Tolosako ordezkaritza Frantziako Charleville-Mézièresera bertaratuko da, senidetze hitzarmena izenpetu eta proiektuen lanketarekin jarraitzera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/01/22 | Garapen Ekonomikoa eta Enplegua
  • Pasa den azaroaren 17an sinatu zuten hitzarmena Tolosan. Orain, herri frantsesean izenpetuko dute akordioa.
  • Datorren ostegunean, urtarrilak 24, Olatz Peon Ormazabal alkatea buru duen delegazioa bertaratuko da Charleville-Mézièresera. 3 eguneko egonaldia izango da eta agenda oparoa prestatu da abian diren proiektuen lanketarekin jarraitzeko.
  • Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du bi herrien “elkarlan estua eta osagarritasuna” dutela jomuga, “proiektu sendo eta berritzaileei bidea egiteko”.

Senide dira jada Tolosa eta Charleville-Mézières (Frantzia). Pasa den azaroaren 17an sinatu zuten hitzarmena Tolosan. Orain, herri frantsesean izenpetuko dute akordioa eta Tolosan abiatutako proiektuei jarraipena eman.

Datorren ostegunean, urtarrilak 24, Olatz Peon Ormazabal alkatea buru duen delegazioa bertaratuko da Charleville-Mézièresera. Udal ordezkariez gain, han izango dira Gipukoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari bana, Tolosaldea Garatzeneko Enpresa arduraduna, CAF eta Irizar enpresetako ordezkariak, Tolosako ikastetxeetako zuzendariek eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ordezkariak.

3 eguneko egonaldia izango da eta agenda oparoa prestatu da abian diren proiektuen lanketarekin jarraitzeko: ostegunean, urtarrilak 24, arratsaldez eskola trukaketei eta kultur proiektuei buruzko lan bilera ezberdinak programatu dira; ostiralean, urtarrilak 25, bertako ikastetxeetara bisitak; mugikortasun elektrikoari eta inprimatze aditiboari buruzko lan-bilerak bertako 'Rimbaud tech' inkubagailuan; Platinium 3D fabrikazio aditiboaren zentro teknologikora bisita; kirol medikuntza zentroan kirol trukaketei buruzko bilera; gazte trukaketei buruzkoa; eta Ardenetako Kofradiekin gastronomia gaitzat duen lan bilera; azkenik, urtarrilaren 26an, ez ohiko udal batzarra egingo da Charleville-Mézièreseko Udalean senidetze-hitzarmena izenpetzeko.

Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du bi herrien “elkarlan estua eta osagarritasuna” dutela jomuga, “proiektu sendo eta berritzaileei bidea egiteko”: “bi herrien ezagutza, harremanak eta aukerak elkarbanatzeko oinarria ezartzen ari gara senidetzea itxi eta alor ugaritako plangintzak abian jarriz. Gure industriaren garapenerako Charleville-Mézièresek metalurgian, zientzian eta fabrikazio aditiboan duen ehuna eta ezagutza oso baliagarri zaizkigu, ikasle trukaketan ere interesa dugu, edota baita gastronomia, lehen sektorea, kirola eta bestelako jardueren osagarritasuna eta sinergiak bilatzean ere. Hori, Kulturaren alorrean jada dugun harremana mantendu eta indartuz. Abian dugu guztia”.

Txotxongiloetatik harago

Txotxongiloak ziren orain arte bi herriak batzen zituena. Charleville-Mézières (Frantzia) hirian egiten da bi urtetik behin Munduko Txotxongilo Antzerki Jaialdia, Tolosa parte izan ohi delarik. Baina badira hilabeteak bi herriak beste lanketa batean murgilduta daudena: senidetze hitzarmen ofizial bat landu dute. Hitzarmenak helburu du bi herriak are gehiago gerturatzea, harremanak sendotzea eta txotxongiloetatik harago elkar eragiten dieten gaietan sakontzea.

Lan-mahaia sortu zen 2017ko amaieran lanketa hori gorpuzteko. Bertan elkartzen dira garapen ekonomikoko eta kultur arloko udal-ordezkariak, Tolomendi Landa Garapen elkartea, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Tolosaldea Garatzen Garapen Agentzia.

Jada 2017ko azaroan, Titirijai txotxongilo jaialdia aitzakiatzat hartuta, Charlevilleko udal ordezkariak bertaratu ziren Tolosara, eta 2018ko maiatzean, senidetze-hitzarmenaren oinarri izango diren alorrak ezagutzeko, ordezkari tolosarrak igo ziren Frantziara. Bertan kultur arloko guneak, herria bera, eta bertako ehun ekonomikoa ezagutzeko beta izan zuten.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA