-
Eskaintza eta ordutegi aukera zabala, maila eta erritmo ezberdinekin: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak...
-
Matrikulazioa Aitzol Udal Euskaltegian bertan egin behar da: goizez 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara.
-
Tolosako alkate Olatz Peon Ormazabalek funtsezko erremintatzat jo du Euskaltegia herritarren euskalduntzerako eta “eragile guztiak elkarlanean tolosarrak euskarara erakarri behar ditugula Tolosa euskararen arnasgune izan dadin” esan du; horretarako euskaldun berriei erraztasunak ematea, dakitenen artean erabilera sustatzea, adibidez, gazteen eremu naturalean eraginez eta etorri berrientzako gida sustatzea ezinbestekoak direla nabarmendu du.
Martxan da Aitzol Udal Euskaltegia berriz ere. Eguneroko taldeak, asterokoak, maiztasun ezberdinetakoak, agiriak ateratzen laguntzeko taldeak, mintzamenean laguntzekoak... Ohiko eran, maila, erritmo eta ordutegi ezberdinak eskura, baita diru-laguntzak ere.
“Euskarekin match!” aukeratu dute aurtengo lelo gisa, herritarrek euskararekin bat egin, elkartu, euskaraz bizi eta euskaraz biziarazteko. Izan ere, gero eta gehiago dira euskaraz egiten dakitenak, baina batzuk zaila dute euskaraz bizitzea, horregatik, euskaltegien helburua da ez dakitenei erakustea, baina baita dakitenei aktibatzen laguntzea ere.
Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Axun Lopetegi Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak eskaini dute prentsa agerraldia. Alkateak adierazi duenez “herritarrak euskalduntzeko funtsezko erreminta da Aitzol Udal Euskaltegia eta Udalari dagokio herritarrei euskara ikasteko erraztasunak ematea Tolosa gero eta herri euskaldunagoa izan dadin, horretarako euskara ikasteko diru-laguntzak eskaintzen ditugu euskaltegian bertan edota beste zentro batzuetan herritarrek euskara ikasi dezaten”.
Izan ere, oraindik ere, erabileraren sustapenean jarri beharra dagoela indarra eta bidea dagoela oraindik egiteko nabarmendu du Olatz Peon Ormazabalek. “Tolosaldeako Euskararen Mahaiak lagunduko digu bide hori egiten eta elkarlanean lortuko dugu Tolosa euskararen arnasgunea izatea; eragile guztien artean herritarrak euskarara erakarri behar ditugu, euskara erabil dezaten sustatu, horretarako, euskaldun berriei erraztasunak eman behar dizkiegu, gazteen kasuan beren espazio naturaletan eraginez, aisialdian eta kirolean esaterako eta etorri berrientzat harrera programak garatuz, euskara integraziorako baliabide eta bide izan dadin”.
Axun Lopetegik gogorarazi du 16 urtetik gorako edonork izen eman dezakeela Euskaltegian: kanpotarrek, jubilatu berriek, merkataritza langileek, agiri ofizialak lortu nahi dituztenek... Iazko datuak ere nabarmendu ditu: “aurreko ikasturtean oso emaitza onak izan genituen, 267 ikaslek eman zuten izena eta 17 talde osatu genituen eta 84 ikasle aritu ziren autoikaskuntzan; horietatik, batez beste, %80ak lortu zuen zegokion agiria; arrazoia: prestatuak daudela ikusten ditugunean bideratzen ditugula”.
Lopetegik azaldu du dagoeneko EGA agiria kendu egin dutela eta HABEk hartu duela bere gain, beraz, aurrerantzean C1 izango da eta azterketa egiteko, maila honetan, bi deialdi egingo dira.
Matrikulazioa, ikasle kopurua eta diru-laguntzak:
Matrikulazio epea zabalik dago jada (irailak 20ra arte) eta herritarrak eta euskara ikasi nahi duen oro animatu dute izen ematera. Aurreko ikasturtea aztertuaz eskaintza berdina mantendu da, zenbait berrikuntzekin:
-
Eskaintza eta ordutegi aukera zabala, maila eta erritmo ezberdinekin. Baldintza bakarra da 8 lagun izatea gutxienez taldeko.
-
Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak...
-
Mailak egiaztatzeko azterketa ofizialak: oinarrizko erabiltzailearena, A1 (Hasierakoa) eta A2 (Oinarrizkoa); aurreratuarena, B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) eta adituarena, C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena).
-
C2 mailari dagokionez, orain arte, aurrez aurreko modulua besterik ez da eskaini, aurten autoikaskuntzako aukera ere izango da.
-
Eskolez gain: mintzalaguna egitasmoa eta Euskaraldia.
Diru-laguntzak:
-
Udalek esfortzu handia egiten dute eta Tolosako Udalaren kasuan, esterako, bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko diru-laguntza ematen die. C1ekoi %50 eta C2koei %25, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira.
-
HABEk ere diru-laguntzak eskaintzen ditu ikasleak mailaren bat egiaztatzen badu.
Edozein zalantza argitzeko Aitzol Udal Euskaltegira jo daiteke (Rondilla kalea 34-B 3 a), goizeko 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara; 943 65 10 06 telefonora deitu; edota aitzolue@tolosa.eus-era idatzi. Informazio guztia eskuragarri dago www.tolosa.eus -en.