Suspertu Tolosa bonu-kanpaina berrian parte hartzeko deia, merkataritza eta zerbitzu establezimenduei

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/04/12 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek apirilaren 13tik 23ra eman ahal izango dute izena; bonuen salmenta, berriz, maiatzaren 3an abiatuko da.

  • Aurreko esperientzietako ekarpenak kontutan izanik, hobekuntzak izango ditu aurtengo edizioak

 

Tolosa eta bere hiri ekonomia suspertzeko iaz martxan jarritako bonu kanpainek izandako harrera ona eta arrakasta ikusirik, hirugarren kanpaina bat abiatuko du, apirilean, Tolosako Udalak, Tolosa&Co merkatari elkartearen laguntzarekin.


 

Herriko saltoki eta zerbitzu establezimenduak laguntzea izan zen Suspertu Tolosa bonuen lehen xedea. Ostalaritza sektoreari bultzada emateko bonuak sortu ziren gerora. Bada, oraingoan, berriro ere herriko merkataritza hauspotzeko helburua izango du kanpainak.


 

Hobekuntzekin dator, gainera, aurtengoa. Izan ere, aurrez parte hartu zuten merkatarien iritzia ere hartu da kontutan kanpaina osatzeko. Asebetetze inkestetan, batez beste zortzi puntu jaso zituen iazkoak; jasotako ekarpenak kontutan izanda, prozedura bera eta merkatari nahiz erabiltzaileen esperientzia hobetzeko zenbait neurri hartu dira.


 

Hiru hobekuntza nagusi

 

Gauzak horrela, aurten bonu mota bakarra salduko da. 20 euroko salneurria izango dute, eta bakoitzari 10 euro gehituko dizkio udalak. Hortaz, erosketa txartelen azken balioa 30 eurokoa izango da.


 

Bonuen online salmenta maiatzaren 3an abiatuko da. Baina aurten, gainera, informazio puntu bat ere jarriko da Trianguloan, laguntza behar dutenentzat edo erosketa online egiteko baliabiderik ez dutenentzat. Modu horretara, jende gehiagorengana iritsi ahal izatea ahalbidetu nahi da.


 

Bestalde, kanpainan parte hartzen duten establezimenduek ez dute amaierara arte itxaron beharko diru-laguntza jasotzeko. Aurten, data aurreratu eta laguntzaren %90a maiatzan jasoko dute merkatariek.


 

Saltokien izen-ematea, zabalik

 

Kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek aurrez izena eman beharko dute. Apirilaren 13tik 23ra bitarte izango dute horretarako aukera, suspertutolosa.eus webgunearen bidez (formularioa beteta) edo 943 69 74 54 telefonora deituz –10:30etik 13:30era bitartean–.


 

Lau baldintza nagusi bete beharko dituzte parte hartzaileek: saltokia Tolosan bertan izatea, baimendutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan alta emanda egotea (webgunean kontsulta daitezke); zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea; eta, azkenik, ez egotea diru-laguntzak lortzeko debeku-kausetako batean ere. Gainerako baldintza orokorrak suspertutolosa.eus webgunean daude ikusgai.


 

240.000 euroko inpaktu ekonomikoa


 

Suspertu Tolosa bonuen aurtengo kanpaina Tolosako Udalak hiri ekonomia babesten jarraitzeko hartutako neurrien artean kokatzen da. Oraindik beharrezkoa baita pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta bertakoa babesteko neurriak hartzen eta laguntza eskaintzen jarraitzea.


 

Helburu horrekin, 90.000 euro bideratu ditu udalak kanpaina honetara. Baina bonu sistemari esker, tolosako saltoki, merkatari eta zerbitzuei arnasa eta babesa emateko, gutxienez 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA