-
Euskal hiztunak aktibatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea jadanik irekita dago.
-
Izena emateko 4 bide daude: euskaraldia.eus webgunearen bidez, Kultur Etxean, Galtzaundiren egoitzan, ostiral eta larunbatetan kalean jarriko diren mahai informatiboetan edota berehala eskuragarri egongo den telefono aplikazioaren bitartez.
-
Tolosako Udalak bat egin du Euskaraldiarekin eta arigune gisa izena eman du, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean udala euskara erabiltzeko gune babestua izan dadin.
Ireki da Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea. Jakina denez, euskal hiztunak aktibatzea du helburu Euskaraldiak, beraz, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek.
Euskaltzaleen Topaguneak eta euskararen lurralde guztietako erakunde publikoek bultzatzen dute egitasmo hau, eta, aurrekoan bezala, Tolosako Udalak bat egin du Euskaraldiarekin, tolosarrei bertan parte hartzeko dei zabala eginez.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala da, 16 urtetik gorako herritarrek euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:
-
Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dirabelarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa konpromisoan dago eta ez gaitasunean.
-
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti nahiz eta parekoak gazteleraz erantzun. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Izena emateko lau bide egongo dira:
-
euskaraldia.eus webgunearen bidez.
-
Kultur Etxean eta Galtzaundiren egoitzan (Nafarroa etorbidea 6) dauden izen-emate puntuetan.
-
Ostiraletan eta larunbatetan kalean jarriko diren mahai informatiboetan.
-
Berehala eskuragarri egongo den telefono aplikazioarekin azkenik.
Aurtengo berritasuna: ariguneak
Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.
Tolosaren kasuan, 80 entitatek sortu dituzte ariguneak momentuz. Herriko hainbat tipologiako taldeek eman dute izena: ikastetxeak, komertzioak, enpresak, elkarteak, kirol eta kultur taldeak… Guztira 374 arigune sortu dituzte Tolosako entitateek eta horri esker guztira 1.664 pertsonak hartuko dute parte Euskaraldian.
Eta besteak beste, Tolosako Udalak ere sortu ditu barne-ariguneak bere antolakuntza sailetan eta kanpo-ariguneak herritarrei begirako harrera guneetan, euskara erabiltzeko gune babestua izan dadin udala, euskararen erabilera indartzeko eta sustatzeko asmoz euskaraldiaren bigarren edizio honetan.