Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko bilera irekia ekainaren 2an

Tolosako Udala
2021/05/31 | Berdintasuna
  • 18:00etatik 20:00etara izango da Amarotzeko Auzo Etxean eta eskualdeko emakumeei dei egiten zaie parte har dezaten.

  • Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko parte hartze prozesuaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean, www.tolosa.eus

 

Tolosaldeko Emakumeen Etxea Tolosan eta eskualdean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzea helburu duen proiektua da, eta estrategikoa da Udalarentzat.

2018an abiarazi zen Tolosaldeko Emakumeen Etxea definitzeko parte hartze prozesua, eta aurtengo maiatzean hasi da azken fasea, eta 2022ko martxora arte luzatuko da. Orain arteko lau lantaldeak mantenduko dira azken fase honetan ere - Talde Motorra, Lantalde politiko-teknikoa, Talde Eragilea eta Emakumeen Gune Zabala- eta Etxearen kudeaketa eredua finkatu, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta erreglamendua, funtzionamendua eta programazioa erabakiko dira.

Maiatzaren 10ean elkartu zen Talde Eragilea azken fasea abiarazteko, eta ekainaren 2an izango da azken fase honetako Emakumeen Gune Zabalaren lehen bilera irekia, 18:00etatik 20:00etara Amarotzeko Auzo Etxean. Tolosako eta eskualdeko emakumeak deitu dituzte bileran parte hartzera, guztien ekarpenak kontuan izanik garatzeko Tolosaldeko Emakumeen Etxea.

Lehen bilera honetan azken fase hau aurkeztu eta kontrastatuko da, baita kudeaketa-ereduaren proposamena ere, eta hurrengo urratsak zehaztu eta baloratuko dira.

 

Tolosaldeko Emakumeen Etxea elkarrekin eraikitzen

Emakumeen Etxea erreferentziazko gunea izango da eskualdeko emakume guztientzat, elkargune bat elkar ezagutzeko, elkarlanean feminismoaren aldeko ekimenak antolatzeko eta emakumeen arteko eztabaida eta hausnarketa sustatzeko.

Hainbat jarduera eta zerbitzu eskainiko ditu, besteak beste: Jabetze Eskolaren jarduerak; informazio- eta harrera- zerbitzua eta arreta juridikoa; arreta psikologikoa; sexologia-zerbitzua; ikasketen homologazioa; indarkeria matxista prebenitzeko eta aurre egiteko zerbitzuak; emakume-talde eta eragile feministen jarduerak garatzeko espazioa. Udaleko Berdintasun Saila ere bertan kokatuta egongo da.

 

Prozesuaren inguruko informazio guztia udal webgunean

Tolosako udal webgunean (www.tolosa.eus) atal bat sortu da Tolosaldeko Emakumeen Etxearen partaidetza prozesuaren inguruko informazio eta dokumentazio guztia biltzeko (bileren deialdiak, aktak…), eta egitasmoan parte hartzeko edota egitasmoarekin lotuta ekarpenak egiteko berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.