- Ez ohiko udal batzarra egin da Charleville-Mézièreseko Udalean hitzarmena sinatzeko.
- 3 eguneko agenda, hainbat lan bilerekin: ikasle trukaketa, industria eta garapen ekonomikoa, kultura eta gastronomia ardatz.
- Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarra jarri du akordioa izenpetzeko ekitaldian eskainitako hitzartzean hasitako bideari jarraipena emateko pauso garrantzitsua dela, “txotxongiloak iturburu, lankidetza estu eta aberasgarria bi aldeentzako, ibilian egiten delako bidea. Osagarria gainera, proiektu sendo eta berritzaileei bidea egiteko”.
- Argazki galeria atxikita.
Tolosak eta Charleville-Mézières herri frantsesak berretsi dute pasa den azaroaren 15ean Tolosan izenpetutako senidetze-akordioa. Ez ohiko udal batzarra egin da Charleville-Mézièreseko Udaletxean hitzarmena sinatzeko.
Akordioa, bigarrenez, bana herri bakoitzean, Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Boris Ravignon Chalerville-Mézièreseko alkateak sinatu dute. Ekitaldi ofizialetik harago, Peon Ormazabal alkatea buru duen delegazioa bertaratu da herri frantsesera hitzarmenaren harira programatutako lan-bilera ezberdinetan parte hartzeko.
Hitzarmenean jaso dute txotxongiloen lagun diren erakundearen (AVIAMA) sortzaile diren bi hiriek, gertutasun, iraunkortasun eta sendotasun handiagoko harremanak sustatzea. Horretarako, hainbat konpromiso hartu dituzte, tartean: bi herrien arteko herritarren truke oro bultzatu eta babestea, ezagutza eta lankidetza bultzatzearren, eta aldi berean, europar senidetasuna indartzeko; baita lan egitea ere bi udalerrien intereseko diren proiektuak aurrera eramateko: kultura eta txotxongiloen artea, gastronomia, turismoa, industria 4.0, fabrikazio aditiboa eta ikastetxeen arteko harremanak.
Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarra jarri du ekitaldian eskainitako hitzartzean hasitako bideari jarraipena emateko pausu garrantzitsua dela, “txotxongiloak iturburu, lankidetza estu eta aberasgarria bi aldeentzako, ibilian egiten delako bidea”. Alkatearen esanetan “ilusioa berpiztu eta zabaltzeko unean gara. Esperientzia eta konpromisoen trukea sustatzen jarraitu behar dugu bi hirietako herritarrentzako onurakoak diren eta beren bizi kalitatea hobetuko duten esparru ezberdinetan. Osagarria gainera, proiektu sendo eta berritzaileei bidea egiteko”.
3 eguneko agenda, ikasle trukaketa, industria eta garapen ekonomikoa, kultura eta gastronomia ardatz
Delegazioa osatu dute, alkatea eta udal ordezkariez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari banak, Tolosaldea Garatzeneko Enpresa arduradunak, CAF eta Irizar enpresetako ordezkariek, Topic museoko zuzendariak, Tolosako ikastetxeetako zuzendariek eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ordezkariek.
3 eguneko egonaldia izan da eta agenda oparoa eman da aurrera, abian diren proiektuen lanketarekin jarraitzeko:
-
Ostegunean, urtarrilak 24, arratsaldez eskola trukaketei eta kultur proiektuei buruzko lan bilera ezberdinak burutu ziren. Lehenengoan, Charleville-Mézièreseko ikastetxeetako zuzendari eta irakasleekin batu ziren Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako ordezkariak. Bertan 15 eta 18 urte arteko ikasleen trukaketak abian jartzea da helburu, batez ere hizkuntza izanik gai nagusi. Jada lehen kontaktuak burutu ziren eta ideia ezberdinak hausnarketa fasean dira. Kultur alorreko bileran, berriz, Tolosako Topic museoaren eta Ardenetako museoaren arteko sormen proiektu bat jarri nahi da abian. Horren lanketa dute abian Idoya Otegui Topicen zuzendariak eta Ardenetako homologoak.
-
Ostiralean, urtarrilak 25, bertako ikastetxeetara bisitak gauzatu ziren, beren metodologia ezagutze aldera. 'Rimbaud tech' inkubagailua ere bisitatu zuen delegazioak mugikortasun elektrikoari eta inprimatze aditiboari buruzko lan-bilerak gauzatzeko. Platinium 3D fabrikazio aditiboaren zentro teknologikoa ere bisitatu zuten; Frantzian gai honen zentro teknologiko bakarra da eta Europan bakarrenetakoa. Bertan dagoen teknologia gure eskualdeko enpresei eta Lanbide Heziketari helaraztea da jomuga. Kirol medikuntza zentroan kirol eta gazteria trukaketei buruzko bilera gauzatu zen, proiektuaren oinarriak ezartzeko. Eta azkenik, Ardenetako Kofradiekin gastronomia gaitzat duen lan bilera, Tolosako Kofradien eta frantsesen arteko lankidetza eta proiektu komunak sustatzeko, bertako produktuak bultzatzearekin bat.
-
Larunbatean, urtarrilak 26, senidetze ekitaldi ofiziala gauzatu zen.
Txotxongiloetatik harago
Txotxongiloak ziren orain arte bi herriak batzen zituena. Charleville-Mézières (Frantzia) hirian egiten da bi urtetik behin Munduko Txotxongilo Antzerki Jaialdia, Tolosa parte izan ohi delarik. Baina badira hilabeteak bi herriak beste lanketa batean murgilduta daudena: senidetze hitzarmen ofizial bat landu dute. Hitzarmenak helburu du bi herriak are gehiago gerturatzea, harremanak sendotzea eta txotxongiloetatik harago elkar eragiten dieten gaietan sakontzea.
Lan-mahaia sortu zen 2017ko amaieran lanketa hori gorpuzteko. Bertan elkartzen dira garapen ekonomikoko eta kultur arloko udal-ordezkariak, Tolomendi Landa Garapen elkartea, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Tolosaldea Garatzen Garapen Agentzia.
Jada 2017ko azaroan, Titirijai txotxongilo jaialdia aitzakiatzat hartuta, Charlevilleko udal ordezkariak bertaratu ziren Tolosara, eta 2018ko maiatzean, senidetze-hitzarmenaren oinarri izango diren alorrak ezagutzeko, ordezkari tolosarrak igo ziren Frantziara. Bertan kultur arloko guneak, herria bera, eta bertako ehun ekonomikoa ezagutzeko beta izan zuten.
2018ko azaroan izenpetu zen hitzarmena Tolosan, eta orain, 2019ko urtarrilaren 26an, berretsi da Charleville-Mézièresen.
Argazki galeria