Harategietan euskaraz eskatzea sustatzeko kanpaina martxan

Tolosako Udala
2023/09/20 | Euskara eta Hezkuntza

 

  • ‘Solomilloa edo azpizuna, eskatu nahi duzuna!’ kanpaina abiatu dute Ibarrako, Tolosako, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo harategiek, Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean.


‘Solomilloa edo azpizuna, eskatu nahi duzuna!’ baina eskatu ezazu euskaraz. Harategietan euskararen erabilera areagotzeko kanpaina aurkeztu du Galtzaundi Euskara Taldeak, eta bezeroen eta harakinen arteko harremanak euskaraz izatea du helburu. 

Amasa-Villabonako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo harategi guzti-guztiek hartu dute parte, eta euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute: bai saltokikoetako idatzietan, baita ahozkotasunean ere. Dagoeneko aldaketak egiten ari dira. 

Tolosako Udalak ere bat egin du kanpainarekin, eta Galtzaundirekin duen hitzarmenaren bidez, diruz-lagundu du. Hain zuzen, udalaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planean jasota dago kanpaina hau, baita iaz fruta-dendetan egindakoa ere. 

Euskara erabiltzeko harategia babesgune

Zenbait bezero euskara-maila hobetu nahian dabiltza, eta euskara erabiliz ikasten denez, garrantzitsua da eguneroko gauza txikiak euskaraz egitea. Hori dela-eta, harategiak euskararen babesgune ere izan daitezke, are gehiago harategietako langileen % 90 baino gehiago euskaldunak direla kontutan izanda.

Euskara praktikatzeko konfiantzazko komertzioak behar dituzte bezeroek, eta hala dakiten euskara hori erabiliko du, eta denborarekin hiztegia handitzen joango da.

Ahozkotasunaz gain, hizkuntza-paisaiak ere garrantzia dauka, bezeroa hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen baitu. Hori dela eta, izenak euskalduntzen joateko konpromisoa hartu dute harategiek, kanpaina honekin. Animalien zatien hiztegiak banatuko dira gaurtik aurrera, eta urriaren 2tik 21era harategi guztietan produktuak zozketatuko dira.

Informazio gehiago: https://www.galtzaundi.eus/harategien-kanpaina/