- Olatz Peon Ormazabal alkateak egin die harrera: “funtsezko da euskaldunaren aktibazioa, euskaraz bizi ez direnengana hurbiltzea. Euskararen erabilpenari ekarpena da euskarabentura”
- Laskorain ikastola dute aterpe eta Mattin Zeberio tolosarraren “Zortzi Yukon” film laburra ikusiko dute bihar, uztailak 18, Leidorren
- Hilabete batez 110 gazte euskara hitz egiten den lurraldeetan zehar dabiltza bertako kultur ondarea ezagutzeko eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin
- Argazki galeria amaieran
“Euskarabentura” espedizioa iritsi da Tolosara. Olatz Peon Ormazabal alkateak egin die harrera arratsaldeko 18:30etan Udaleko Areto Nagusian. Lehen aldiz ospatzen den ekimen honek uztailaren 1etik 31ra iraungo du. 16 eta 17 urte bitarteko 110 gazte ari dira parte hartzen, horietatik 7 tolosarrak.
Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Irati Labaien espedizioko partehartzaileak hartu dute hitza Udalean. Alkateak nabarmendu du euskara dela lokailu, “batzen gaituena”: “ezagutzen denetik euskalduna izan da Tolosa. Jakin dugu euskarari eusten, euskarari izen ona ematen, euskarazko lanak sortzen eta euskaltasuna bizirik eta indartsu mantentzen, oztopoak oztopo”. Azpimarratu du euskararen jakintza goruntz doala herrian: “herritarren %85ak badaki eta gaitasuna du euskaraz bizitzeko. Erabilpenean dago, ostera, gakoa. Galtzaundi elkartean egindako azken kale neurketak adierazi zuen: belaunaldi berrien euskara ezagutza gero eta handiagoa dela, baina erabilera ez dela handitzen neurri berean”. Horren aurrean, funtsezkotzat jo du euskaldunaren aktibazioa: “euskaraz bizi ez direnengana hurbiltzea. Euskararen erabilpenari ekarpena da euskarabentura, eguneroko abenturak ere euskaraz egitekoa”.
Laskorain ikastola izango dute aterpe, eta ekintzen artean, Mattin Zeberio tolosarraren “Zortzi Yukon” film laburra ikusiko dute bihar, uztailak 18, Leidorren. Hilabete honetan euskara hitz egiten den lurraldeetan zehar dabiltza bertako kultur ondarea ezagutzeko eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Balioetan oinarritutako hezkuntza, kultura eta abentura biltzen dituen programa bat da. Tolosan egonaldia egin ondoren, Hernaniruntz jarraituko dute.
Espedizioa oinez garatzen ari dira, Done Jakue bidea jarraituz. Egunero goizez 20 bat kilometro ibiltzen dira, eta arratsaldean ekintza ezberdinak gauzatzen dituzte, hala nola, tailerrak, museoetara bisitak, hitzaldiak, kirol-lehiaketak eta eztabaidak. Ekimen hau “Euskarabentura” elkarteak sustatu du, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko gazte boluntarioek osatutako talde batek, elkarte publiko eta pribatuen laguntzarekin batera. Lurraldeko ondare eta historia ezagutzeaz gain, partaideak gai ezberdinei buruzko formakuntza jasotzen ari dira, besteak beste, orientazioari eta astronomiari, bisitatutako lekuetako egoera soziolinguistikoari eta bertsogintzari buruzkoa.
Horrez gain, espedizioan zehar, taldeka sormen lan bat gauzatzen ari dira, egunez egun bizitzen eta ikasten ari direna biltzen duena, bai eta ibilbidearen amaieran taldeka emanaldi bat prestatu beharko dute ere. Proiektu honetan euskal kulturako pertsona ezagunen laguntza jasotzen ari dira, gai ezberdinei buruzko tailerrak ematen ari baitira.
Argazki galeria