Tolosaldeko Emakumeen Etxea definitzeko parte-hartze prozesuak aurrera darrai

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/25 | Berdintasuna
  • Datozen urratsak zehazteko lan taldeak -talde eragilea, motorra, politiko-teknikoa eta Emakumeen Gune zabala- lanean jarraitzen dute eta uztaila bitartean hainbat bilera egingo dituzte, besteak beste, etxearen araudia eta funtzionamendua, finantziazioa eta dinamitzailearen kontratazioa definitzeko

  • Dagoeneko aurreproiektua egina dago eta behin hori onartuta, hirigintza sailak proiektua egiteko eskaera egingo du, 2020ko aurrekontuetan ere Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko aurrekontu partida jasoko da

 

Tolosako Udalak Tolosaldeko Emakumeen Etxearen proiektuaren baitan lanean darrai. 2016. urtean ekin zitzaion proiektuari. Hasiera batean, herri ezberdinetako ereduak aztertu eta Basauri eta Donostiako Etxeak bisitatu ziren. Lan talde politiko-teknikoa ere sortu zen Etxearen arrazoi, definizio eta eskainiko ziren zerbitzuen inguruan hausnartzeko.

2018an parte-hartze prozesua abiatu zen emakumeekin elkarlanean proiektua garatzeko. “Orain arteko ibilbidea erabat aberasgarria izan da, oso talde anitzak parte hartu du prozesuan, adin, jatorri eta formakuntzari dagokionez, eta Tolosako zein Tolosaldeko emakumeek parte hartu dute prozesuan, eskualdeko izaera duen espazioa izango baita” azaldu du Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek. “Hortaz, elkarlana oinarri izan duen prozesua izan da; Emakumeen Etxeak erreferentziazko gune bat izan behar du emakume guztientzat, eta horregatik, hasieratik inplikatu ditugu emakumeak proiektuan; elkar-ezagutzeko, elkarlanean ekimenak garatzeko eta antolatzeko, emakumeen topaketarako eta eztabaida eta hausnarketarako gunea izango da” baieztatu du alkateak.

Bertan antolatzen diren ekimenen bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, arlo guztietan, sustatu nahi dela adierazi du alkateak. Parte hartze prozesuaren lehen faseei amaiera emanda, orain etxearen araudia eta funtzionamendua definitu, finantziazioa zehaztu eta dinamizatzailearen kontratazioa bideratuko da. Lan horiek burutzeko,4 lan taldeak biltzen jarraitzen dute: talde eragilea, motorra, politiko-teknikoa eta Emakumeen Gune Zabala. Aipatu taldeek 2020ko uztaila bitartean hainbat bilera egingo dituzte eta datorren bilera azaroaren 20an izango da.

Tolosaldeko Emakumeen Etxeak hainbat eta hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko ditu, Udaleko Berdintasun Saila bertan kokatuta egongo da, baina jarduera guzti horiek aurrera eramateko beharrezkotzat jo da dinamizatzaile bat kontratatzea. Besteak beste, ondorengo jarduera eta zerbitzuak eskainiko ditu: Jabetze Eskolaren jarduerak; informazio zerbitzua, harrera eta arreta juridikoa, arreta psikologiakoa, ikasketen homologazioa; Indarkeriarekin lotutako Zerbitzuak; Emakume taldeen jarduerak eta egoitza eta Sexologia zerbitzua, besteak beste.

Dagoeneko aurreproiektua egina dago eta behin hori onartuta, Tolosako Udaleko hirigintza sailak hirigintza proiektuaren eskaera egingo du. 2020ko aurrekontuetan ere partida bat jasoko da Tolosaldeko Emakumeen Etxerako; espazio berria sortzeko inbertsioa, bere osotasunean, Udalak egingo baitu. Halaber, Emakumeen Etxea sozializatze aldera, bideo bat ere sortuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA