Azaroaren 15ean enplegunea egingo da lehiberrin, 5. Aldiz. 70 Lanpostutik gora egongo dira aukeran, haietatik 48 diruz lagunduak, eskualdeko langabeentzat.
Tolosako Udalak, eskualdeko udal guztien izenean, eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, eta Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan, Tolosaldeko bostgarren Enplegunea egingo da azaroan. Honako hau Azaroaren 15ean gauzatuko da Lehiberri zentroan. Bertan aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratu nahi dituzten eskualdeko enpresak eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko herritarrak.
Lehiberrin gauzatutako aurkezpenean Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, nabarmendu du Enplegunea tresna “oso eraginkorra” dela lan bila dabiltzanek aukera izan dezaten lan munduan txertatzeko, eta baita gizarteari begira ere, enpresen kontratazioaren informazioa zabaltzen delako: “honelako programek ahalbidetzen dute hain eskatuak ez diren profilak (adin tarteagatik, generoagatik edota formakuntzagatik esaterako) lan merkatuan txertatzea, eta baita, lehen lan aukera sustatu, autoenpleguari babesa eman eta prestakuntza bultzatzea ere, Hazilan programa edota Lanbide Heziketa Institutuarekin elkarlanean garatzen ditugun formakuntza ikastaroen bitartez”.
Datuetan sakondu du alkateak: “aurreko lau edizioen datuak oso positiboak dira”. Azken edizioko datuak guztiz itxi gabe daude, baina Enplegunearen lehen hiru edizioetan, 150 lanpostutik gora eskaini ziren diruz lagunduta, eta langileen %70ak lan merkatuan jarraitu du. Esaterako, 2016/17ko Planean, 55 pertsona kontratatu zituzten eskualdeko enpresek proiektu honen bitartez, 32 emakume eta 23 gizon. Egun, 55 horietik 39k lan merkatuan jarraitzen dute diruz lagundutako kontratazio-epea bukatu eta gero: gehienak jarraitu dute lanpostu berean, %70a, eta gainontzekoak, administrazio publikoan lan egin ostean, enpresa pribatura sartu direnak dira.
Eskualdeko ekonomia eta enplegu egoerari erreparatuz, orokorrean, “hobetzen doa eta etengabea ari da izaten lan errekuperazioa” Olatz Peon Ormazabalek adierazi duenez. “Eta langabezia datuetatik haratago (%9,4 iraila bitarte), badira datu positibo ugari hobekuntza bide horretan goazela adierazten dutenak: 2018an esaterako, hobekuntza nabarmena da nabari kontratuen kalitatean, mugagabeak direnak %12 igo baitira. Baita orokorrean kontratu kopurua ere”.
Tolosako alkatearen iritziz, langabetuaren profila aldatzen ari da eta erronka berriak ditugu aurretik: “Tolosaldeko enpresa sarea batez ere enpresa txiki eta ertainek osatutakoa da, %93 dira 10 langiletik beherakoak. Horrek estrategia bereziak eskatzen ditu gure ingurunean. Bestalde, indartsu egiten gaitu gure enpresen izaera industrialak. Gipuzkoako hirugarren eskualde industrialena gara, eta industriak kalitate handiagoko enplegua sortzen du. Eta mugimendua dago enpresen sorreran, batez ere, hazkunde potentzial handiko sektoreetan, elektromugikortasuna tarteko. Eskari horri erantzuteko dugu abian Apattaerrekako 2. fasea edota Tolosako UdalakUsabal Industriagunea eraberritzeko azterketa”.
“Etorkizuneko enpleguan heziketa erakundeek zeresana izanen dute eta estuki ari gara lanean jada” gaineratu du. “Langabetuen eta enpresek eskainitako lanpostuen profilen artean tartea dago, ezberdintasunak daude. Enpresek kualifikazio altuko pertsonak behar dituzte. Esaterako Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan ez dira iristen enpresen eskariari aurre egitera”. Tolosaldea Garatzenetik bultzatzen den Hazilan programari egin dio erreferentzia: “Kasu honetan nabarmena da, esaterako, Hazilan gazteen formakuntza sustatzeko programan praktikak egin eta Enplegu plangintza honetan parte hartzen duten gazteen %100-ak jarraitzen duela lan merkatuan. Aldiz, langabetuen proportzio handi bat, %53a, iraupen luzekoa da, eta kolektibo jakin batzuk arazo bereziak dituzte lana topatzeko orduan (kualifikazio apaleko pertsonak, 45 urtetik gorakoak,…). Horiei erantzuten die ere Enpleguneak. Epe ertain luzera, behar desberdin horien arteko baterakuntza da gure erronka nagusiena”.
Enplegunearen helburua izango da 70 langabetutik gora lan merkatuan sartzea. Hori dela eta, egitasmoaz herritarrei zuzenan informatzeko hainbat saio informatiboak antolatu dira. Bertan prozesuaren eta lanpostuen inguruko azalpenak eman dira. Bertaratu direnak lanpostuak banan banan ezagutzeko aukera izateaz gain horietan izenemateko aukera izan dute.
Kontratazioak enplegunea egin eta abenduaren 31 baina lehen egin beharko dira eta sei hilabeteko luzapena izango dute gutxienez laguntza jaso dutenak. Bestalde, lanaldi osokoak izango dira kontratuak.
Prospekzio lana
Tolosaldea Garatzenek egin du prospekzioa, hau da, programan parte hartzeko interesa izan zezaketen enpresak bilatzen aritu da. Tolosaldean kokatuta dauden enpresak dute lehentasuna programan eta honakoei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) %75 arte finantzatuko zaie (gehienez 6.000 euroko laguntza izango da). Honetaz gain, aipatzeko da ere, kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia suposatuko duela, eta horrela egiaztatu beharko dutela dagokion tokian.
Lanpostuen zerrenda atxikita. Adjunta la lista de puestos de trabajo.