Joskintzako ziurtagiri profesionala eskuratzeko formazioa eskainiko da, lehen aldiz, Tolosaldean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/01/30 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboetako pertsonen formazioa indartu eta lan aukerak sustatzeko helburua du ‘Josi ta josi’ egitasmoak
  • Tolosaldea Lab, eskualdeko Enpleagarritasun eta Inklusio Mahaiko sei erakundek osatu dute proiektua, elkarlanean


Enplegu ikuspegitik zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboen laneratzea indartzea da eskualde mailako lan alorreko erronka nagusienetako bat.
Badira urteak Tolosaldea Garatzen eta beste hainbat erakunde eta elkarte elkarlanean ari direla egoera horiei irtenbideak emateko.
Lan munduan sartzeko oinarrizko formazioa behar duten pertsonentzat gaitasun profesionalen ziurtagiriak eskaintzea izan da bideetako bat. Duela bi urte, esate baterako, lanbide-heziketako irakaskuntzan edo logistikan aritzeko ziurtagiriak eskuratzeko ikastaroak antolatu ziren. Bada, datozen bi urteetan, joskintzan trebatzeko aukera eskainiko da, ‘Josi ta josi’ egitasmoaren bidez.
Formazio saioetan, joskintzari buruzko teknikak jorratzeaz gain, zeharkako gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena landuko da. Banakako orientazioa eta laneratzeko laguntza ere eskainiko zaie parte hartzaile guztiei.
Sei erakunde elkarlanean
Tolosaldea Lab, eskualdeko Enpleagarritasun eta Inklusio Mahaia osatzen duten sei erakunderen elkarlanetik sortu da ‘Josi ta Josi’ egitasmoa.
Zutani elkarteak idenfitikatu zuen inolako formazio arauturik gabe joskintzan aritzen direnei ziurtagiri profesionala eskaintzeko beharra. Tolosaldea Garatzenek hartu zuen ideiari forma emateko eta koordinatzeko ardura, Enplegu eta Aniztasun Saileko teknikarien eskutik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatu du proiektua, eta horri esker, Besteak beste, ikastaroa eskaini ahal izateko bere instalazioak homologatu ditu Inmakulada Lanbide Heziketa ikastolak, eskualdean ez baitago horrelako zerbait hartzeko inongo azpiegiturarik. Parte hartzaileen bilaketan ere bidelagun izan dira Fundación Emplea eta Jatorkin Al-Nahda elkartea ere.
Bi talde
Bi urtez luzatuko da proiektua, eta denbora horretan bi talderekin egingo da lan. Lehen taldea martxan da dagoeneko, 17 pertsonarekin, eta urrira arte jasoko dute formazioa, guztira 390 bat orduz. Eta ondoren, prozesuari amaiera emateko, praktikaldia egingo dute eskualdeko enpresaren batean.
“Laneratzeko arazoekin dauden kolektibo zaurgarrienekin egingo dugu lan proiektu honetan: emakumeak dira parte hartzaile gehienak, denbora luzez lanik gabe egon direnak. Kontziliazioa ere kontuan izan dugu ordutegiak eta egutegia zehazteko”, azaldu du Leire Otaegi Larrarte, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu arduradunak.
Bigarren taldea 2023ko urrian hasiko da martxan, eta 2024ko ikasturtean zehar jasoko du formazioa. Bigarren talde honetan parte hartzeko interesa lukeen edonork, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 654 501 telefono zenbakira deitu dezake.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA