-
Eskaintza eta ordutegi aukera zabala egongo da ikasturte honetarako ere, maila ezberdinetara moldatuta: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak eta talde bereziak eskola-umeen gurasoentzat.
-
Matrikula Aitzol Udal Euskaltegian egin behar da, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean. Matrikula egin aurretik txanda eskatu beharko da, euskaltegira deituta edo emailez eskaria eginda.
-
Tolosar guztiek euskara ikasteko eta hobetzeko duten aukera nabarmendu du Olatz Peon alkateak, eta “euskararen normalizazioan eta sustapenean pausoak ematen jarraitzea ezinbestekoa” dela azpimarratu du, “hizkuntza politika partekatua bultzatuz, elkarlanetik jardunez, indarrak batuta, euskararen alde”.
Dena prest dago Tolosa Aitzol Udal Euskaltegian 2021/2022 ikasturterako ikasleak hartzeko. Irailaren 22ra arteko epea egongo da matrikula egiteko, ohi bezala, ordutegi zabalerekin, tolosar guztiei irekita eta maila ezberdinetako herritarrei bideratuta. Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak eta eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak antolatuko dituzte aurten Aitzol Udal Euskaltegian.
Matrikulazio epearen irekiera iragarri dute gaur Olatz Peon Tolosako alkateak eta Maixabel Zubillaga euskaltegiko zuzendariak. Peonen hitzetan, “euskararen normalizazioan eta sustapenean pausoak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da hizkuntza politika partekatua bultzatzea, eta elkarlanetik jardutea, indarrak batuta, euskararen alde”. Helburu horren baitan sortu da aurten Euskararen Aholku Kontseilua Tolosan, alkateak gogoratu duenez “epe motz, ertain eta luzera begirako hizkuntza politika estrategiak aztertzeko eta zehazteko, hizkuntza beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta ohituretan eta, bereziki, erabileran eragiteko”.
“Herritarrak euskalduntzeko” euskaltegien “ezinbesteko lana” ere nabarmendu du Peonek, Aitzol Udal Euskaltegiak aurtengorako ere prestatu duen “aukera zabala” azpimarratu du. “Horregatik, herritarrak euskaltegian izena ematera animatzen ditut, euskara ikasteko eta hobetzeko aukerarik galdu ez dezaten”. Urtero bezala, aurten ere dirulaguntzak emango ditu Tolosako Udalak: B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa.
“Euskaraz zabaldu aukerak!”
Horixe da aurtengo kanpainarako aukeratutako leloa. Zubillagak azaldu duenez, “modu eraikitzaile batean euskarak aukerak zabaltzen dituela adierazi nahi dugu. Zergatik zabaldu euskara? Hedatu, gehitu, ireki, hobetu ... etorkizunaz hitz egiten duelako. Hizkuntza izateaz aparte, kultura bat ezagutzeko modua ere badelako. Horretaz gain, beste hainbat aukera eskaintzen dizkigu: sentimentala, pertsonala, lan aukerak... Hori guztia mahai gainean jartzeko erabiliko dugu gure aurtengo leloa”.
Iazko ikasturteko zalantzak eta ziurgabetasunak gaindituta, aurten ere prest dira Aitzol Udal Euskaltegian “egoerak eskatzen duen modura egokitzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta, euskaltegia espazio segurua izan dadin bermatzeko”.
Tolosarrei eta eskualdeko herritarrei zuzendutako eskaintza da Aitzol Udal Euskaltegiarena, eta 16 urtetik gora euskara ikasi nahi duen edonork eman dezake izena: “kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek, osasun sailekoek, epaitegikoek, Peñascal fundazioko ikasleek, guraso taldeak...”. Euskara ikasteaz gain, agiri ofiziala nahi duen edonork ere eman dezake izena, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartean.
Ikasketa eskaintza zabalaz gain, ordutegi zabala ere eskaintzen du euskaltegiak: 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez-aurreko moduluak goizetik iluntzera, eta autoikaskuntza aukera, eskoletara joan ezin dutenentzat eta ordutegi malguagoa behar dutenei zuzenduta.
Irailaren 22ra arteko epea
Matrikula egiteko epea irailaren 22an amaituko da. Matrikula euskaltegian bertan egin beharko da, aurrez aurre, egunero, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean. Euskaltegira joan aurretik ezinbestekoa izango da aurrez zita hartzea, 943 65 10 06 telefonora deituta edo aitzolue@tolosa.eus helbidera mezu bat bidalita. Bi bide horiek erabili daitezke informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko.