- 2024-2025 ikasturteko aurrematrikulazioa zabalik dago euskaltegian, ekainaren 28ra bitarte.
- Udalak doakotasunerako pauso erabakigarria emango du datorren ikasturtean, eta B2 mailara arte matrikularen % 5 ordainduko dute ikasle tolosarrek.
Aitzol Udal Euskaltegian zabalik dago 2024-2025 ikasturterako aurrematrikulazio-garaia. Ikastaro-eskaintza zabala izango da datorren ikasturtean ere: maila guztietako ikastaroak eskainiko ditu Tolosako euskaltegi publikoak, hasiera-hasierako mailatik hasi eta mailarik aurreratueneraino (A1etik C2raino). Goizean eta arratsaldean, bietan izango dira eskolak aukeran. Eta, ikas-ereduari dagokionez, hiru sistema daude aukeran: aurrez aurreko eskolak; online autoikaskuntza; eta bien tarteko eredua, alegia, erdi eta erdi uztartzea aurrez aurreko saioak eta onlinekoak.
Aurrematrikula egiteko epea zabalik egongo da ekainaren 28ra arte. Hiru bide daude:
- Aurrematrikula egiteko fitxa betetzea, lotura honetan.
- Aitzol Udal Euskaltegiko bulegora joatea (Gorosabel eraikinean dago euskaltegia, Rondilla kaleko 34. zenbakian). Ordutegia: 09:00-14:00 eta 16:00-19:00 (ekainaren 25etik aurrera, goizez soilik)
- Aitzol Udal Euskaltegira deitzea, bulegoko ordutegian: 943 65 10 06.
Datorren ikasturtetik aurrera, eta euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko helburuz, erraztasun handiagoa izango dute tolosarrek, Tolosan erroldatuta daudenek, doakotasunerako pauso erabakigarria emango baitu Udalak: B2 mailara arte, matrikularen % 5 soilik ordainduko dute tolosarrek, eta, eskoletara joanez gero eta egoki jardunez gero, Udalak ordainduko du gainerako zatia (% 95).
Ikastaroei buruzko edozein zalantza argitzeko, telefonoz dei daiteke, edo mezu bat bidali helbide honetara: aitzolue@tolosa.eus.
Dirulaguntzen sistema berria
Tolosako Udalak joan den astean ezarri zituen 2024-2025 ikasturterako prezio publikoak, eta udal-euskaltegiaren kasuan hauek dira tarifak: aurrez aurreko eskoletan, orduko 1,35 euro; autoikaskuntzan, 2,42 euro orduko; eta jardun biko edo mistoan, 1,89 orduko. Segun zenbat ordu dituen ikastaro bakoitzak, horren araberakoa izango da matrikularen prezioa.
Ikasle tolosarrek ez dute matrikularen kostu osoa ordainduko, ordea. Izan ere, Udalaren dirulaguntza-sistemaren bidez, hasieratik izango dute beherapena, eta B2 mailara arte ia doakoa izango da: matrikularen % 5 ordainduko da A1, A2, B1 eta B2 mailetan. Adibidez: A2 mailako 300 orduko aurrez aurreko ikastaroa bada, prezio publikoa aplikatuta, 405 eurokoa da matrikula; baina ikasle tolosarrek % 5 ordainduko dute, hau da, 20,25 euro. Falta den zatia (adibidean, 384,75 euro) Udalak hartuko du bere gain, euskara-ikasleen dirulaguntzen bidez; horretarako, ikasturte amaieran eskaera-orria aurkeztu behar du ikasleak, eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu —baldintza nagusiak hauek dira: % 85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu egokia izatea; ez da eskatzen azterketak gainditzea—. Baldin eta ikasleak ez badu gutxieneko asistentzia bermatzen, alegia, ez bada eskoletara joaten, orduan bai, matrikula osoa pagatu behar du (adibidean, 405 euro).
Dirulaguntzen ehunekoa maila guztietan areagotuko da 2024-2025 ikasturtean: A1, A2, B1 eta B2 mailetan matrikula-kostuaren % 95 estaliko dute dirulaguntzek; C1 mailan, % 75; eta C2 mailan, % 50.
Aitzol Udal Euskaltegian ari diren ikasle tolosarren kasuan, dirulaguntza ikasturte hasieran aplikatzen da, eta, beraz, dirulaguntzak estaltzen ez duen zatia soilik ordaindu behar dute ikasle tolosarrek —betiere zehaztutako eskakizunak betetzeko baldintzapean; hala egin ezean, osorik ordaindu behar da gero—. Beste euskaltegi batzuetan ari diren tolosarrei ere neurri bereko dirulaguntzak emango dizkie Udalak; kasu horretan, matrikula osoa ordaindu behar dute lehenik, eta ikasturte amaieran eskatu dirulaguntzak, Udalak deialdia egitean.
Edozein kasutan, datorren astean argitaratuko da Tolosako Udalak eskaintzen dituen dirulaguntza desberdinen deialdia eta honen inguruko xehetasunak deialdiarekin batera zabalduko dira.