Tolosako osteopataren sexu-erasoen kasuaren harira, aditu batek gidatutako elkar-entzute gunea, datorren larunbatean Andragoran

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/03/08 | Berdintasuna
  • Martxoaren 16an izango da saioa, 10:00etatik 13:00etara, Andragora Emakumeen Etxean, Clara Wolfram Perezek gidatuta.
  • Talde dinamika izango du saioak, eta indarkeria-egoera hau jasan duten emakumeei babesa eta laguntza ematea, eta birbiktimizazioa ekiditea izango da helburu nagusia.

 

Tolosako osteopatia zentro batean, osteopata batek egindako sexu-erasoek eragin handia izan dute herrian. Orain arte guztira bederatzi dira osteopataren aurka jarritako salaketak: sei urtarrilean, bi otsailean eta beste bat martxoan. 

Tolosako Udalak eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak, erreparazioa abiatzeko gunea, ‘elkar-entzuteko gunea’ antolatu dute, salaketa jarri edo ez, indarkeria hau sufritu dutenentzat, eta haien gertukoentzat. 

Saioa martxoaren 16an izango da, larunbata, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin berdintasun, ahalduntze eta lanean aditua den Clara Wolfram Perezek gidatuko du saioa. Hiru orduko iraupena izango du, 10:00etatik 13:00etara.

Taldea, norbanakoentzat ere babesgune

Talde dinamika izango du saioak, nahiz eta tailer honetan banakako prozesu bat ere errazten den parte hartzaile bakoitzarentzat, taldean eta berdinen artean lan egiteak mesede egiten baitu. Tailerra, batez ere, babesgune izango da emakume bakoitzak egin behar duen biderako. 

Indarkeriaren ondorio kaltegarrienetako bat emakumea isolatzea da. Indarkeria-egoera batetik ateratzeko, funtsezkoa da babesa eta laguntza sentitzea, eta egoera horretan dauden emakume askok ez dute horrelakorik. Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak adierazi duen moduan, «horrelako gertakari baten osteko prozesua malkartsua da oso, horregatik  garrantzitsua da birbiktimizazioa ekiditea. Alde horretatik, talde hau lagungarria izan daiteke, saretzeko. Funtsezkoa da indarkeria matxistari izena jartzea eta horretaz jabetzea; izan ere, hori egitean, emakumeek ulertzen dute gertatzen zaiena edo gertatu dena ez dela beren errua, eta, gainera, ez daudela bakarrik, beste emakume batzuek ere pairatzen dutela».

Parte hartzeko ez da izen ematerik egin beharko, nahikoa izango da egun horretan bertara azaltzearekin. Zalantzarik izanez gero, Andragora Tolosaldeko Emakumearen Etxearekin harremanetan jarri ahal izango da, hiru bide hauetako bat erabilita: 943 00 89 67 telefonora deituta, andragora@andragora.eus helbidera idatzita edo etxera bertaratuta.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA