Azaroaren 20an hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko deia egin du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/13 | Euskara eta Hezkuntza
  • Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da aurten Euskaraldia, eta Tolosako Udala arigunea izango da, euskara erabiltzeko gune babestua. Barne zein kanpo ariguneak prestatu ditu udalak, antolakuntza sailetan eta herritarrei begirako harrera guneetan euskaraz gehiago egiteko.

  • Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko da gaur, bihar eta datorren ostiralean Trianguloa plazan. Dagoeneko izena eman eta Belarriprest eta Ahobizi roletatik parte hartuko dutenek euren txapak jasotzeko aukera ere izango dute mahaira gerturatuta.

 

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldia, eta Tolosako Udaleko talde politiko guztiek udalaren zein herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute. Hala, egitasmoaren bigarren edizio honetan parte hartzeko deia egin dute, orain bi urteko parte hartzea hobetzeko helburuarekin. Orduan, 3.468 lagunek eman zuten izena: 2.868 Ahobizik eta 628 Belarriprest-ek.

Udalak eredugarri izan nahi du euskararen erabilera sustatzeko eginkizunean eta, horregatik, bigarren edizio honetan Arigunea izango da, euskara erabiltzeko gune babestua. Horretarako, barne zein kanpo Ariguneak antolatu ditu antolakuntza sailetan eta herritarrei begirako harrera guneetan, guztion artean euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko. Udalarekin batera, guztira 80 taldek eman dute izena Euskaraldian: ikastetxeak, komertzioak, enpresak, elkarteak, kirol eta kultur taldeek… Guztira 374 Arigune sortu dituzte Tolosako entitateek eta, horri esker, guztira 1.664 pertsonak hartuko du parte Euskaraldian, Ariguneen bitartez.

Euskaraldia tresna berritzailea da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egitea helburu duena. Udalaren hizkuntza politika indartzeko eta sakontzeko aukera paregabea ematen du Euskaraldiak, eta udalak aukera horri erantzun nahi dio euskararen aldeko mugimendu sozial horren arrakastarako bere aletxoa jarriz.

Zentzu horretan, Tolosako Udala osatzen duten talde politiko guztiek Euskaraldiaren sustatzaile izateko konpromisoa hartu dute, hamabost eguneko ariketan erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatuz. Udal barrura begira egitasmoa zabaltzeko ardura hartu dute, ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien aktibatzeko eta barne zein kanpo Ariguneen bidez hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.

 

Izena eman ahal izateko mahaiak jarriko dira Trianguloa plazan

Euskaraldiarekin bat egin nahi duten herritarrek izena eman ahal izateko aukera izango dute gaur, bihar eta datorren ostiralean Trianguloa plazan jarriko den mahaian. Egitasmoari buruzko informazioa emango da bertan, eta dagoeneko Euskaraldian Ahobizi eta Belarriprest roletatik aritzeko izena eman dutenek txapa identifikagarriak hartzeko aukera ere izango dute.

Gaur eta datorren ostiralean 18:00etatik 20:00etara egongo da aukera, eta bihar, larunbata, 11:00etatik 13:00etara.

 

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA