Tolosako Jabetze Eskolak 22 jarduera antolatu ditu 2020ko urritik 2021eko martxora bitartean

Tolosako Udala
2020/09/08 | Berdintasuna
  • Urriaren 6an hasiko dira udazken-neguko jarduerak, datorren urteko martxoaren 10era bitartean. Tailerrak, ikastaroak, emanaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte.

  • Irailaren 14an irekiko da izena emateko epea. Izen emateak telefonoz edo Berdintasun sailera mezu bat bidalita egingo dira.

  • “Guretzako” gunean antolatu diren ekintzetan parte hartzeko, berriz, izen emateak Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailean egin behar dira.

 

Tolosako Jabetze Eskolak prest du 2020-2021 udazken-negurako ekintza sorta. Urriaren 6an hasi eta martxoaren 10era arte egingo dituzte antolatuta dituzten ikastaroak, tailerrak, emanaldiak eta hitzaldiak. Guztira 22 jarduera antolatu dituzte.

Jabetze Eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko gunea da, gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko helburuarekin aritzen dena. Hala, egitarau anitza prestatu dute datozen hilabeteetarako ere, arlo eta dinamika ezberdinak jorratzeko: kultura, artea, osasuna, legeak, emozioak kudeatzeko tresnak, indarkeria sexistari aurre egiteko esperientziak eta hausnarketak, gizonen sexualitate eta maskulinitate tradizionalak deseraikitzeko baliabideak…

Oraingo honetan, berdintasunaren aldeko musika emanaldi batekin emango diote hasiera Jabetze Eskolaren ziklo berriari, urriaren 7an. Berdintasunaren aldeko musika emanaldia izango da, Ane Urbizu Arizkorreta eta Itziar Vargas Albisua musikariekin. Goiuri Ezeiza eta Ainhoa Zaragüetaren eskutik egingo da aurkezpena. Honakoak dira ordutik aurrera antolatu dituzten ekintzak:

  • Batukada Feminista tailerra

  • Tratu txarretik tratu onera: proiektu pertsonalak eta kolektiboak eraikitzen ikasteko ikastaroa

  • Euskal emakume idazleen inguruko irakurketa feminista taldea

  • Norberak bere burua ondo zaintzen eta maitatzen ikasteko ikastaroa

  • Xilografia tailerra

  • Maskulinitate matxistak deseraikitzeko baliabideei eta tresnei buruzko ikastaroa, gizonei zuzenduta

  • Munduko emakumeen literatura taldea

  • Bularreko minbiziaren inguruko zenbait ideia feminismotik solasaldia

  • Autodefentsa Feminista

  • Gizonon sexualitatea tailerra

  • Emakumeei eta musikari buruzko elkarrizketak eta aldarrikapenak mahai ingurua

  • Aldaketa honen aurrean, orain zer? Tailerra

  • Wikipedian genero arrakala gainditzeko lantegia: Tolosaldepedia

  • Gizonen desjabetzeruntz tailerra

  • Emozioak sormenaren bidez kudeatzen ikasteko ikastaroa

  • Indarkeria matxistei aurre egiteko esperientzia kolektiboen inguruko hitzaldia


 

Ziklo honetan ere leku berezia izango du “Guretzako” guneak. Jatorri ezberdinetako emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da “Guretzako” gunea, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Bost ekintza prestatu dituzte:

  • Flamenko ikastaroa

  • Enpatiari buruzko tailer praktikoa

  • Migratzen dugunean atzean uzten duguna hitzaldi-tailerrra

  • Atzerritar legeak emakume migratzaileen bizitzan duen eraginari buruko hitzaldia
    SOS Arrazakeria erakundearen eskutik

  • Urrutiko amatasunari buruzko hitzaldi tailerra


 

“Guretzako” gunean antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko 646 057 080 telefonora deitu behar da edo migrazioa@tolosaldea.eus helbidera mezu bat bidali.

Jabetze Eskolako gainerako jardueretan izena-emateko edo saioei buruzko informazio gehiago eskuratzeko egin klik hemen, edo 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat idatzi.

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira. Plazak eta ikasgelen aforoa mugatuta daude. Osasun egoera aldatuko balitz, jarduera edo saio batzuk modu birtualean eskaini ahal izango dira. Telematikoki parte hartzeko, ordenagailu edo telefono mugikor bidezko wifi konexioa behar da.


 

Ekintza guztietan doako haurtzaindegi zerbitzua egongo da, aurrez izena emanda eta eskatuta.

 

EGITARAUA