-
Aurtengo ekintzak egungo egoerara egokitu dira, beharrezkoak diren prebentzio neurri guztiak bermatuz berdintasunaren aldeko lanketa egiten jarraitzeko.
-
Olatz Peon, Tolosako alkatea: “aurten gizon eta emakumeen arteko berdintasuna egungo egoerara egokituta aldarrikatuko dugu. Sail ezberdinen parte hartzearekin osatu dugu M8aren inguruko ekintzen egitaraua, genero zeharkakotasuna udaleko barne kulturan txertatzeko egiten ari garen lanketaren eta urratsen adierazle. Hain zuzen ere, legealdiko helburuetako bat delako politika publikoen diseinu eta garapenean ikuspegi feminista barneratzea eta genero berdintasuna zeharkakotasunez lantzea.”
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko sail desberdinen parte hartzearekin, zeharkakotasunez osatutako egitaraua aurkeztu dute gaur Tolosako Udaleko alderdi guztietako ordezkariek. Aurtengo egoerara egokitutako ekintzak egingo dira, beharrezkoak diren prebentzio neurriak bermatuz.
Olatz Peon, Tolosako alkateak adierazi duenez, “sail ezberdinen parte hartzearekin osatu dugu M8aren inguruko ekintzen egitaraua, genero zeharkakotasuna udaleko barne kulturan txertatzeko egiten ari garen lanketaren eta urratsen adierazle. Hain zuzen ere, legealdiko helburuetako bat delako politika publikoen diseinu eta garapenean ikuspegi feminista barneratzea eta genero berdintasuna zeharkakotasunez lantzea.”
Alkateak adierazi du oraindik berdintasun alorrean bide luzea dagoela egiteko, hainbat alorretan hobekuntzarako tarte handia baitago. Horregatik, Tolosako Udalak irmoki jarraituko du berdintasunaren aldeko lanketa egiten eta sustatzen, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromisoa berresten duten ekintzak aurrera eramaten. “Errealitateak erakusten digu berdintasuna lortzetik urrun gaudela hainbat esparrutan eta horrek beharrezkoagoa egiten du berdintasunaren aldeko politika publiko eraginkorren sustapena, gizarte ereduaren aldaketarako herri inklusiboago, orekatuago eta berdinzaleago baten alde.”
Tolosa berdinzaleago bat sustatzeko egitaraua, sail desberdinen ekarpenekin osatua
Tolosako Udalak sail ezberdinen parte hartzearekin eta hainbat eragilerekin elkarlanean osatu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko egitaraua.
Apirilaren 10era bitarte egongo da Itzalpeko Emakumeak erakusketa ikusgai Aranburu Jauregian, 17:30etatik 20:30etara. Helburu du gerra garaiko eta gerraosteko indarkeria jasan zuten emakume antzindariak omentzea.
Gaur, martxoak 5, Txanogorritxotik otso emera antzerkia dago ikusgai 19:00etan Leidorren. Dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude. Asteburuan, berriz, “Entre nosotras” filma egongo da ikusgai Leidorren larunbatean eta igandean 19:00etan. Sarrerak kutxako webgunean eta Leidorreko leihatilan daude eskuragarri.
Martxoaren 8an, astelehena, 17:00etatik 20:00etara Itzalpeko Emakumeak erakusketako emakumeen biografiak Wikipedian sartzeko lantegia egingo da erakusketan bertan, Aranburu Jauregian, Tolosaldepedia egitasmoaren baitan. Norberak bere ordenagailua eraman beharko du.
Bestalde, martxoaren 9an mahai ingurua egongo da 19:00etan zoom bidez. Zaintza-sistema publiko baterako ekarpen feministak, erantzukizun partekatua eta kolektiboa izango da gai Nagusia. Hiru hizlarik hartuko dute parte: Matxalen Legarreta Iza, Lore Lujambio Etxeberria eta Jone Arrazola Maiztegi. Legarreta soziologian doktorea izateaz gain, EHUko Soziologia eta Gizarte Laguntza Saileko irakaslea da; Lujambio, berriz, EHUko doktoregaia eta militante feminista da, eta Arrazola Emagineko kidea eta Bizitzak Erdigunean Koordinadorako kidea. Ekimenera sarbidea lortzeko, herritarrak harremanetan jarri behar dira udaleko Berdintasun sailarekin berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatziz edo 943 670 383 telefonora deituz.
Martxoaren 15ean, astelehena, 18:00etan, “Andrezaharraren Manifestua” liburuaren inguruko solasalfia egongo da Kultur Etxeko areto nagusian, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdiren eskutik.
Azkenik, Martxoaren 22, 23, 24, 25 eta 26an Zinegoak, Gaylesbitrans Nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren baitan, emakumeek zuzendutako 6 laburmetrai ikusi ahal izango dira online. Ekimen honetara sarbidea lortzeko ere, jarri berdintasun sailarekin harremanetan aurrez aipatutako bideetatik.