- 60 etxebizitza tasatuetarako ia 900 izen emate egon dira. Eta alokairu ordainketa errazteko diru laguntzen azken deialdiak ere arrakasta handia izan du, 68 eskari izan baitira. Datuek, bistako egiten dute etxebizitza alorrean Tolosan dagoen eskari eta beharra.
- Olatz Peon Ormazabal: “etxebizitza politika estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da azken urteetan; tolosarrei bertan bizitzeko aukera eskaini, etxebizitza eskubidea bermatu eta etxebizitza sarbidea errazteko alokairu ordainketa errazteko diru laguntza berria sortu da, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairuan jartzeko ordenantza berritu da eta hirigintza garapena sustatu da, guztira, 371 etxebizitza berri sortzeko pausoak eman dira, etxebizitza babestuaren eta alokairuaren aldeko apustuan, tolosarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin”
Tolosako Udalak gaur iragarri du San Kosme eta San Damian eta Iurramendiko eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuen zozketa egiteko data. San Kosme eta San Damian eremuan 20 etxebizitza tasatu eta Iurramendi eremuan 40 etxebizitza tasatu eraikiko dira, eta horien zozketa apirilaren 19an egingo da Leidor aretoan, arratsaldeko 18:00eTan.
Aipatu eremuetan etxebizitza tasatu zein libreak egiteko obra baimenak emanak ditu udalak eta hasita daude etxebizitzak eraikitzeko hirigintza lanak.
Etxebizitza eskari handia Tolosan
Xabier Balerdi, etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak azaldu du, izen ematea izugarria izan dela guztira ia 900 eskatzailek izena eman dutelako etxebizitza tasatuen deialdian. “Horrek bistakoa egiten du Tolosan etxebizitza eskari handia dagoela” nabarmendu du Balerdik. Alokairu ordainketa errazteko diru laguntzen azken deialdiak ere arrakasta handia izan du, guztira, 68 eskari izan direlako. “Beraz, egindako informazio kanpainak ere lagundu du herritarren artean zabaltzen eskura dituzten laguntzak eta aukerak” gaineratu du zinegotziak.
Balerdik gogorarazi du, diru laguntza tolosar gehiagorengana zabaltzeko helburuarekin, laguntza jasotzeko oinarriak aldatu egin zirela alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzen azken deialdian. “Baldintzak egokitu egin dira, errenta kopuruak malgutu eta kolektibo ezberdinengana zabaldu da laguntza eskatzeko aukera: Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan sartzen ez diren 18-35 urte bitarteko gazteak; bananduak, alargunak, guraso bakarreko familiak, 70 urtetik gorako pertsonak… dute laguntza eskatzeko aukera eta azpimarratzeko da baita ere, alokairu ordainketa laguntza ere handiagoa da Alde Zaharrean, Alde Zaharra biziberritzeko helburuarekin” esna du.
Amaitzeko, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairuan jartzeko dirulaguntza eskatzeko aukera urte osora zabalduko dela ere jakinarazi du Balerdik.
Iurramendin, alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektua egingo du Udalak
Iurramendi eremuaren garapenari lotuta Udalak jasoko duen aprobetxamendua baliatuko da alokairuko 15 etxebizitza babestu eraikitzeko. Egoitz Sorozabal, hirigintza saileko zinegotzi arduradunak azaldu du datozen asteetan abiatuko dela proiektua idazteko prozesua. “Etxebizitza babestuen eta alokairuaren aldeko apustuan, alokairura bideratuko den etxebizitza babestuen eraikuntza sustatuko du Udalak Iurramendin, lehenik eta behin proiektua egingo da, ondoren, hirigintza lanekin hasi ahal izateko, helburua da 15 etxebizitza babestu eraikitzea, alokairura bideratuko direnak” azpimarratu du Sorozabalek.
Era berean, Visesarekin elkarlanean Amarotz auzoan eraikiko diren alokairuko etxebizitza babestuen sustapenerako, Plan Berezia martxan dagoela jakinarazi du Sorozabalek. “Visesarekin elkarlan hitzarmena sinatu da legealdi honetan Amarotz auzoaren hirigintza garapena bideratu eta bultzatzeko, momentu honetan beharrezkoak diren hirigintza antolamendurako tresnak garatzen ari gara, lehen fasea, hau da, alokairuko 111 etxebizitza babestuak eraikitzeko. Joan den astean, Visesak etxe horien proiektu idazketa egiteko lizitazioa martxan jarri zuen, 722.040 euroko aurrekontuarekin. Alokairuko etxebizitza horietan tolosarrek izango dute lehentasuna” gaineratu du Sorozabalek.
Tolosarren etxebizitza eskari eta beharrei erantzuteko lanean
Amaitzeko Tolosako alkateak, Olatz Peon Ormazabalek adierazi du, legealdian osoan zehar tolosar guztiei Tolosan bizitzeko aukera eskaintzea izan dela jomuga eta helburu nagusi eta bakarra. “Etxebizitza politika estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da, tolosarrei etxebizitza eskubidea bermatu eta etxebizitza sarbidea errazteko” azaldu du.
“Legealdi hasieran etxebizitza hutsen eta etxebizitza beharren inguruko azterketa sakona egin genuen eta atzemandako beharrei erantzunez egitasmo ezberdinak eta berriak abiatu ditugu: alokairu ordainketa errazteko diru laguntza esaterako, eta etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko diru laguntza lerroaren egokitzapena, baita ere, jabeek aukera gehiago izan dezaten etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko eta horiek Alokabideren bidez jar daitezen alokairuan, alokairu babestuko prezioan. Horretarako, Alokabiderekin hitzarmena sinatu zen eta lanketa berezia egin da etxebizitza hutsen jabeekin ere” azaldu du alkateak.
Lan lerro horiekin batera, hirigintza garapena eta auzogune berrien sorrera sustatu du gobernuak azken urteetan. “tolosarrei Tolosan bizitzeko aukera bermatu nahi badiegu, ikusita dagoen eskari eta beharra, ezinbestekoa da etxebizitza berrien eraikuntza ere sustatzea; legealdi honetan herriko eremu ezberdinetan 371 etxebizitza berriren eraikuntza sustatzeko pausoak, etxebizitza babestuaren eta alokairuaren aldeko apustuan; eta etorkizunera begira ere lanean jarraitzea ezinbestekoa izango da San Esteban auzoaren garapenari lotuta eta etxebizitza hutsen merkaturatzeari lotuta” azpimarratu du alkateak.