Tolosako Plaza Zaharrean batutako ehundaka herritarrek ezetz! esan dute isiltasunik ozenenean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/05/29 | Berdintasuna

Tolosako eta Ibarrako Udalak, Emakumeen Taldeek, Mugimendu Feministak eta kolektibo sozialek Plaza Zaharrean arratsaldeko 19:00etarako deitutako elkarretaratzean ehundaka lagun batu dira azken sexu erasoa gaitzesteko. Bertan izan dira aipatutako erakunde eta eragileak, Batzar Nagusietako Lehendakariden Eider Mendoza eta baita Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun zuzendaria ere.

Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, erasoa jasan duen emakumeari Udalak eskura dituen baliabide eta tresna guztiak eskaini zaizkio, psikologikoa zein juridikoa. “Duela hilabete plaza honetan batu ginen honelako jokabideei irmo ezetz! esateko. Guk Tolosan, ez beste inon, ez dugu horrelako gertakaririk nahi, eta ekiditeko lanean jarraituko dugu. Errespetua da gizartearen oinarri, berdinak gara, eta jarrera matxista hauek ez dute lekurik gurean” adierazi du.

Azken gertaera hau "emakumeen askatasunaren aurkako ekintza guztiz baztergarria" dela salatu du Foru Aldundiko Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak. Nabarmendu duenez, kontuan hartzekoa da eraso hau festa giroan gertatu izana eta, hori horrela, Gipuzkoako gizarte osoari dei egin dio edozein motatako jokaera sexistarekiko "zero tolerantzia" izan eta "guztion artean bermatzeko, emakumeek zein gizonek, jaietan parte hartzeko askatasun, errespetu eta segurtasun osoa izatea".
15 minutuko isilunearen ostean Udalek eta Mugimendu Feministak honako manifestua irakurri dute:

'Erasorik ez erantzunik gabe'

“Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu Tolosa eta Ibarrako Udalek, eta bi herri hauetako Emakumeen Taldeek, Mugimendu Feministak eta kolektibo sozialek elkarretaratze honetan parte hartzeagatik.
Era berean, gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi diogu erasotutako neska gazteari zein bere inguruneari, jasandako erasoa biziki salatuz eta arbuiatuz.

Emakumeen aurkako eraso hauen sustraiak daude emakumeek bizitzako esparru askotan nozitzen duten egiturazko desberdintasun-egoeran, beren egoera soziala, heziketa edo nazionalitatea edozein dela ere.

Emakumeek ez dute inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian, edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin duten harremana; indarkeria beti da egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna.

Ez zaude bakarrik, argi esan nahi dizugu. Emakume bat erasotzen dutenean guztiak erasotzen gaituzte. Nazkatuta gaude! baina ez etsita, eta gero eta indar gehiagorekin oihukatuko dugu ez dugula eraso bat bera pasatzen utziko.

Horretarako, ezinbestekoa dugu emakumeok ahalduntzea eta gure artean antolatzea, saretzea eta babestea. Autodefentsa Feminista deitzen diogu horri. Gizonei ere feminismoarekin bat egin dezatela eskatzen diegu, bakoitza bere ardura eta egin beharrekin. Euren maskulinitatea zalantzan jartzea beharrezkoa da; gizon eredu bakarra zergatik nagusitzen den ulertu eta hau iraultzea, horrela, gizon bakoitzak bere buruari zein inguruneari eredu berriak exijitzea dagokio. Eredu berri horietan sexualitateak ezin du emakumeenganako indarkeria, boterea eta dominazioarekin lotuta egon. Ez gara nahi erara erabili daitezkeen gauzak, sujetu aktiboak baizik. Eta ororen gainetik EZ, EZ DA.
Gaur eraso zehatz bat salatzeko elkartu gara, baina gogoratu nahiko genuke emakumeen aurkako erasoak asko eta mota askotakoak izan ohi direla. Horiek guztiak amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako.

Bukatzeko, berriz ere, mila esker guztioi hona etortzeagatik”.

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA