Abizenak euskaraz jartzeko kanpaina hasi da Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/11 | Euskara eta Hezkuntza

Herritar askok dauzkate dokumentu ofizialetan abizenak erdarazko grafiaz, eta horiek euskaraz jartzeko deia egin dute Tolosaldeko udalek eta euskalgintzak, ‘Abizenak ere euskaraz’ lelopean. Prozedura administratibo erraza du aldaketak.

Malcorra, Otegui, Eceiza, Garicano, Aramburu, Achucarro, Urretavizcaya, Goicoechea, Echeverria, Bengoechea… Tolosaldean ere herritar ugarik dauzkate abizenak erdarazko grafiarekin dokumentu ofizialetan. Hain justu, abizenak euskaraz jartzeko helburuarekin, kanpaina bat abiatu dute Tolosaldeko udalek, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Galtzaundi Euskara Taldeak.

Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko prozesu administratiboa sinplea da. Bi urrats ditu:

  1. Udalean, errolda-ziurtagiria atera behar da. Hiru aukera daude horretarako:
    • UDATE herritarren arretako zerbitzuan aurrez aurre lortzea. Ordutegia: astelehenetik asteazkenera, 07:15etik 14:15era; ostegunetan, 07:15-19:00; eta ostiraletan, 08:15-14:15. Aldez aurreko hitzordua ere eska daiteke.
    • Udalaren webgunean, tramiteen atalean, ziurtagiri elektronikoren bat izanez gero (BakQ edo halakoren bat).
    • Udaletxeko sarreran edo kiroldegian dauden makinetan.
  1. Erregistro Zibilera joan (epaitegiko eraikinean, San Joan kalean), eta eskaera-orria aurkeztu (hemen deskarga daiteke, beteta eraman nahi izanez gero). Erregistrora dokumentu hauek ere eraman behar dira:
    • NANaren fotokopia.
    • Familia-liburua, ezkonduta egonez gero edo seme-alabarik izanez gero.
    • Hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria (ez dago eraman beharrik, erregistroan bertan ateratzen baitute).

Kanpaina honen bidez, helburua da euskararen normalizazioan eta erabileran beste urrats bat egitea herritarrek, eta agiri ofizialetan ere erabiltzea euskara normaltasunez.

 

Abizenak aldatzeko prozesuari buruzko argibide gehiago:

Abizena nahi dudan moduan idatz dezaket?

Epailearen irizpidea da. Normalean Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Adibidez, Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da, baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Mujika). Hala ere, abizen-aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa, eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartzea edo ezestea.

Gurasoena aldatuta seme-alabena zuzenean aldatzen al da?

18 urtez azpikoetan, bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute haiek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin behar.

Anai-arreba guztiek aldatu behar dute nahitaez?

18 urtez azpikoek, bai. 18 urtez gorakoetan, bakoitzak erabakitzen du.

Behin aldatuta, zer pauso jarraitu behar dira? Non islatzen da aldaketa?

Epaitegiak, ofizioz, honako toki hauetara bidaltzen du: Udalera, Hauteskunde Zentsura, Poliziaren eta Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira… Hala ere, NANa berritzeko txanda hartzean hitzez hitzeko jaiotza-agiria eskatu behar da erregistroan edo epaitegian. Eskaera egitean, adierazi behar da NANa berritzeko dela, horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.

Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiri guztiak berriz egin behar dira? Tituluak, txartelak…

Epaitegian ofizioz bideratzen da aldaketa jaiotza-agirietan, ezkontza-agirietan eta seme-alaben jaiotza-agirietan, herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan, bakoitzak ikusi behar du. Berez, gomendagarria da ahal den toki eta agiri gehienetan zuzen jartzea.

Gazteleraz diren abizenak aldatu daitezke euskal grafiara?

Epailearen esku dago. Printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren Deitura-izendegia jarraitzen da. Hau dio Euskaltzaindiak: «Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren». Zalantza kasuan, onena Euskaltzaindian galdetzea da. Edozein kasutan, epailearena da erabakia.

Fitxategiak: 
PDF icon ESKAERA.pdf

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA