Ikasgelak astegunetako ordutegi bera izango du asteburuetan ere

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/04/30 | Euskara eta Hezkuntza
  • 08:00etatik 21:00etara erabili ahal izango da aurrerantzean, erabiltzaileek egindako eskaerari jarraituz. 

Urtea joan da Tolosako Udalak ikasgela ireki zuenetik. Harrera ona izan du zerbitzuak: 155 herritarrek egin dute erabiltzeko eskaera. Ikasgela egunero dago irekita, baita asteburuetan ere, txartel bidezko sarbidea jarri baita. Hain justu, asteburuetan ordubete gehiagoz egongo da zabalik aurrerantzean: 08:00etatik 21:00etara. Astegunetako ordutegi bera izango du.

Erabiltzaileek eskatu dute aldaketa hori. Udalak inkesta bat egin du ikasgela erabiltzen duten herritarren artean, haien iritziak jasotzeko, eta, besteak beste, eskaera hori jaso da. Ikasgelari buruzko balorazio ona egin dute erabiltzaileek: batez beste, 7,6ko nota eman diote zerbitzuari. Inkestaren emaitzetan oinarrituta, asteburuetako ordutegia aldatzeaz gain, beste neurri bat ere hartu du Udalak: aulki berriak erosi ditu, denbora luzean aritzeko egokiagoak.

Ikasgelaren erabilera etengabea da, baina urte-garai batzuetan jende gehiago joan ohi da, bereziki azterketa-garaian. Hori ikusita, maiatzaren 2ko asteburutik aurrera, asteburuetan beste gela bat zabalduko da. Beraz, ohiko bi gelez gain, beste bat erabili ahal izango dute.

Ikasgela erabili ahal izateko, eskaera-orria aurkeztu behar da Udalean, eta txartela jaso —astegunetan, eraikina zabalik dagoenez, ez da txartela behar sartzeko, baina bai asteburuetan—. Bi bide daude: batetik, Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez, lotura honetan sartu, eta Online tramitazioa hasi aukeran klikatuta; bestetik, aurrez aurre egin daiteke eskaera, udaletxean eskaera-orria aurkeztuta. Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoak edo legezko tutoreak ere sinatu beharko dute eskaera.

Informazio gehiago jasotzeko, euskara@tolosa.eus helbidera idatz daiteke, edo, Udalera deitu ondoren (943 65 44 66), 350 luzapena hautatu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA