Irailaren 21era bitarte matrikulatu daiteke Aitzol Udal Euskaltegian

Tolosako Udala
2018/09/12 | Euskara eta Hezkuntza
  • Eskaintza eta ordutegi aukera zabala, maila eta erritmo ezberdinekin: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak...
  • Matrikula Aitzol Udal Euskaltegian bertan egin behar da: goizez 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.
  • Euskaltegien papera oso garrantzitsutzat jo du Tolosako alkate Olatz Peon Ormazabalek euskararen mantentze eta hedapenean: “erabileran jarriko dugu fokua ikasturte honetan Mintzalaguna egitasmorekin edota Euskaraldiarekin. Ikasi, tituluak atera bai, baina egunerokotasunean euskara ahoan izatea zein ederra den plazaratuko dugu. Euskalduna aktibatu”.

Martxan da Aitzol Udal ‪Euskaltegia‬ berriz ere. Eguneroko taldeak, astea maiztasun ezberdinetakoak, EGA zein beste agiriak ateratzen laguntzeko taldeak, mintzamenean laguntzeko... Ohiko eran, maila, erritmo eta ordutegi guztiak eskura. Ikasturte berriaren leloarekin bat garatuko dituzte ekimenak, 'Aspaldiko! Euskara berriro zure bizitzan', alkateak esan moduan “euskaldunen aktibazioa sustatuz”.

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Axun Lopetegi Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak eskaini dute prentsa agerraldia. Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du ikasturte “oparoa” izan dela atzean utzi duguna: “244 ikasle eta guztira 15 talderen osaketarekin; horietatik 92 autoikaskuntzan. Titulazioetan ere datuak oso onak izan dira, %80ak lortu baitu azterketak gainditu eta maila ematea”. Alkateak azaldu duenez aurtengoan ere aurreikuspen “onak” dituzte eskuartean: “iazko 144 ikaslek jarraitzea erabaki dute eta oraingoz, beste 40 bat ikasle berrik eman dute izena; beraz, aurreikuspena da iaz adina ikasleren bueltan ibiltzea, jakinda matrikulazio epea irailaren 21era bitarte dagoela zabalik”.

Euskaraz bizitzearen bermea oinarrizko da Tolosako Udalarentzat Olatz Peon Ormazabalen esanetan, eta horri erantzunaz, Udaleko Euskara eta Hezkuntza departamentuak dituen baliabideen zati handi bat Aitzol Udal Euskaltegiaren jardunera bideratzen da: “euskaraz ikasteko diru laguntza ugari ere eskaintzen dira, bai Aitzol Udal Euskaltegian ikasteko eta baita beste zentro homologatu batean egiteko ere. Euskaltegien papera oso garrantzitsua da euskararen mantentze eta hedapenean, herritarrak euskalduntzea izanik beren lana. Eta ez Tolosan bakarrik, Aitzol Udal Euskaltegiak eskualde osoari ematen baitio zerbitzua”.

Olatz Peon Ormazabalek nabarmendu du orain “euskara jakitetik erabiltzera” egin behar dugula salto: “Inoiz baino hedatuagoa dago euskararen jakintza, geroz eta jende gehiagok euskaraz badaki, baina ez da erabiltzen”. Euskararen ezagutza %75,7koa bada ere Tolosaldean, erabilera %44era jaisten da Galtzaundi Euskara Elkarteak iaz burututako kale neurketaren arabera. Kontsonantzian, jakintza hedatuen haurrengan dago, eta aldiz, helduengan gutxien. “Erabileran jarriko dugu fokua, beraz, ikasturte honetan Mintzalaguna egitasmorekin edota Euskaraldiarekin. Ikasi, tituluak atera bai, baina egunerokotasunean euskara ahoan izatea zein ederra den plazaratuko dugu”.

Tolosako Euskaltegiko zuzendari Axun Lopetegik iazko datuak nabarmendu ditu: “titulazioari dagokionez, C1 edo EGA eta B2 maila azterketara aurkeztutakoen %75ak lortu zuen; B1-a %80ak; eta A2 eta A1 aurkeztutakoen %100ak. HABEk ematen duen diru-laguntza jasoko dute ikasle horiek”.

Matrikulazio epea zabalik dago, eta herritarrak eta euskara ikasi nahi duen oro animatu dute izen ematera. Aurreko ikasturtea aztertuaz eskaintza berdina mantendu da:

  • Eskaintza eta ordutegi aukera zabala, maila eta erritmo ezberdinekin. Baldintza bakarra da 8 lagun izatea gutxienez taldeko.
  • Aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak...
  • Mailak egiaztatzeko azterketa ofizialak: oinarrizko erabiltzailearena, A1 (Hasierakoa) eta A2 (Oinarrizkoa) biltzen dituena; aurreratuarena, B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) bere baitan hartzen dituena; eta adituarena, C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailez osaturik dagoena.
  • Diru-laguntzak: %25, %50 eta %75 aurrez aurrekoei, kasuak kasu, eta % 75 autoikaskuntzakoei, betiere baldintzak betez gero.

Informazio guztia eskuragarri dago www.tolosa.eus -en.

Edozein zalantza argitzeko Aitzol Udal Euskaltegira jo daiteke (Rondilla kalea 34-B 3 a), goizeko 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara; 943 65 10 06 telefonora deitu; edota aitzolue@tolosa.eus-era idatzi.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA