Etxebizitzarekin lotutako bi dirulaguntza-lerro jarriko ditu martxan Udalak

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/10 | Etxebizitza
  • Alokairua ordaintzeko dirulaguntza izango da bat, eta bestea, etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu sozialean jartzekoa.
  • Ekainaren 15ean zabalduko da dirulaguntzak eskatzeko epea, eta hilabetez izango da irekita. 

Etxebizitza-arloko dirulaguntzen bi deialdi zabalduko ditu Tolosako Udalak, herritarren etxebizitza-sarbidea errazteko eta alokairuko merkatua eskuragarriago egiteko helburuarekin. Denera 130.000 euro bideratuko ditu bi deialdiak finantzatzera. Eskaerak egiteko epea ekainaren 15ean zabalduko da, eta hilabetez egongo da zabalik, uztailaren 15era arte. Udate herritarren arreta-zerbitzuan egin ahalko dira eskaerak, edo Udalaren egoitza elektronikoan.

Lehen lerroa Tolosan ohiko bizilekua duten alokairudunei laguntzeko izango da. 90.000 euro bideratuko ditu Udalak. Baldintzak betetzen dituzten herritarrek hilean 300-350 euroko laguntza jaso ahal izango dute. Baldintza hauek bete behar dira: Tolosan erroldatuta egotea, etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan, Etxebiden izena emanda egotea, eta beste erakunde batzuetatik helburu bererako dirulaguntzarik ez jasotzea.

Bigarren lerroan 40.000 euroko diru-partida jarri du Udalak, etxebizitza hutsak eraberritzeko eta alokairu sozialera bideratzea sustatzeko. Funts hori agortuz gero, beste 40.000 euro gehituko dira. Dirulaguntza horien bidez finantzatu ahalko dira Alokabideren azken txosten teknikoan jasotako eraberritze-lanak, betiere obrak 2025eko irailaren 1etik 2026ko uztailaren 15era bitartean egin badira, eta honako zenbateko hauekin: Alokabidek eskatutako obraren kostuaren % 50, gehienez ere 6.000 euro —Alde Zaharreko etxebizitzen kasuan, zenbatekoa 12.000 eurora iritsi ahal izango da—. Neurri honen bidez, Tolosako Udalak etxebizitza hutsen erabilera sustatu nahi du, eta herrian alokairu sozialeko eskaintza handitzen lagundu.

Ander Figuerido Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak dirulaguntza-lerro horien garrantzia nabarmendu du: «2025ean onartutako Etxebizitza Planarekin guztiz bat egiten dute emantzipaziorako dirulaguntzek. Zehazki, planaren hirugarren ardatzean jasotakoarekin, alokairurako prestazioen eta laguntzen sistemari buruzkoarekin». Halaber, Figueridok dei berezia egin du etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu sozialera bideratzea sustatzeko dirulaguntza-lerroaz: «Etxebizitza bat daukaten eta alokairuan jartzeko hautua egin nahi duten tolosarrak animatu nahi ditugu, laguntza berezitu honekin etxebizitzaren birgaitzean jauzi bat eman dezaten. Udalak ematen dituen berme guztiekin egin ahal izango da prozesu osoa».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA