Iurramendi eremuan 46 etxebizitza libre eraikitzeko obra lizentzia eman du Tolosako Udalak

Tolosako Udala
2023/01/10 | Etxebizitza
  • Obra lizentzia ematen den egunetik 2 hilabeteko epea du etxebizitza sustatzaileak obrak hasteko eta 30 hilabete, gehienez ere, horiek bukatzeko.
  • Horri lotuta, Udalak gogorarazi du zabalik dagoela Iurramendi eta San Kosme eta San Damian eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea, urtarrilaren 20a arte. Izena telematikoki udal webgunean edo modu presentzialean, UDATEn kokatutako Etxebizitza Bulegoan eman daiteke.

 

Tolosako hirigintza garapena sustatze aldera urratsak egiten jarraitzen du Tolosako Udalak eta oraingoan, Iurramendi eremuan 46 etxebizitza libre eraikitzeko lizentzia eman berri die etxebizitza sustatzaileei, eraikuntza lanekin has daitezen.

Kasu honetan, 46 etxebizitza horiek Iurramendi pasealekuko azpi esparruko 4. Eta 5. lursailetan eraikiko dira hurrenez-hurren, ondorengo ezaugarri nagusiekin:

  • 5. lursailean 18 etxebizitza libre eraikiko dira, bakoitza bere trastelekuarekin. Horietatik 15 hiru logelakoak izango dira eta 3 etxebizitza bi logelatakoak. Horrez gain, 43 aparkaleku eta 24 bizikleta aparkaleku eraikiko dira.
  • 4. lursailean, 28 etxebizitza libre eraikiko dira, hiru logeletako 23 eta bi logeletako 5. Kasu honetan 13 trasteleku. 43 aparkaleku eta 17 bizikleta aparkaleku eraikiko dira.

Orain, obra lizentzia jada emanda, etxebizitza sustatzaileek 2 hilabeteko epea dute obrak hasteko eta 30 hilabete, gehienez ere, horiek amaitzeko.

Etxebizitza tasatuetan izena emateko epea zabalik

Etxebizitza libreez haratago, Tolosako Udalak herritarrei etxebizitza aukera berriak eskaintze aldera, apustu irmoa egiten du etxebizitza babestuen alde eta horri lotuta, gogorarazi du oraindik zabalik dagoela Iurramendin eta San Kosme eta San Damian eremuan eraikiko diren 60 etxebizitza tasatuetan izena emateko epea, hain zuzen, urtarrilaren 20a arte.

San Kosme-San Damian eremuan 20 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita eta Iurramendin, aldiz, beste 40. Guztira hiru logelako 38 etxebizitza eta bi logelako 19 etxebizitza eraikiko dira, baita mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako beste 3 etxebizitza ere, bina logelakoak (etxebizitza egokituak). Horrez gain, etxebizitza guztiek izango dute garaje eta trastelekua.

Izen ematea zabalik dago, urtarrilaren 20a arte eta interesdunek bi bide dituzte izena emateko:

  • Telematikoki: Udalaren egoitza elektronikoa, BAkQ edo beste edozein ziurtagiri digitalaren bitartez.
  • Modu presentzialean UDATEn, Herritarren Arreta Zerbitzuan, kokatutako Etxebizitza Bulegoan (Plaza Zaharra 6A). Horretarako aurretik hitzordua hartzea derrigorrezkoa da. Aurretiazko zita eskatzeko etxebizitzatasatuak@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 654 466 / 010 telefono zenbakietara ( 907 luzapena) deitu behar da.

Deialdiei buruzko informazio guztia (bete beharreko baldintzak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, eskaera orri ofiziala, etxebizitzen salmenta prezioak, zozketari eta zerrendei buruzko informazioa…) herritarren eskura dago ondorengo estekan

Etxebizitzen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero (planoak, orientazioa, kokapenak, logelak, materialak, eraikuntza zein etxebizitzen  gaineko informazioa....) jo:

Iurramendiko Etxebizitzen kasuan: https://www.sukia.com/es  webgunera, edo bestela, horretarako bereziki Sukiak ireki duen bulegora. (Nafarroa etorbidea 6, telefonoa 943 302912)
San Kosme eta San Damian eremuko etxebizitza tasatuen kasuan: http://www.residencialsankosme.com/ webgunera.