Tolosako Udaleko Berdintasun Sailak lehentasunezko gaitzat du herriko emakume gazteen parte-hartze sozio-politikoa eta jabetze indibidual nahiz kolektiboa sustatzea. Izan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoak (2015) erakusten du, indarkeria matxistagatik Gizarte Zerbitzuetan artatutako emakumeen artean, gazteen kopurua esanguratsua dela; jarduera-mota ezberdinetan (kirolean, musikan, kulturan, jaietan, etab.) emakume gazteek espazio publikoan duten presentzia nabarmen urriagoa dela, eta sexuaren araberako segregazioa espazio gehienetan (hezkuntzan, aisialdian, etab.) mantentzen dela. Horregatik, errealitate hau eraldatzeko, emakume gazteekin berariazko lanketak egiten hasia da Udala, eta orain, proiektu honen bitartez, hasitako bide horri jarraipena eman nahi zaio.
Maite Ruiz de Eguilazek, Berdintasun zinegotziak, adierazi duenez, proiektuaren helburu nagusia Tolosako emakume gazteekin esparru jakinetan bizi duten egoeraren inguruko “gogoeta kolektiboa” egitea da: “errealitate horiek hobetzeko eta eraldatzeko estrategiak landu nahi dira”. Lan horiek egiteko prozesua abiatu dugu beraz, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Zinegotziak prozesuaren protagonista nagusiak Tolosako emakume gazteak izango direla nabarmendu du: “aniztasuna izango da prozesuaren ardatz nagusia, ahalegin berezia egingo dugulako emakumeen parte-hartzea ahalik eta zabalena izan dadin, eta jatorri, adin, izaera eta interes ezberdinetako emakume anitzek parte hartu dezaten”.
Gogoeta kolektibo horiek azaroan egingo dira, eta bertan arlo ezberdinetako emakume gazteek hartuko dute parte. Zehazki, arlokako talde hauek sortuko ditugu:
-
Kultura, jaiak eta musika: askotariko kultura-elkarteetan inplikatuta dauden emakume gazteak, artistak, sortzaileak, etab.; jaietan aktiboki edo herritar gisa parte hartzen dutenak; eta musikaren arloan dabiltzanak (musika-eskolako ikasleak, musika-taldeetan parte hartzen dutenak…).
-
Aisialdia eta gazte-lokalak: lokalak erabiltzen dituzten emakume gazteak edota, lokalen erabiltzaile izan ez arren, adin bertsukoak diren emakume gazteak; aisialdi-taldeetan dabiltzanak; Topaguneako erabiltzaileak, etab.
-
Kirola: eremu ezberdinetan dabiltzan emakume gazteak, esaterako: arraunean, txirrindularitzan edo pilotan ari direnak, kirol-elkarteetan parte hartzen dutenak nahiz horietatik kanpo dauden emakume kirolariak; kiroldegiko erabiltzaileak, ikastaroetan parte hartzen dutenak, etab.
-
Zaintza-lan ordaindua: zaintza-lanetan ari diren emakume gazteak.
Lehen bilera ostiral honetan izango da
-
Kirola. Azaroak 10, Ostirala. 17:30-20:00. Lekua: Tolosako Kultur Etxeko Areto Nagusian.
-
Zaintza lan ordaindua. Azaroak 11, Larunbata. 17:00-19:30. Lekua: Tolosako Kultur Etxeko Areto Nagusian.
-
Kultura, jaiak eta musika. Azaroak 14, Asteartea. 18:00-20:30. Lekua: Tolosako Kultur Etxeko Areto Nagusian.
-
Aisialdia. Azaroak 15, asteazkena, 18:00-20:30. Lekua: Tolosako Kultur Etxeko 1-2-3 gelan.
Behin talde-mailako hausnarketa eginda, Emakume Gazteen Topaketa egingo da abenduan. Xehetasunak aurrerago emango dira.
Gaiarekin interesa duen emakume oro ongi etorria izango da prozesu honetara. Edozein zalantza argitzeko, Udaleko Berdintasun Sailarekin jar zaitezke harremanetan 943 69 75 00 telefono-zenbakira deituz edota berdintasuna@tolosa.eus -era idatziz.