Euskararen erabilera Tolosako kaleetan: helduen artean dago erronka

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/27 | Euskara eta Hezkuntza
  • Azken neurketan euskaraz sumatu dira herritarren %47, aurreko urteetan baino ehuneko apalxeagoa. Jaitsiera helduetan eta adinekoetan gertatu da, ez gazteetan edo umeetan.

 

Hizkuntza bakoitza zenbat entzuten da Tolosako kaleetan? Azken neurketaren datuak eman dituzte Tolosako Udalak, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. 2025eko abenduan egin zuten azken behaketa, eta hau da emaitza nagusia: gaztelania entzun da gehien (%50), eta hiru puntura dago euskara (%47); beste hizkuntza batzuen erabilera %4koa da. Azken urteetako joera hautsi egin da, gaztelania entzun baita orain euskara baino gehixeago. Euskarak izandako jaitsiera helduekin eta adinekoekin dago lotua; umeen eta gazteen erabileran ez da galerarik izan.

2025eko neurketan 7.625 hiztunen jarduna behatu da, 2.931 elkarrizketatan. Bolumen handia da teknika horren funtsa: jende asko entzutea kalean hizketan. Tolosa aitzindaria izan zen era horretako behaketak egiten: 1985etik egiten da urtero. Horri esker, argazki zehatza du Tolosako kaleetan euskarak izan duen bilakaerari buruz. Eta argia da eboluzioa: 40 urtean 20 puntu inguru areagotu da euskararen erabilera. Aurrerapen hori umeen eta gazteen eskutik etorri da hein handian: haiek erabiltzen dute euskara gehien, alde nabarmenarekin.

Erabilera orokorra

Tolosako kaleetan gaztelania entzun da gehien 2025eko neurketan (%50), euskara baino hiru puntu gehiago (%47). Azken urteetan bilakaera positiboa izan du euskarak, batez beste % 51 inguruko erabilera, baina 2025eko neurketan aldatu egin da argazkia: gaztelaniaren erabilera izan da handixeagoa. Datozen urteetako neurketek berretsi beharko dute joera-aldaketa egiturazkoa ote den. Beste hizkuntza batzuen erabilera areagotu egin da: %4ko erabilera eman du neurketak. Jatorri atzerritarreko migrazioarekin lotuta dago erabilera hori.

Bilakaera ikuspegi zabalagoarekin aztertzen bada, igoera agerikoa izan da: 1985ean, lehen aldiz neurketa egin zenean, %29koa zen euskararen erabilera kalean; orain, %47koa. Aldaketa nabarmena gertatu da Tolosan: leku handia irabazi du euskarak. Baina horrek ez du esan nahi dena bideratua dagoenik, areago ikusita azken neurketan jaitsiera agertu dela.

Erabileraren bilakaerari dagokionez, kontuan hartu behar da erabileraren hazkundea etena dagoela Euskal Herrian. «Kaleko neurketek geldialdia erakusten dute azken urteetan, eta Tolosako datua bat dator Euskal Herriko joera orokorrekin. Ez da inkoherentea, hortaz. Baina bai ardura handiz heltzekoa», ohartarazi du Garbiñe Marzolek, Euskara zinegotziak.

Adinaren eragina

Joera argia da: zenbat eta gazteago, euskaraz gehiago. Tolosako kaleetan umeak aritzen dira euskaraz gehien (%74), eta adinekoak gutxien (%29). Diferentzia handia dago adin-taldearen arabera. Izatez, 2025eko neurketan izan den jaitsiera lotua dago helduekin eta adinekoekin: horien erabilera jaitsi da; umeen erabilerak gorantz jarraitzen du, eta gazteen erabilerak eutsi egin dio. Bilakaera historikoari erreparatuta, nabarmentzekoa da nolako aldaketak gertatu diren: 40 urtean ia bikoiztu egin da umeen erabilera, eta gazteena, hirukoiztu; helduen erabilera ere nabarmen hazi da, ia bikoiztu, eta adinekoen erabilera antzeko neurrian dago. Bestela esanda, 1980ko hamarkadan umeek eta adinekoek egiten zuten euskaraz gehien, antzeko neurrian, eta gazteek gutxien; orain, haurrek eta gazteek egiten dute gehien, asko hazita.

Adinaren araberako joera soziolinguistikoez ohartarazi du Galtzaundiko lehendakari Manex Urruzolak: «Askotan esaten denaren kontra, umeek eta gazteek egiten dute euskaraz gehien, eta haiek ari dira erabilera bultzatzen. 2025eko galera helduekin eta adinekoekin dago lotua: hor daukagu bereziki eragin beharra». Nabarmendu du umeen erabilera oso neurri altuetara iritsi dela, %75 ingurura. «Noraino bultza dezakete haurrek gehiago? Ez badugu lortzen helduengan eragitea, umeek ezingo dute askoz ekarpen handiagoa egin».

Haurren eragina

Izan ere, umeen eragina ez da soilik haien erabilera: ingurukoak euskaraz jartzeko joera ere badute. Hau da, umeak tarteko direnean, herritar nagusiek ere gehiago darabilte euskara. Aldea oso nabarmena da: haurrak tarteko diren solasaldien %77 euskarazkoak dira, eta haiek ez daudenean, %39. Umeen eragina nabari da neurraldietan ere: euskara gehien larunbat arratsaldean entzuten da, eta gutxien, asteazken goizean. Alegia, ume gehiago kalean dagoenean entzuten da euskara gehien; gutxien, umeak falta direnean.

Finean, tentuz erreparatu beharreko errealitatea erakutsi dute 2025eko neurketaren datuek. Marzol zinegotziak nabarmendu du lanean jarraitzeko dei izan behar dutela emaitza horiek: «Ezin gara erlaxatu. Azken hamarkadetan nabarmen egin dugu aurrera, Tolosan sendotu egin da euskararen egoera, baina oraindik badugu zertan eragin. Ilusioz eta determinazioz jarraitu behar dugu aurrera: orain arte egindako lanarekin iritsi gara honaino, eta, aurrera egiteko, pauso gehiago eman beharko ditugu. Elkarrekin eta elkarlanean». Udalak 2024an onartu zuen hamar urterako plan estrategikoa, eta hori garatzen ari dira lankidetzan Udala, Galtzaundi eta UEMA. Plan horren lehentasunetako bat da gaitasuna eta erabilera haztea.

Neurketaren emaitzak ikusita, helduetan eragin beharraz aritu da Urruzola, Galtzaundiko ordezkaria: «Umeei eta gazteei eskatu bakarrik ez, helduok hartu behar dugu ardura: umeak eta gazteak neurri handian ari dira euskaraz, eta bilakaera ona daramate; helduen artean ez gaude pareko egoeran. Helduoi dagokigu euskararen ateak gehiago zabaltzea».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA