak. Guztira 15 jarduera antolatu dituzte.

Jabetze Eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko gunea da, gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko helburuarekin aritzen dena. Hala, egitarau anitza prestatu dute datozen hilabeteetarako ere, arlo eta dinamika ezberdinak jorratzeko: kultura, artea, osasuna, legeak, emozioak kudeatzeko tresnak, indarkeria sexistari aurre egiteko esperientziak eta maskulinitate tradizionalak deseraikitzeko baliabideak…

Oraingo honetan, berdintasunaren aldeko musika emanaldi batekin emango diote hasiera Jabetze Eskolaren ziklo berriari, martxoaren 25ean. Berdintasunaren aldeko musika emanaldia izango da, Ane Urbizu Arizkorreta eta Itziar Vargas Albisua musikariekin. Honakoak dira ordutik aurrera antolatu dituzten ekintzak:

  • Proiektu pertsonalak eta kolektiboak eraikitzen ikasteko ikastaroa

  • Maskulinitate matxistak deseraikitzeko baliabideei eta tresnei buruzko ikastaroa gizonei zuzenduta

  • Xilografia tailerra

  • Euskal emakume idazleen inguruko irakurketa feminista taldea

  • Batukada feminista

  • Munduko emakumeen literatura taldea

  • Emozioak sormenaren bidez kudeatzen ikasteko ikastaroa

  • Norberak bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasteko ikastaroa

  • Emakumeei eta musikari buruzko elkarrizketak eta aldarrikapenak mahai ingurua

  • Indarkeria matxistei aurre egiteko esperientzia kolektiboen inguruko hitzaldia

 

Ziklo honetan ere leku berezia izango du “Guretzako” guneak. Jatorri ezberdinetako emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da “Guretzako” gunea, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Lau ekintza prestatu dituzte:

  • “Migratzen dugunean atzean uzten duguna” hitzaldi-tailerrra

  • Atzerritar legeak emakume migratzaileen bizitzan duen eraginari buruko hitzaldia
    SOS Arrazakeria erakundearen eskutik

  • Enpatiari buruzko tailer praktikoa

  • Urrutiko amatasunari buruzko hitzaldi tailerra

 

“Guretzako” gunean antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko 646 057 080 telefonora deitu behar da edo migrazioa@tolosaldea.eus helbidera mezu bat bidali. Jabetze Eskolako gainerako jardueretan izena-emateko edo saioei buruzko informazio gehiago eskuratzeko Kultur Etxera joan behar da, edo 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat idatzi.

Ekintza guztietan doako haurtzaindegi zerbitzua egongo da, aurrez izena emanda eta eskatuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA