Atzo jakin genuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin dituela Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu. Hizkuntza ofizialen erabilera arautzen du dekretuak, Udal Legea garatuta. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak uztailean Udal Legeari buruz emandako epaiaren ostean, Dekretuaren aurka jo du orain Auzitegi Nagusiak.
Horren aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu Tolosako Udaleko EH Bilduren eta EAJ-PNVren udal-taldeek:
1. Kezkaz eta larritasunez hartu dugu euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako epai hau. Testuingurua ere kontuan hartu behar da: azkenaldian gisa bereko epai batzuk iritsi dira, eta guztietan berbera izan da norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat.
2. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die Tolosako Udalak urteotan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia honek oztopoa besterik ez dakar. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko.
3. Sententzia horiek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen die euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horien premia; bestetik, euskarak indarrik handiena duen lurralde-eremuei eragiten die, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa.
4. Tolosan aurrerabide handia egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du Tolosako Udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da Tolosako hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da.
5. Udalak, asmo hori garatu ahal izateko, ezinbestekoa du lege-orube sendoa. Hortaz, dei hau egin nahi diegu lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei: nork bere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoz hornitzeko.
6. Tolosako Udalbatzak bat egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolatutako manifestazioarekin, eta epai honek beste arrazoi bat jarri du protesta egiteko: euskararen aurkako oldarraldiak amaitu egin behar du. Parte hartzeko deia egin nahi dugu. Bide beretik, bat egiten dugu Galtzaundi Euskara Taldeak larunbaterako antolatu duen elkarretaratzearekin, eta tolosar guztiei dei egin nahi diegu parte har dezaten: larunbatean izango da, hilak 21, 12:00etan, Plaza Zaharrean.