Irailaren 22ra arte matrikulatu daiteke Aitzol Udal Euskaltegian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/09/09 | Euskara eta Hezkuntza
  • Eskaintza eta ordutegi aukera zabala aurten ere, maila ezberdinetara moldatuta: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, titulu ofizial guztien prestakuntza, etorkinentzako ikastaro bereziak...

  • Matrikula egin daiteke telefonoz (943 65 10 06), e-postaz (aitzolue@tolosa.eus, edo Aitzol Udal Euskaltegian bertan aurrez aurre: goizez 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.

  • Olatz Peon alkateak adierazi duenez, “ziurgabetasun egoera honetan ere, euskararen irakaspenarekin dugun konpromisoari eutsiz, ikasturte berriari ekingo dio Euskaltegiak, herritarrei euskara ikasteko eskubidea bermatu behar diegulako. Eskolak modu seguruan emateko beharrezkoak diren babes neurri guztiak hartu dira.”

 

Aurten ere ikasturte berriari ekingo dio Aitzol Udal Euskaltegiak, eta matrikulazio epea zabalik dago irailaren 22ra bitarte. Aurten “euskaraz hasi, euskaraz hazi, euskaraz bizi, zure bizitza euskarazi” lelopean ekingo zaio ikasturteari, beharrezkoak diren babes eta segurtasun neurri guztiak hartuta.

Prentsa agerraldian egon dira Olatz Peon Ormazabal alkatea eta Maixabel Zubillaga, euskaltegiko zuzendaria. Alkateak adierazi du azken 34 urtetan euskararen erabilerak “20 puntu” egin duela gora Tolosan. “100 urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun da Tolosan, gaztelera baino”, azpimarratu du, “hein handi batean euskararen normalizazioaren alde eta herritarrak euskalduntzeko erakunde, ikastetxe zein euskaltegiek egindako lanari zor diegu. Erronkak ditugu aurrean eta lanean jarraituko dugu euskararen erabilera kalean zein etxean indartzeko”.

Euskaltegiko zuzendariaren hitzetan, “ez ohiko ikasturtea izango dela aurreikusten dugu euskaltegiok, eta, ondorioz, eskoletan egoteko eta euskara ikasteko modu berrietara egokitu behar dugu”. Dena den, berretsi duenez, “euskaltegiok prest gaude egoerak eskatzen duen modura egokitzeko, eta, batez ere, ezin dugu egoera honetan euskara ikastea bigarren mailan utzi”.

 

Euskara ikasteko laguntzak

Udaleko Euskara eta Hezkuntza departamentuak dituen baliabideen zati handi bat Aitzol Udal Euskaltegiaren jardunera bideratzen da: Tolosako Udalak bertan erroldatutakoei B2 maila bitartean %75eko diru laguntza ematen die, C1ekoei %50ekoa eta C2koei %25ekoa. Tolosako euskaltegiak, Tolosan ez ezik, Tolosako hainbat auzotan eta eskualdeko herri txikitan ere izan ditu taldeak, hala nola, Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun, Larraulen, etab. Aurten hori mantentzeaz gain, lehenengo aldiz, Tolosaldeko Euskararen Mahaitik sortutako elkarlanaren ondorioz, Peñaskal fundazioan ere eskolak emango ditu, gazte etorkinak euskalduntze bidean jartzeko.

 

Matrikulazio epea zabalik

16 urtetik gorako edonork eman dezake izena: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, gurasoek, jubilatu berriek, merkataritzako langileek, zenbait kolektibok… Ordutegi zabala eskaintzen du euskaltegiak, ikasleen egoeretara moldatzeko: astean 10 ordu, 8 ordu, 6 ordu eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak goizean goiz hasi eta iluntzera arte. A1etik hasi eta C2 maila bitartean agiri ofiziala nahi duen edonork eman dezake izena, eta taldea osatzeko gutxienez 7 lagun behar dira aurten. Gainera, aurrez aurreko eskolez gain, autoikaskuntza egiteko aukera ere badago.

Matrikula egin daiteke telefonoz (943 65 10 06), e-postaz (aitzolue@tolosa.eus) edo Aitzol Udal Euskaltegian bertan aurrez aurre: goizez 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA