Euskara eta feminismoari buruzko hitzaldi zikloa eskainiko da datozen asteetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/08 | Euskara eta Hezkuntza
  • Galtzaundik eta Tolosaldeko mugimendu feministak Tolosako udalaren eta eskualdeko beste hainbaten laguntzarekin antolatutako hitzaldi zikloa Tolosan hasi eta amaituko da

  • Lehen hitzaldia “Euskaltzaletasun eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea” urriaren 15ean izango da, 18:30ean udaletxeko pleno aretoan eta hitzaldi zikloari amaiera emango zaio “mugimendu feminista eta hizkuntza praktikak” mahai-inguruarekin azaroaren 13an, 18:30ean Kultur Etxean

Hilabetetako lanaren ostean aurkeztu dute Tolosaldeko Asanblada Feministak eta Galtzaundi Euskara Taldeak ‘Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargune’ izeneko hitzaldi zikloa, Lorea Agirreren laguntzaz eta Tolosako Udalaren eta eskualdeko udalerri ezberdinen, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin .

Tolosako alkate Olatz Peonek azpimarratu du euskara eta feminismoa, biak, zeharkako gaiak direla alor eta esparru guztietan sustatu eta indartu beharrekoak. Alkatearen esanetan, “herrigintzaren oinarrizko bi zutabe dira eta horregatik, Tolosa euskaldunago eta berdinzaleago baten alde urteak daramatzagu lanean, bide bat egin dugu, baina lanean jarraitu behar dugu, elkarlanean, euskara mahaiaren eta herriko emakume taldeen eskutik”. “Elkarrekin egin behar dugu bide hori, elkarlanean hitzaldi ziklo hau antolatu den modu berean, bai euskarak eta baita berdintasunak ere eskatzen dutelako indarrak batzea, hori eta dela herritar guztiak gonbidatu eta animatzen ditut hitzaldi zikoan parte hartzera” adierazi du.

Tolosaldeko Asanblada Feministako kide Maddi Aranak azpimarratu duenez, “une interesgarria bizitzen ari gara bi mugimenduak Tolosaldean eta aukera paregabea eskaintzen digu honek bien arteko elkarguneak eraiki eta elikatzeko. Izan ere, Feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko elkargune eta harremanei buruz herritarrak hausnartzea da ziklo honen bidez dugun asmoa. Euskara eta Generoa batera baitoaz, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesuan bateratzen dira”. “Mugimendu bakoitzak bestearengandik zer jaso eta bien arteko aliantzak aztertzea interesgarria izango da etorkizunean euskaltzaletasunak eta feminismoak eskualdean dituzten desafioentzako” gaineratu du Aranak.

Galtzaundiko Haritz Azurmendik eman ditu egitarauaren xehetasunak: “Tolosaldea igaroko duen hitzaldi zikloa da antolatu duguna. Tolosan hasi eta Villabonan, Ibarran eta Amezketan izango dira saioak, berriro ere Tolosan amaituz”. Urriaren 15ean hasita, asteartero, 18:30etan, izango dira saioak azken saioa izan ezik. Hitzaldi zikloa borobiltzeko egingo den mahaingurua asteazkenean izango da, gainontzeko hitzaldien ordu berean.

EGITARAUA:

• Urriak 15, 18:30, TOLOSA. Udaletxeko pleno aretoa.

EUSKALTZALETASUN ETA FEMINISMOA, AHALDUNTZEKO ELKARGUNEA

Hizlariak: Idurre Eskisabel Larrañaga eta Lorea Agirre Dorronsoro.

• Urriak 22, 18:30, VILLABONA. Mintzola-Subijana Etxea.

EUSKARA ETA GENEROA GURUTZATZEN DIRENEAN

Hizlariak: Jaime Altuna Ramirez eta Jone Miren Hernandez Garcia.

• Urriak 29, 18:30, IBARRA. Kultur Etxea. EUSKARA ETA EMAKUMEAK, GENEALOGIA/BEGIRADA FEMINISTA BAT

Hizlaria: Saioa Iraola Urkiola.

• Azaroak 5, 18:30, AMEZKETA. Kultur Etxea.

GENEROA ETA HIZKUNTZEN ELKARGUNEA ERAIKITZEN

Hizlaria: Itziar Gandarias Goikoetxea.

• Azaroak 13, 18:30, TOLOSA. Kultur Etxea.

MUGIMENDU FEMINISTA ETA HIZKUNTZA PRAKTIKAK (Mahaingurua)

Moderatzailea: Eider Olazar Elduaien.

Parte hartzaileak: Petra Elser, Idurre Eskisabel Larrañaga, Tarana Karim eta Azpeitiko Emakumeen Txokoko ordezkari bat. Ondoren, sormen saioa: Uxue Alberdi Estibaritz eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak.

Euskararen eta feminismoaren arteko loturak eta harremanak aztertzeko benetan baliagarriak izango dira saioak eta horrexegatik, guztiak euskaraz izango badira ere, aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da saioetan. Haritz Azurmendik azaldu duenez, “bereziki azpimarratu nahi dugu hau, euskara ulertzen ez dutenak edo zailtasunak dituztenak ere saioetara gerturatu daitezen, bertan azalduko dena interesgarria baita bi mugimenduen inguruan jakin mina duen ororentzat”. Esan ere saio guztiak irekiak eta doakoak izango direla.


 

Fitxategiak: 
PDF icon Egitaraua

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA