Tolosako Jabetze Eskolako ikasleen erakusketa ikusgai Aranburu Jauregian abenduaren 28tik urtarrilaren 17ra

Tolosako Udala
2022/12/21 | Berdintasuna
  • Erakusketak 40 bat ikasleen pintura, argazkigintza eta xilografia lanak jasotzen ditu.
  • Abenduaren 28an erakusketaren irekiera ekitaldia egongo da arratsaldeko 19:00etan Oihana Iguaran bertsolariak eskainitako bertso musikatuen emanaldiarekin

 

Tolosako Jabetze Eskolak ikastaro eta tailer desberdinak antolatzen ditu urtean zehar eta aurten, iaz egin bezala, tailer horietan landutako ikasleen lanak ikusgai jarriko dira berriro Aranburu Jauregian.

Erakusketa arrakastatsua izan zen iazkoa eta harrera ona jaso zuen herritarrengandik. Hori aintzat hartuta, aurten, pintura, argazkigintza eta xilografia tailerretako lanekin osatu da erakusketa eta ikusgai egongo da Aranburu Jauregiko lehen solairuan abenduaren 28tik urtarrilaren 17ra. Erakusketak 40 bat ikasleen lanak jasoko ditu eta zehazki hauek dira erakusketak jasoko dituen tailerretako lanak:

  • Xilografia tailerra (linoleo gainean): sormena eta aldarrikapenak
  • Emakume margolariak itzalean: piztu ditzagun argiak!
  • Argazkilaritza dokumentala begirada feministetatik

Erakusketa tailerretako irakasleek prestatu dute, ikasleen laguntzarekin: Oihana Ugarte Iriarte (Xilografia), Leire Markinez Calvo (Pintura), Ura Iturralde Larrañaga (Argazkilaritza).

Artelanen ezaugarriak:

Erakusketa pintura, argazkigintza eta xilografia tailerretako lanekin osatu da. Pintura lanen kasuan,  barne hausnarketa baten bidez, partaideek beren buruari ikusten dizkien indarguneak eta emozioak margotu dituzte, auto-erretratoak zein abstrakzioak, modu horretara autoezagutza eta kontzientzia handiagoa bereganatuz.

Argazkigintzari dagokionez, lanek Ouka Leele eta Vivian Maier argazkilariei egiten die omenaldia. Ikasleen argazki-auto-erretratuak izango dira, emakume argazkilari horien estiloa eta teknikak jarraituz.

Amaitzeko, xilografia lanetan, antzinako teknika honen bitartez, partaideek hitzak edo irudiak eskuz zizelkatu dituzte, hain zuzen beren ametsak, argi-ilunak, aldarrikapenak eta barne bidaiak.

Irekiera ekitaldia, bertso musikatuen emanaldiarekin

Aipatu erakusketa sorkuntza artistikorako eta ikasleen ahalduntze indibidual eta kolektiborako hiru ibilbideren topagunea da eta, esan bezala, abenduaren 28an zabalduko ditu ateak, horretarako prestatutako ekitaldi berezi batekin.

Arratsaldeko 19:00etan, bertso musikatuen emanaldia eskainiko da Oihana Iguaran bertsolariaren eskutik. Horrez gain, ikasleek lunch-a ere eskainiko diete bertaratzen diren guztiei.