Aitzol Udal Euskaltegian matrikulatzeko epea zabalik, irailaren 22ra arte

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/09/07 | Euskara eta Hezkuntza
  • Eskaintza eta ordutegi aukera zabala egongo da ikasturte honetan ere eta matrikula Aitzol Udal Euskaltegian egin behar da, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean.
  • Xabier Balerdi, euskara zinegotzia: “euskararen kale erabilerari buruzko azken azterketaren emaitzek aditzera eman dute euskararen erabilera berrindartzen ari dela Tolosan, eta eragile eta norbanako askoren lanaren eta ahaleginaren lorpena da hori, Euskaltegiarena kasu. Bide onetik goaz, baina bidea badugu ere oraindik egiteko”.

 

Zabalik dago Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian 2022-2023 ikasturtean matrikulatzeko epea, irailaren 22ra arte.  Ohi bezala, ordutegi zabala, tolosar eta inguruko guztiei irekitako gunea eta maila ezberdinetako herritarrei bideratutako ikastaroak eskainiko ditu aurten ere Udal Euskaltegiak.

Matrikulazio epearen irekiera iragarri dute gaur Xabier Balerdi Tolosako Udaleko euskara zinegotziak eta Ainara Arakama euskaltegiko zuzendariak. Balerdiren hitzetan, “euskararen erabilera berrindartzen ari da Tolosan, euskararen kale erabilerari buruzko azken azterketaren emaitzek erakutsi duten moduan, eta eragile eta norbanako askoren lanaren eta ahaleginaren lorpena da hori, Euskaltegiarena tartean. Bide onetik goaz, baina bidea badugu ere oraindik egiteko”. Horretarako, Tolosan “tresna garrantzitsuak” ditugula azpimarratu du zinegotziak: “batetik, arlo guztietan euskararen erabilera hauspotzen jarraitzeko 2022-2024 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, Euskararen Aholku Kontseiluan garatua, herriko eragileen parte hartzearekin, eta, bestetik, berriki eratu den Tolosaldeko Euskararen Mahaia, euskararen normalizaziorako, herri mailan bezala, eskualdean ere hizkuntza politikak elkarlanean garatu ditzagun”.

Azkenik, herritarrak euskaltegian izen ematera animatu ditu Balerdik, “euskara ikasteko eta gure etorkizuna euskaratik eraikitzeko aukerarik galdu ez dezaten”. 

Udal Euskaltegiak 40 urte

Aitzol Udal Euskaltegiaren aurtengo leloa da “euskara niretzat, hiretzat, harentzat, guretzat, zuentzat, zuretzat; euskara guztiontzat!”, izan ere, horretan dihardu lanean 40 urtez. Ainara Arakama, euskaltegiko zuzendariak prentsaurrean adierazi duenez, “ikasturte berezia izango da, ospakizunez betea. Orain arte egindako lanarekin jarraituz, beste urte batez, euskara denongana hurbiltzeko eskaintza zabala osatu du Tolosako Udal Euskaltegiak, maila eta behar ezberdinak dituzten herritarrengana iristeko”.

16 urtetik gora euskara ikasi nahi duen edonork eman dezake izena ikastaroetan: “kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek eta zenbait kolektibotakoek: Asuntzion klinikako langileek,  Osakidetzakoek, epaitegikoek...”. Euskara ikasteaz gain, agiri ofiziala nahi duen edonork ere eman dezake izena, A1 mailatik hasi eta C2 maila bitartean.

Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera, etorkinentzako ikastaro bereziak eta eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak antolatuko dituzte aurten Aitzol Udal Euskaltegian. Berrikuntza gisa, aurten mintzataldeak sortuko dira B1etik gorako ikasleentzat, eta talde hauetan herritarrek beren hizketako gaitasuna lantzeko aukera izango dute irakasle baten gidaritzapean.

Ikasketa eskaintza zabalaz gain, ordutegi zabala ere eskaintzen du euskaltegiak: 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez-aurreko moduluak goizetik iluntzera, eta autoikaskuntza aukera, eskoletara joan ezin direnentzat eta ordutegi malguagoa behar dutenei zuzenduta.

Euskara ikasteko dirulaguntzak

Euskararen erabilera eta normalizazioa areagotzeko helburuarekin, Tolosako Udalak B2 maila bitartean %75eko dirulaguntza ematen die bertan erroldatutako herritarrei, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Honetaz gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza.

Matrikulazio epea: irailaren 22ra bitarte

Matrikula egiteko epea irailaren 22an amaituko da. Matrikula euskaltegian bertan egin beharko da, aurrez aurre, egunero, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean. Informazio gehiagorako, 943 65 10 06 telefonora deitu edo aitzolue@tolosa.eus helbidera mezu bat bidali.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA