Alokairua sustatzeko eta etxebizitza aukera berriak sortzeko neurri zehatzak aurten

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/04/16 | Etxebizitza
  • Neurrien helburu nagusia izango da gazteen emantzipazioa erraztu eta sustatzea eta hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jar daitezen lortzeko laguntzak osatu eta informazio kanpaina egitea.

  • Horretarako, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza sortu da, etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntza osatu egingo da, informazio kanpaina gauzatuko da udazkenean eta Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokien eta Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitzen deialdi berriak egingo dira hutsik dauden bizitokiak betetzeko.

 

 

Etxebizitza politika udal gobernuarentzat lan lerro garrantzitsu bezain estrategikoa da herritarrei esparru honetan aukera berriak eskaintzeko eta tolosarren etxebizitza beharrei erantzuteko.

 

Xabier Balerdi, etxebizitza saileko zinegotzi arduradunaren hitzetan: “alokairuaren aldeko gure apustua garbia eta irmoa da; horregatik, aurten, alokairua sustatzeko eta gazteen emantzipazioa errazteko neurri zehatzak hartuko ditugu, jada martxan genituen laguntzak eta programak egokituz edota ekimen berriak abiaraziz, etxebizitza hutsen azterketak agerian utzi dituen beharrei erantzuteko”.

 

Etxebizitza hutsen inguruko azterketaren arabera, herrian hutsik dauden 253 etxebizitzetatik gehienak Alde Zaharrean kokatuta daude eta askok dute birgaitzeko beharra bizigarritasun baldintzak bete ditzaten. Eta babestutako etxebizitza eskatzaileen profilari dagokionez, gehienak gazteak dira.

 

Gauzak horrela, dirulaguntza, deialdi eta kanpaina berriak abiaraziko ditu aurten udalak eta administrari bat ere kontratatu da tolosarrei tramiteak egiten laguntzeko.

 

1. Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak

 

Aurreko itxaron zerrenda agortuta, hutsik dauden etxebizitzak betetzeko deialdi berria martxan jarriko da astelehenean, apirilaren 19an. Beraz, astelehenetik aurrera eskaerak egin ahal izango dira udaletxean bertan edota era telematikoan.

 

19 etxebizitza esleitzeko zozketa egingo da deialdi berriarekin eta itxaron zerrenda osatu, kontratuak amaitzean libre geratzen diren etxebizitzak itxaron zerrendaren bitartez betetzeko. Gehienez ere 3 urteko iraupena izango dute kontratuek, ahalik eta gazte gehienek izan dezaten emantzipatzeko aukera.

 

Informazio guztia astelehenetik aurrera udal webgunean herritarren eskura jarriko da.

 

2. Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzak

 

Agaramunduko Babes Ofizialeko etxebizitzak 70 urtetik gorako herritarrei, gizarte egoera zehatzetan dauden edo mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei bideratuak daude.

 

Guztira 25 etxebizitza daude eraikinean eta maiatzean egingo den deialdi berriarekin, momentu honetan, hutsik dauden 6 etxebizitza beteko dira eta itxaron zerrenda osatu.

 

Deialdiaren oinarrietan aldaketa bat egin da, gainera. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek etxebizitza jabetzan badute Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren esku utzi beharko dute alokairura bideratzeko. Modu honetara, herriko alokairu eskaintza handitu nahi da.

 

3. Alokairu ordainketa errazteko dirulaguntza

 

Oinarriak prest daude, agerraldi publikoan izan dira, ekarpen bat jaso da eta orain ekarpena aztertuko da ondoren Osoko Bilkurak hasierako onespena eman diezaion ordenantzari. Beharrezkoak diren administrazio prozedimenduen ondotik egingo da deialdia.

 

Diru laguntza berri honen bitartez, laguntza eskainiko zaie etxebizitzarik jabetzan ez duten eta alokairuan bizi diren herritarrei. Zehazki, 18-35 urte bitarteko gazteei edota behar bereziak dituzten herritar eta familiei (bananduak, alargunak, guraso bakarreko familiak...) zuzenduta dago laguntza lerro berria.

 

Alokatutako etxebizitzak Tolosan kokatuta egon beharko du, diru sarrerak kontutan izango dira laguntzak ematerakoan eta horren arabera, alokairuaren %20, %30, %40 edo %50a ordainduko da. Laguntzak urte beteko iraupena izango du eta hilean gehienez ere 250 euroko laguntza emango da edota 300 eurokoa etxebizitza Alde Zaharrean badago, jasoko da.

 

Udalak 40.000 euro bideratuko ditu laguntza lerro berrira, baina eskarien arabera diru gehiago jarriko da.

 

4. Etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko diru laguntza osagarria.

 

Orain artean, udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak eman ditu, horiek alokairuan jar zitezen. Etxebizitza hutsen azterketak agerian utzi du hutsik dauden etxebizitza askok birgaitze sakona behar dutela eta horregatik, udal gobernuak erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren baitan ematen diren laguntzak (18.000 euro) osatzea, etxebizitza hutsen jabeek bizigarritasun baldintzak betetzeko beren etxeak berritu eta alokairuan jartzeko aukera gehiago izan dezaten.

 

Horretarako, Udalak hitzarmena sinatuko du Alokabide eta Etxebiderekin eta etxebizitza hutsen jabeak Bizigune programara atxikitu beharko dira.

 

Era berean, etxebizitza hutsen programa indartu eta ezagutarazteko eta herritarrek eskura dituzten laguntza eta aukera guztien berri izateko informazio kanpaina ere egingo da udazkenean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA