Badator, indartsu, Euskaraldiaren hirugarren edizioa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/17 | Euskara eta Hezkuntza
  • Azaroaren 18an hasita abenduaren 2a arte egingo da 2022ko ariketa, hizkuntza ohiturak astindu eta euskal hiztunak aktibatuz euskararen erabilera areagotzeko xedez. Horrez gain, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da herrian ariketa honi amaiera biribila emateko.
  • Tolosako Udalak Euskaraldiarekin bat egin du euskararen aldeko konpromisoan eta herritarrak animatu ditu ariketa honetan ahobizi edo belarriprest gisa izena eman eta parte hartzera, guztion artean hizkuntzari bultzada emateko eta euskara indartzen, zabaltzen eta hedatzen jarraitzeko.

 

Bihar, azaroak 18, ekingo zaio Euskaraldiaren hirugarren edizioari eta aurrekoak bezala, indartsu, gogotsu eta ilusioz beterik dator 2022ko ariketaldia ere.

Oraingoan azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da eta helburu izango du, noski, hizkuntza ohiturak astinduz eta aldatuz, euskararen erabilera indartzea eta zabaltzea. Horretarako, alegia, euskara ulertzen dunen hiztunak aktibatu nahi dira, ohiko ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta, Tolosako zein gainerako udalerri parte-hartzaileetako kaleak bete eta euskara izan dadin guztietan, hizkuntza nagusia.

200 arigune baino gehiago Tolosan

Euskaraldia hasteko bezpera honetan, Tolosan, 70 entitatek eman dute izena (ikastetxeak, komertzioak, enpresak, elkarteak. Kirol edo kultur taldeak… baita, noski, Tolosako Udalak ere. Guztien artean, 200 arigune baino gehiago sortu dituzte, hau da, herriko erakunde, enpresa edota elkarteetan euskara erabiltzeko 200 gune babestu.

Esan bezala, Tolosako Udalak, euskararen aldeko konpromisoan, bat egin du Euskaraldiarekin eta tolosar oro gonbidatzen du, ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta euskararen alde ariketa honetan parte hartzera, guztion arteko elkarlanari esker, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazagoa izan dadin eta guztion artean, gure hizkuntzari bultzada eman eta honen erabilera indartzen, zabaltzen eta hedatzen jarraitzeko.

Izen-ematea eta txapa banaketa

Herritarrek ostirala arte izango dute ariketan izena emateko eta ahobizi edo belarriprest txapak jasotzeko aukera.

Izena emateko, hain zuzen, www.euskaraldia.eus webgunera jo behar da eta txapak, aldiz, ostiral arratsaldean, hilak 18, banatuko dira, arratsaldeko 18:00-20:00 bitartean Zerkausian eta larunbatean, 11:00-13:00 bitartean San Frantziskon. Puntu horietara bertaratu ezin dutenek, Galtzaundiren egoitzan (Nafarroa etorbidea 6) jaso ahal izango dituzte txapak egunero.

Andoni Ollokiegiren kontzertua, Euskaraldiaren irekiera ekitaldi gisa

Euskaraldia ardatz eta oinarri hartuta, ekintza egitarau anitza antolatu dute Tolosako Udalak, Galtzaundi Euskara Taldeak, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak, Altxa Burua taldeak eta UEMAk elkarlanean, herritar ororen gozamenerako.

Horrela, azaroaren 18an, Euskaraldiaren irekiera festa gisa, Andoni Ollokiegi artista pasaitarrak kontzertua eskainiko du 19:00etan Zerkausian. Musikarekin batera, pintxoak eta edariak banatuko dira eta Euskaraldiko materiala ere jarriko da salgai.

Horrez gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dira, hala nola, seme-alaben teknologia kontsumoaren inguruko hitzaldia hilaren 30ean, bertso-poteo inprobisatua abenduaren 1ean edo Nerea Arriolaren “Mikrotik…” bakarrizketa abenduaren 2an.

Euskararen Eguna, abenduaren 3an

2022ko Euskaraldia abenduaren 2an amaitzen den arren, ariketari itxiera biribila emateko, abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da eta horren harira ere, ekintza egitarau zabala antolatu da, aurrerago jakinaraziko dena.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA