- Azaroaren 9ra arte eman daiteke izena Beldur Bariken, eta abenduaren 14ra arte Hi haiz, hi!n.
- Azaroaren 24an ospatuko da Euskal Herriko topaketaren 8. edizioa Gasteizen eta Tolosako Hi haiz, Hi! jaialdia, berriz, abenduaren 19an Topic-en.
- Lehiaketen helburua da, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea da.
- Iazko edizioan, Hi haiz, Hi! Lehiaketan, 10 lan aurkeztu eta 50 partaide inguru izan ziren; Beldur Bariken, Euskadi mailan, 390 lan eta 2.664 gazte.
Abian dira Beldur Barik 2017 lehiaketa eta Hi haiz, Hi! jaialdia. Azaroaren 24an ospatuko da Euskal Herriko topaketaren 8. edizioa Gasteizen eta Tolosako Hi haiz, Hi! jaialdia, berriz, abenduaren 19an, arratsaldeko 20:00etan, Topic-en. Lehena Emakunderen eskutik Euskadiko Udalekin elkarlanean eta bigarrena berriz, Tolosako Udaleko Berdintasun eta Gazteria sailek sustatua.
Aurtengo edizioko leloa "Beldur barik jarrera partekatu" izango da. Lehiaketen helburua da, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea. Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira. Hain zuzen, proiektu parte hartzaileek Beldur Barik jarrera hori islatu behar dute.
Jada zabalik daude bietan parte hartu ahal izateko izen emateak; azaroaren 9ra arte eman daiteke izena Beldur Bariken, eta abenduaren 14ra arte Hi haiz, hi!n. Lanak ere epe muga horretarako aurkeztu behar dira. www.beldurbarik.org web orriko galdetegia betez egin behar da Euskal Herrikoaren kasuan, eta Hi haiz, Hi!-n Gazteria eta Berdintasun departamentuekin harremanetan jarri behar da: gazteria@tolosa.eus eta berdintasuna@tolosa.eus posta elektronikoen bidez. Jakin, Tolosaldeko EAEko Beldur Barik Lehiaketara aurkezten diren lanak automatikoki Tolosako Hi haiz, Hi! jaialdiaren lehiaketan txertatuko direla.
Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan, Hi haiz, Hi! Lehiaketan, 10 lan aurkeztu eta 50 partaide inguru izan ziren; Beldur Bariken, Euskadi mailan, 390 lan eta 2.664 gazte. Datuek erakusten dute, beraz, urtez-urte haziz doala lehiaketaren harrera ona.
Sariek mailaketa ezberdina dute. Beldur Bariken onakoa da sailkapena: 1. kategoriako sari nagusia (500 euro) eta aipamen berezia (300 euro); 2. kategoriako sari nagusia (500 euro) eta aipamen berezia (300 euro); ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria (300 euro); eta parte-hartzeari saria (300 euro). Hi, Haiz, Hi!-n: 225 euroko bi sari egongo dira; kategoriak kontuan izan gabe banatuko dira.
Bi lehiaketak elkarren artean lotuak daude: helburu berdinak dituzte, baina baldintza ugari dira desberdinak, ondoren xehetuak puntuz puntu:
Ze baldintzak bete behar ditu nire lanak?
-
Proposamenek lehiaketaren helburuari erantzun behar diote: indarkeria sexista prebenitzea. Proposamenen edukiek helburuarekin zerikusirik ez badute, edo horren aurka egin zein kalterakoak badira, lehiaketaren antolatzaileek erabaki dezakete lana ez onartzea.
-
Proposamenak originalak izan behar dira.
-
Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada Beldur Bariken kasuan: flashmob, kamera aurrean errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak, argazkiak, argazki-muntaiak, fotonobelak, lipdubak, dantza, film laburrak, animazio proiektuak, proiektuak edo artelanak bideoan aurkeztea, performanceak eta kaleko esku hartzeak, etab. Lanak bideo-plataforma (Youtube edota Vimeo) batera esteka jarriz aurkeztu behar dituzue.
Hi haiz, Hi!-n ez da beharrezkoa proposamenak ikus-entzunezko euskarrian aurkeztea.
-
Beldur Bariken 3 proiektu aurkez daitezke pertsona edo taldeko gehienez; Hi Haiz, Hi!-n ez dago mugarik.
-
Piezak euskaraz, gaztelaniaz, bietan, edo beste hizkuntza batean aurkeztu ahal dira (azken kasu horretan, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin).
Hi haiz, Hi!-ren kasuan, lanak edozein hizkuntzatan aurkeztu daitezke, betiere, euskaraz egindako itzulpena erantsiz gero.
-
Proiektuek gehienez 5 minutu iraungo dute, kreditu-tituluak barne.
Informazio gehiagorako bi lehiaketen oinarriak atxikita.