-
Azoka urriaren 10 eta 11n ospatuko da Lehiberri zentroan goizeko 9:00etatik 15:00etara
-
Guztira 80 lanpostu eskainiko dira eta horietatik 45 diruz lagunduko dira
-
Helburua da langabezian dauden herritarrei lan aukera berriak eskaini eta ahalik eta pertsona gehien lan merkatuan sartzea
Azken urteotan langabezia tasak behera egin du eskualdean, baina badira oraindik ere langabezian dauden hainbat herritar. Ia erdiak gainera emakumezkoak dira, eta lan merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten herritarren artean daude 40 urtetik gorakoak, formakuntzarik gabekoak eta etorkinak.
Hori dela eta, beharren araberako lan aukera berriak eskaintzea funtsezkoa da eta horixe du helburu udal ezberdinen babes eta laguntzarekin Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren bitartez kudeatzen den Enplegu Planak.
Tolosaldea Garatzenek Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan, Tolosaldeko 6. Enplegune azoka ospatutako da urriaren 10 eta 11n Lehiberri Zentroan 9:00etatik 15:00etara.
Enplegu azokan aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten enpresak eta lan bila dabiltzan herritarrak eta helburu nagusia da 80 langabetutik gora lan merkatuan sartzea. Hori dela eta, egitasmoaren berri emateko 3 saio informatibo antolatu dira, horietan prozesuaren eta lanpostuen inguruko azalpenak emango dituzte Enplegu zerbitzuko teknikariek.
Olatz Peon Ormazabalek, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak adierazi du denborak erakutsi duela Enplegu Plana eta enplegu azoka lan tresna eraginkorrak direla azken urteotako emaitzak oso positiboak izan direlako. “Azken 4 edizioetan 150 lanpostu diruz-lagundu dira eta %70ak lanean jarraitu du diruz-lagundutako epea amaitu eta gero; joan den urteko edizioan, 2018an, 70 lan eskaintza baino gehiago eskaini ziren enplegu azokan, 45 diruz-lagunduta eta ia erdiak lanean jarraitu du diruz-lagundutako epea amaituta” azaldu du Olatz Peonek, “7 pertsonei,gainera, kontratu finkoa egin zaie” gaineratu du.
“Enplegu sorrerak eta ekonomiaren joera onak bermatzen du gizarte ongizatea eta horregatik lehentasunezkoa da guretzat jarduera ekonomikoa sustatu eta enplegu aukera berriak sortzea, horretarako, elkarlanean arituko gara Tolosaldea Garatzen eta Lanbiderekin eta estrategikotzat jotzen dugu enpresengandik gertu egotea beren beharrak ezagutzeko eta lanbide heziketa enpresen behar horietara egokitzeko gazteek lan aukera gehiago izan dezaten; industria sare indartsu eta lehiakorra izateko programak eta laguntza lerro berriak bultzatu behar ditugu; merkataritza eta lehen sektore indartsua sustatze aldera, lehiakortasunerako bideak jorratu eta belaunaldi aldaketari bidea eman beharko diogu; hazkunde potentzian handiko sektoreak, elektromugikortasuna esaterako, sustatu, baita Apatta industriagunearen 2. fasea ere enpresa berriak erakarri eta kalitatezko enplegua sortzeko, egungo zein etorkizuneko beharrei eta erronkei erantzunez” azaldu du.
54 enpresa eta 80 lanpostu
Tolosaldea Garatzenek egin du prospekzioa, hau da, programan parte hartzeko interesa izan zezaketen enpresak bilatzen aritu da. Tolosaldean kokatuta dauden enpresek dute lehentasuna programan eta honakoei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) % 75a arte finantzatuko zaie (gehienez 6.000 euroko laguntza izango da). Honetaz gain, aipatzekoa da ere, kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia suposatuko duela, eta horrela egiaztatu beharko dutela dagokion tokian.
Diruz-lagundutako kontratazioak abenduaren 30a baino lehen egin beharko dira eta sei hilabeteko iraupena izango dute. Bestalde, lanaldi osokoak izango dira kontratuak.
Ikusi lan eskaintza guztiak hemen.
Zalantzaren bat izanez gero eta saio hauetara joan ezin badu norbaitek emailez eta telefonoz ere egin ditzake kontsultak: 943 654 501 edota lan@tolosaldea.eus -era idatziz.